Hasiera » arnasguneak » Euskarazko akten aldeko epai guztiei helegiteak jartzen ari da Espainia

Euskarazko akten aldeko epai guztiei helegiteak jartzen ari da Espainia

Udalek aktak euskaraz egiteko eta bidaltzeko eskubidea dutela adierazi duten sei epaiei helegitea jarri die Carlos Urkijok, Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkariak. Urriaren hasieran jakin zen Alegiako Udalaren aldeko epaiari helegitea jarri ziola Espainiako Estatuaren abokatuak, eta orain heldu da helegiteen jakinarazpena gainerako bost udaletako abokatuen eskuetara. Amezketa, Gaintza, Arama, Bergara eta Elgeta dira udal horiek.

aktak

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide dira udal hauek guztiak, eta irailaren erdialdera jaso zituzten Donostiako Administrazioarekiko Auzien Epaitegiak plazaratutako aldeko epaiak, Espainiak EAEn duen Gobernu Ordezkaritzak egindako errekerimenduen harira. Udal horiek, UEMAko kide diren dozenaka udalek bezala, euskara hutsean bidaltzen dituzte aktak eta erabakiak Gobernu Ordezkaritzara, eta horren aurka jo zuen honek. Irailean plazaratutako epaia argia zen, udalerri euskaldunen aldekoa, EAEko Euskararen Legeak horretarako eskubidea ematen diela nabarmenduz, eta abokatuen ordain-sarien kostak ordaintzera ere zigortu zuen Espainiako Gobernu Ordezkaritza. Epai guztiak errekurritu ditu orain honek.

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide diren udal gehienak, UEMA bera, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Urola Kostako Udal Elkartea auzibidean jomugan jarri zituen aurreko legealdian Carlos Urquijok, Espainiak EAEn duen Gobernu Ordezkariak. Sei multzotan banatzen dira auzibidean jarritako udalen aurkako errekerimenduak eta helegiteak: UEMAko kide izatea, hizkuntza irizpideak, euskararen erabilera plana, kontratazio irizpideak, diru laguntzak, eta aktak zein erabakiak euskara hutsean bidaltzea.

Gai honi buruzko informazio osagarria:
· Euskarazko akten aldeko epaiei helegiteak jartzen hasi da Urkijo (Berria, 2015-10-03).
· Epaileak Urkijori azaldu dio “erabat” legezkoa dela aktak euskaraz igortzea (Garikoitz Goikoetxea,Berria, 2015-09-17).
· Gaintzako eta Amezketako udalen aldeko epaia: aktak euskaraz bidali ahalko dituzte (Argia.eus, 2015-09-16).
· Amezketa eta Gaintzako udalen aldeko epaia, aktak euskara hutsean bidaltzeagatik (naiz.info, 2015-09-16).
· Amezketako eta Gaintzako udalen aldeko epaia eman du epaileak, aktak euskara hutsean bidaltzeagatik (Europa Press, 2015-09-16).
· Aktak euskaraz bidaltzea onartu die epaileak Amezketari eta Gaintzari (eitb.eus, 2015-09-17).
· Udalerri euskaldunak jomugan. Euskaraz bai, baina ondoan gaztelania badu (Onintza Irureta, Argiaastekaria, 2015-03-01).
· Euskarazko akten auzian pertsonatzen hasi da Jaurlaritza (Garikoitz Goikoetxea, Berria, 2015-03-02).
· Urkijok helegiteak jarri arren aktak euskaraz bidaltzen jarraituko du UEMAk (uema.eus, 2015-01-17).

 

 

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.