Hasiera » arnasguneak » Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak herrian izango duen eragin linguistikoa ari da neurtzen Orioko Udala

Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak herrian izango duen eragin linguistikoa ari da neurtzen Orioko Udala

Iturria: Orioko Udala

Argazkia: orio.eus

Orioko Udala Hiri Antolamenduko Plan Orokorra ari da lantzen eta, lanketa horren barruan, lehenbiziko aldiz, Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa (ELE) egingo du.

Plan orokor bat garatzen denean, erabaki asko hartzen dira herriaren garapena baldintzatzen dutenak: zenbat etxe berri egingo diren, zein tipologiatakoak, zein auzo berri sortuko diren, nolakoak, kaleak eta espazio libreak nola antolatuko diren… Erabaki horiek ondorioak dituzte alor askotan eta, besteak beste, hizkuntzaren erabileran ere eragiten dute. Hori gertatu da, esaterako, Orion bertan: azken plan orokorren ondorioz, etxebizitza ugari egin da herrian oso denbora-epe laburrean eta jende berri asko etorri da bertan bizitzera. Horrek herriko euskaldun-portzentajea jaistea ekarri du eta, ondorioz, euskaren kaleko eta etxeko erabilera ere jaitsi egin da.

Udalak eutsi egin nahi dio Orioko herriaren izaera euskaldunari eta, hortaz, erabaki du, plan orokor berria lantzerakoan, horren eragin linguistikoa ere aztertzea, UEMAren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzaz.

Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa (ELE): tresna berria

2014an eta 2015ean Foru Aldundiak eta UEMAk antolatutako Lurraldea eta Hizkuntza jardunaldien ondoren sortu zuten ELE tresna, Galesen erabilitako eredu bat oinarri hartuta. Euskararen arnasguneak zaindu eta zabaltzeak berebiziko garrantzia du hizkuntzaren geroa bermatzeko eta, horretarako, tresna egokia izan daiteke ELE azterketa. Tresna berria da eta oraindik oso toki gutxitan erabili da: iaz Tolosaldeko Lurraldearen Zatiko Planaren ELE azterketa egin zen eta aurten zaharren egoitzak kudeatzen dituen Kabia elkartearen ELEa egin du Aldundiak.

Oriokoa izango da horrelako azterketa bat egiten duen aurreneko udala Euskal Herrian. Tresna honi esker, Udalak jakingo du nolako ondorioak izango dituen plan orokorrak euskararen egoeran eta, beharrezko balitz, zein neurri zuzentzaile aplika daitezkeen, ondorio negatiboen eragina gutxitzeko.

Lana Elhuyar enpresaren bidez ari da egiten Udala, eta gastuaren parterik handiena Foru Aldundiak ordainduko du.

GAI HONI BURUZKO INFORMAZIO OSAGARRIA:
· Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak herrian izango duen eragin linguistikoa ari da neurtzen Udala (orio.eus, 2015-12-15).

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.