Hasiera » Administrazioa » Errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpainan, elkarlanaren garrantzia nabarmendu du Bermeoko Udalak

Errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpainan, elkarlanaren garrantzia nabarmendu du Bermeoko Udalak

Errenta aitorpena euskaraz 2016[ testua eta argazkia: Bermeoko Udala, Euskara Zerbitzua ].

Herritarrek errenta aitorpena euskaraz egiteko aukerak zabaltzeko elkarlanean ari dira aurten ere Bermeoko Udala eta lau banketxe eta aholkularitza bat. Elkarlanaren bidez, entitate horiek errenta aitorpena euskaraz egiteko erraztasunak ematen dizkie euren bezeroei  eta honekin  “beste pauso garrantzitsu bat” ematen da, izan ere, entitate “hauek euskararekin duten konpromisoaren adierazlea da”, azpimarratu du Juan Karlos Agirrek, Euskara Saileko zinegotziak.

Agirrek adierazpen hauek egin ditu gaur egindako prentsaurrekoan. Bertan, berarekin batera izan dira Maite Alvarez, Euskara teknikaria, Iñaki Kanalaetxebarria, Caixa Bank-eko zuzendaria, José Ramón Renteria, Laboral Kutxako zuzendaria, Patxi Baños Kutxabankeko zuzendaria eta Oskar Gangoiti Torrealday Aholkularitzako ordezkaria.

Aurtengo kanpainaren erdian gauden honetan prentsaren aurrean azaldu nahi izan dute orain arte egindako lana eta horren balorazioa egiteko eta ekainaren 30era arte epea dagoenez gero, oraindik aitorpena egin ez duten herritarrei horren aldeko mezua emateko.

Alvarezek azaldu duenez, Bermeon aurreko urteetan, bide guztiak kontuan izanda, oro har, aitorpenen %7 egin izan da euskaraz eta “kopuru hori nabarmen hobetzen da Udalaren eta entitateen arteko elkarlanari esker”. Hori horrela dela egiaztatzen dute aurtengo datuek, izan ere, lau banketxeetan eta aholkularitzan orain arte egin diren errenta aitorpen guztien %20 inguru bataz beste euskaraz egin direla nabarmendu du.

Aurtengo kanpainaren berri emateko etxerik etxe banatu den eskuko orrian, Alvarezek esan duenez, “aitorpenean erabiltzen diren hainbat berba eta kontzeptu txertatu dira, herritarrari errazago egin dakion sarri ulergaitza den terminologia ulertzea eta baliabide hori aproposa da horrelako dokumentuen aurrean izaten den ikarari aurre egiteko”.

Horrez gain, Agirrek banketxe eta aholkularitza zerbitzuari euskararekiko erakusten ari diren “konpromisoa” eskertu die, kanpaina honetan parte hartuz “euskararen presentzia alor honetan indartzen laguntzen dutelako”.

Finantza entitate eta aholkularitzako ordezkariek hitza hartu dute eta elkarlan honen balioa azpimarratu dute. Udalarekin batera jarduteak “indartu egiten du  gure bezeroei errenta aitorpena euskaraz egiteko ematen diegun aukera, eta urtetik urtera hobetzen diren emaitzak lortzen ari garela ikusten dugu. Lehen berba euskaraz egiten dugu, elkarrizketa, ahal den guztietan euskaraz izaten da eta azkenik, dokumentua euskaraz ateratzeko aukera eskaintzen diogu herritarrari eta horrek guztiak, arlo honetan euskara normaltasunez erabiltzeko joera indartzen du”. Azpimarratu dute era berean “gazteek dutela honetan abantaila handiena, nagusienen aldean, hizkuntza maila horren ulermena handiagoa dutelako”.

Horrela, bai Udala zein finantza entitateak eta aholkularitza “hasitako elkarlan honekin jarraitzeko” prest agertu dira. Azkenez, gogoratu dutenez, “oraindik errenta aitorpenaren kanpainaren erdian gaude eta errenta aitorpena egin ez duten herritarrek euskaraz egin dezaten jarraituko dugu lanean, agenteak horretan laguntzeko prest daude eta”.

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.