Oiartzungo Udalak herriko enpresa txiki eta ertainetan (50 langile baino gutxiago dituztenak) euskararen erabilera areagotzeko egitasmoa martxan jarriko du, Lanin izenekoa.
[ Testua eta argazkia: Oiartzungo Udala].
Ostegun honetan, maiatzaren 19an, egitasmoaren aurkezpen irekia egingo da Elorsoro kiroldegiko bilera gelan, 19:00etan. Zehazki, honakoa da egitaraua:
· 19:00-19:10 Jesus Leonet Elizegi (Oiartzungo Alkatea).
· 19:10-19:20 Mikel Irizar Intxausti (Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza berdintasuneko zuzendaria).
· 19:20-19:50 Mikel Urdangarin Montero (AHIZE-AEK hizkuntza aholkularitza), Hizkuntza kudeaketa enpresan hitzaldia.
· 19:50-20:00 Aitziber Arnaiz Garmendia (Euskara teknikaria) eta Ioritz Aizpuru Lopez (Euskara zinegotzia), LANIN EGITASMOAren aurkezpena.
· 20:00-20:30 Galdera eta iritzi trukea.
Enpresa txikiak (enpresari zein langileak), euskalgintza eta gaian interesa duen edozein herritar dago aurkezpenera gonbidatua.
Urrian, emaitzak erakutsiko dira
Helburua egun enpresetan euskararen presentziak eta erabilerak duen egoera ezagutu, beharrak zehaztu eta datozen hiru urtetarako plana diseinatzea da. Horretarako, Udalak AEK-ren Ahize hizkuntza aholkularitzako teknikarien laguntza izango du.
Sei hilabeteko prozesua izango da hau. Tarte honetan, Udala zuzenean ariko da herriko enpresari txikiekin lanean (lagin bat aukeratuta), baita euskalgintzarekin ere.
Urrian bukatuko da prozesua eta emaitzak ere bilera ireki baten bidez aurkeztuko dira.
500 enpresa txiki daude Oiartzunen
Oiartzunen 50 langile baino gutxiago dituzten 500 enpresa baino gehiago daude. Hauek lan-munduan duten pisua ez da hutsaren hurrengoa, egiten duten lana garrantzitsua delako eta 3.000 pertsona baino gehiago ari direlako enpresa horietan lanean.
Orain arte, enpresa handiekin lan egin da euskararen normalizazioa bultzatzeko, baita merkatari zein ostalariekin ere. Udalaren ustez, hala ere, lan-mundua euskalduntzeko funtsezkoa da enpresa txikiekin ere lan egitea. Izan ere, egitasmo hau eurekin batera diseinatu eta planteatuko da, ematen diren urratsak errealak izan daitezen.
Gai honi buruzko informazio osagarria:
· Enpresa txiki eta ertainetan euskara sustatzeko abiaraziko dute Lanin egitasmoa (Oarsoaldeko Hitza, 2016-05-12).
· Lanin, enpresa ttikiak euskalduntzeko egitasmoa aurkeztuko da Oiartzunen (El Diario Vasco, 2016-05-13).
· Lanin, enpresa ttikiak euskalduntzeko egitasmoa aurkeztuko da datorren astean (oiartzun.eus, 2016-05-12).