Hasiera » iritzia » “Elkarlana eta adostasuna benetako edukiz betetzeko urtea izango da 2016a”

“Elkarlana eta adostasuna benetako edukiz betetzeko urtea izango da 2016a”

Info7 irratiko Gureaz Blai saioan aritu zen pasa den astean UEMAko lehendakari Josu Labaka. 
Azken asteotan Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearentzat garrantzitsuak izan ziren bi kontu aipatu zituen: Tolosako Udalak UEMAn segitzeko erabakia hartu izana, eta UEMAk eta EHUk lehen aldiz sinatutako elkarlanerako hitzarmena. Heltzear den urtea euskararen inguruko adostasuna eta zoru-komuna beharko duena edukiz betetzeko urtea izango dela ere nabarmendu zuen.

Audioa entzungai (irudiaren gainean klik eginda).

UEMA-2016

Hitzez hitz, honakoa da Josu Labakaren testua:

“Euskalgintzaren eta hizkuntza politikaren bidegurutzeaz asko hitz egiten ari den honetan, bidegurutze horretan norabidea markatzen duten zenbait konturen berri izan dugu egun hauetan. Horietako bi nabarmendu nahiko nituzke gaur, batez ere udalerri euskaldunentzat duten garrantziagatik, eta hizkuntza politika ausartak egiteko emango diguten aukeragatik.

Tolosako Udalak UEMAn segitzeko hartu duen erabakia da lehenengoa. Legealdi berriarekin batera, eta batez ere UEMAren batzar orokorrak zuzendaritza berria hautatu zuenetik, areagotu egin dugu udalerri euskaldunetako hizkuntza politika lehia eta liskar politikotik babesteko ahalegina. Adostasuna eta elkarlana aipatzen da batean eta bestean. Hizkuntza politika adostu daiteke, eta elkarlanean eginez gero emankorragoa izango da, dudarik gabe. Horregatik, garrantzitsua iruditzen zaigu Tolosak hartu duen erabakia. Eskualdeburua da Tolosaldean, eta Tolosa UEMAtik ateratzea atzerapausoa izango litzateke, sartu zenean alderdi bat zegoelako udal gobernuan, eta orain beste alderdi batek gobernatzen duelako udala.

Egunotan honakoa irakurri diogu Joseba Sarrionandiari, Durangoko Azokaren atarian argitaratu duen ‘Lapur banden etika ala politika’ liburuan: “Euskal komunitateak, alderdien arteko zeingehiagoken mendean egon gabe, subjektu gisa antolatu behar du bere burua, ezinikusi ideologiko eta oztopo politikoen gainetik batez ere euskaraz eguneroko bizimodua egitea posible izan dadin”.

Ezin da argiago esan. Eta hori da gure ustez Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea: euskal komunitateak, alderdien arteko zeingehiagoken mendean egon gabe, subjektu gisa antolatutako erakundea, ezinikusi ideologiko eta oztopo politikoen gainetik batez ere euskaraz eguneroko bizimodua egitea posible izan dadin.

Horretan ari gara lanean. Eta lan horren emaitza da gaur nabarmendu nahiko nukeen bigarren kontua ere. UEMAk eta Euskal Herriko Unibertsitateak lehen aldiz bi aldeen artean sinatu duten lankidetza hitzarmena. Garrantzitsua da guretzat, hitzarmenean bertan EHUk aitortu egiten duelako eta aintzat hartzen duelako udalerri euskaldunek euskararen normalizazioan jokatzen duten papera.

Bost urteko hitzarmena sinatu dugu, zenbait lan ildoren baitan, eta orain urtez urte zehaztuko ditugu lanerako proiektuak. Euskararen bilakaera kezka iturri da udalerri euskaldunetan, erabileraren beheranzko joera dela-eta. Horren inguruko azterketa sakonak egitea dagokigu, eta horretan bidelagun izango dugu EHU, behin emaitzak eskuetan egoera iraultzeko hizkuntza politika ausart eta eraginkorrei bidea zabaltzeko.

Euskara da gure territorio libre bakarra. Ados. Baina territorio librerik gabe geratzeko arriskuaren aurrean, espabilatzea dagokigu. Elkarlanean. Ados horretan ere. Baina elkarlana eta euskararen zoru komuna benetako edukiz beteta. Eduki horiek mahai gainean jartzeko eta adosteko urtea izango da 2016a. Badugu zer eginik, beraz. Animo denoi, eta lanera!”.

 

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.