[Aurreko ikasturteko kanpaina arrakastatsua izan zen hainbat herri txikitan. Berriatuan, esaterako, euskara ikasten hasi ziren 28 lagun, hainbat taldetan banatuta. Argazkia: Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza].
Irailarekin batera heldu da aurten ere euskaltegietako matrikulazio kanpaina, eta kanpainarekin bat egingo du aurten ere UEMAk, udalerrien euskalduntze osoa lortzeko bidean euskaltegien lana funtsezkoa dela iritzita. Izan ere, etorri-berrien formazioan ez ezik, aspaldidanik gure artean bizi diren baina oraindik euskararik ez dakitenen alfabetatzean ere nabarmen eragiten dute euskaltegiek. Herri txiki askotan, ordea, ez dago euskaltegirik, eta herri horietako biztanleek alboko herri handiagoetara joan behar izaten dute euskara ikastera.
Horren aurrean, aurten ere bi eratako laguntza eskainiko du UEMAk herri txikietan. Batetik, herrian bertan ikasle taldeak sortzeko koordinazio-lana egingo du, beti ere eskualdeko euskaltegiekin elkarlanean. Bestetik, diru-laguntzak jasotzeko arautegi, ordenantza eta antzekoen inguruko aholkularitza ere emango die udalei.
Urrats hauekin, herri txikien garapenean ere eragin nahi da, bertako biztanleek zerbitzua herrian bertan izan dezaten ahaleginduz eta herri txikiak bizirik mantentzeko lan eginez.
Era berean, euskalduntzeari ere ekarpena egiten dio, euskaltegien matrikulazio kanpainaren garrantzia nabarmenduz eta ikasle gehiago lortzen ahaleginduz.
Euskaltegirik ez duen herri txikiren batean bizi eta euskara ikasi nahi izanez gero, udalera jo beharko du herritarrak, eta ondoren UEMAk koordinatuko du herri horretan ikasle-taldea sortzeko egin beharrekoa, bai udalarekin eta bai eskualdeko euskaltegiekin.