EAEko lurralde antolaketarako gidalerroak berritzerakoan kontuan hartzeko proposamenak dira, euskararen normalizazioa aintzat hartuz; besteak beste, euskararen arnasguneak babesteko eta garatzeko. EHUko bi aditu aholkulariren ekarpenekin osatu dituzte proposamenak UEMAk eta Kontseiluak. Lurraldea eta Hizkuntza jardunaldiak antolatu dituzte bi eragileek elkarlanean azken hiru urteotan eta bertan jasotako emaitzak txertatu dituzte orain egindako proposamenean. Ildo horretan egin zen Eragin Linguistikoa Ebaluatzeko (ELE) tresna eta oraingoa norabide berean urrats berria da.
[EHUko Arkitektura Saileko eta UEUko kidea den Unai Fernandez de Betoño, Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbao eta UEMAko lehendakari Josu LAbaka, gaur goizean, Gasteizen, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailarekin egindako bilerara sartu aurretik].
Eusko Jaurlaritzak datorren legegintzaldian onartu nahi ditu EAEko lurralde antolaketarako gidalerro berriak. Ana Oregi Ingurumen sailburuak jakinarazi zuen 2015eko azaroan hasitako prozesua 2018ra arte luzatuko dela, tarte horretan eragile askoren proposamenak entzun ahal izateko. Erronda horren baitan, gaur UEMArekin eta Kontseiluarekin bilera izan du Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak, eta bertan hainbat proposamen egin dituzte bi erakundeek, lurralde antolaketak euskaran duen eragina kontuan hartuta.
Euskararen arnasguneak indartu, garatu eta aintzat hartzeko proposamen hauek, EHUko bi aditu aholkulariren ekarpenak biltzen dituzte: Unai Fernandez de Betoñorenak (EHUko Arkitektura Saila eta UEUko kidea) eta Iñigo Urrutiarenak (EHUko Administrazio Zuzenbidea, Konstituzio Zuzenbidea eta Zuzenbidearen Filosofia Saila) zehazki. Unai Fernandez de Betoño, gainera, UEMAk eta Kontseiluak Eusko Jaurlaritzarekin Lakuan izan duten bileran izan da gaur, UEMAko lehendakari Josu Labakarekin eta Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaorekin batera.
UEMAren, Kontseiluaren eta bi aditu aholkularien proposamena bateragarria eta osagarria da lurralde antolaketarako gidalerroak berritzeko Oinarrizko Dokumentuarekin. Zortzi puntuz osatutako lana da eta besteak beste, honako gaiak jasotzen ditu:
Euskararen arnasguneen kontzeptua gehiago garatzea. Bestetik, garapen orekatua bultzatzea, prebentzio neurrien (ELE, adibidez) edo neurri zuzentzaileen bidez, hizkuntza-dinamikak kaltetzeko arriskua duten egitasmoei mugak jartzeko aukera emanez. Egoitza-kuantifikazioa egiten denean, euskararen lurgune bereziak babesteko eta zabaltzeko ezinbestekoa da, beraz, horiek kontuan hartuko dituen araubide zehatza osatzea. Eta, euskaldunen dentsitatea babesteko eta berezitasun geografikoetan hobeto sakontzeko, Euskararen Lurralde Plan Sektoriala ere garatu beharko litzateke berandu baino lehen, euskararen eta lurraldearen inguruko politikak erkidego osoaren eskalan zehatzago hausnartuz eta bideratuz.
# Proposamenaren txostena, osorik, hemen:
· EAEko Lurralde Antolaketarako Gidalerro berrietan euskara-ikuspegia txertatzeko proposamena (PDFa).
Gai honi buruzko informazio osagarria:
· Euskararen arnasguneak indartu eta garatzeko proposamenak aurkeztu dizkiote UEMAk eta Kontseiluak Eusko Jaurlaritzari (europapress.es, 2016-09-14).
· Lurralde Antolaketarako Gidalerroetan hizkuntza normalizaziorako proposamenak aurkeztu dituzte UEMAk eta Kontseiluak (kontseilua.eus, 2016-09-14).
· Lurralde antolaketarako gidalerroetan hizkuntza normaltzeko proposamenak aurkeztu dituzte UEMAk eta Kontseiluak (berria.eus, 2016-09-14).
· Lurraldea Antolatzeko Gidalerroetan euskara indartzeko proposamena (Gara, 2016-09-15).
· Euskerearen arnasguneak indartzeko proposamenak egin deutsez UEMAk eta Kontseiluak Jaurlaritzeari (bizkaie.biz, 2016-09-15).