Hasiera » UEMA » Antton Iztueta: “UEMA bide urratzailea izan da”

Antton Iztueta: “UEMA bide urratzailea izan da”

Antton Iztueta, UEMAko lehen lehendakaria (1991-1995)

p003_f03[ Antton Iztueta 1991-1995 urteen artean izan zen UEMAko lehendakaria, Altzoko zinegotzia eta udal ordezkaria zenean ].

Nola gogoratzen dituzu lehen urrats haiek?

Gure udalerriak euskaldunak ziren, baina udalak erdaraz aritzen ziren. Guk, ordea, euskaraz bizi nahi genuen eta eskubide hark bazuen instituzionalizazioaren beharra. Horrela hasi ginen lehenengo urratsak ematen eta biltzen, Aizarnazabalen. Halako batean, udalek euskaraz aritzeko erakutsi genuen asmo hari forma legala eta instituzionala eman behar geniola ikusi genuen, eta hortik sortu zen UEMA.

Lehenengo urte haietan bidaia ugari egin behar izan genituen harremanak zabaltzearren. Bai udalekin, bai gobernuarekin, alderdi politikoekin, eta abar. Indar abertzaleen artean konfrontazio handi samarra zegoen garai hartan, eta elkar hurbiltzeko ahalegina egin behar izan genuen. Ez zen erraza izan. Alderdi espainolistek, berriz, ez zuten gurekin biltzeko borondaterik ere erakutsi. Zailtasunak eta trabak hasieratik izan ziren, beraz. Estatua ere gure kontra hasi zen, egiten genituenak ezin genituela egin esanez, gaur egun ere oraindik erabiltzen dituen argudio berdinekin. Baina guk aurrera egitea erabaki genuen, eta bidea eginez joan ginen.

25 urte geroago, zer nabarmenduko zenuke UEMAk herri honi egin dion ekarpenetik?

UEMAk gazteleraz bizitzearen inertziatik atera ditu udalerri euskaldunak. Erakutsi digu gure hizkuntza normaltasunez erabili behar dugula, hizkuntza gutxitua dela, eta gainetik kendu behar ditugula inertziak eta lotsak. Gu ere bagarela nor. Euskaldunak garela. Bide horretan, UEMA laguntzailea eta bide urratzailea izan da.

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.