Hasiera » epaitegiak » Udalak UEMAra sartzeagatik jarritako salaketak erretiratu ditu Espainiako Gobernu Ordezkaritzak

Udalak UEMAra sartzeagatik jarritako salaketak erretiratu ditu Espainiako Gobernu Ordezkaritzak

Udalerri euskaldunek aktak euskara hutsean igortzeagatik bezala, euskara sustatzeko neurriak hartzeagatik ere epaitegietara eraman izan ditu azken urteotan eta hilabeteotan Espainiako Gobernu Ordezkaritzak UEMAko zenbait udal. 

Zehazki, UEMAn sartzeko erabakiaren aurka jo izan du azken hilabeteotan Carlos Urkijok, Zerain, Berastegi, Ea eta Dimako udalak salatuz eta epaitegietara joz.

Photo 28-5-16 10 39 14[Udalak UEMAra sartzeko erabakia eraman izan du hainbat kasutan Espainiak epaitegietara, udalek horretarako ekimenik ez dutela argudiatuta].

Salaketa guztiak EAEko Udal Legea onartu aurrekoak ziren. Apirilaren 15az geroztik indarrean den EAEko Udal Legeak, ordea, hizkuntza politika garatzeko eskumena ematen die udalei, eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean sartzeko aukera legez babesten du. Izan ere, euskara sustatzeko beste erakundeekin elkarlanean aritzea edota euskara sustatzeko mankomunitateak, elkarteak edo partzuergoak eratzea ahalbideratzen du lege berriak.

Lege hau onartu eta aste apur batzuk igaro direnean, eta EAEko Auzitegi Nagusiak ere udalerri euskaldunek aktak euskara hutsean bidaltzearen aldeko behin betiko epai irmoa eman ostean, Espainiako Gobernu Ordezkaritza erretiratzen hasi da udalerri euskaldunak UEMAn sartzearen aurka jarritako salaketak. Gai honen harira epaitegietan lau udalek zituzten auziak zabalik: Zerainek, Berastegik, Eak eta Dimak. Hauetatik hiruk, Zerainek, Eak eta Dimak, azken egunotan jaso dute epaitegitik jakinarazpena, Carlos Urkijok salaketak erretiratzen dituela eta auziak bertan behera geratzen direla nabarmenduz. Bai udalerri euskaldunen abokatuek eta bai Berastegiko Udalak ere hurrengo egunotarako espero dute azken jakinarazpena, ildo beretik.

Gai honi buruzko informazio osagarria:
· Udalak UEMAra sartzeagatik jarritako salaketak erretiratu ditu Urkijok (berria.eus, 2016-06-15).
· Udalak UEMAn sartzeagatik jarritako salaketak kendu egin ditu Urquijok (eitb.eus, 2016-06-16).
· Urquijo retira las denuncias por la entrada de los consistorios en UEMA (eitb.eus, 2016-06-16).
· Udal Legeak euskararen inguruan bildu dituen hainbat artikulu, arnasguneen zaintzarako UEMAk egindako bidearen eta lanaren isla dira (uema.eus, 2016-04-19).

 

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.