Pasa den ostiralean (urtarrilak 29) egin zuen urtarrileko udalbatzarra Dimako Udalak, eta aztergaien artean izan zuten Udal Gobernuaren proposamena: Dima UEMAra sartzeko eskaera egitea. EH Bilduren aldeko 5 botorekin eta EAJren hiru abstentziorekin hartu zuten erabakia.
Behin Dimako Udalak erabakia hartuta, UEMAra bideratuko dute eskaria, eta honek maiatzaren 28an Leitzan egitea aurreikusita daukan hurrengo batzar nagusian onartuko ditu eskaera berriak. Gaur egun, 73 udalek osatzen dute Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea.
Dima Arratialdeko herri euskalduna da. 1.400 biztanle inguru ditu, eta euskararen arnasgune izaten segitzeko borondatea agertu dute, horretarako UEMAko kide izateak bidea eta lanerako ildoak erraztuko dizkielakoan.