Testua eta argazkiak: Bergarako Udaleko Euskara Zerbitzua
Auzoko egitasmoak ikasturteari hasiera eman dio eta bertan parte hartzen duten zenbait lagun izan ziren irailaren 29an eman zuten prentsaurrekoan.
Bergarako Udalaren laguntzarekin, Jardun euskara elkarteak bultzatzen du nagusiki egitasmoa; eta bere helburu nagusia da euskara batere ez dakitenak —beste herrialde batzuetatik etorri berriak eta urteetan Bergaran bizi arren euskararekin oso harreman txikia dutenak— euskarara hurbiltzea.
Elkartrukean oinarritutako egitasmo dinamiko bat da. Bergaran euskaraz gain beste hizkuntza batzuk ere egiten direnez, horiek aintzat hartu eta harreman zuzenen bidez beste hizkuntzetako hiztun helduak euskarara hurbiltzea lortzen da eta, bide batez, integraziorako urrats garrantzitsuak ematen dira.
Bergaran 2009tik martxan da egitasmo hau eta euskara ez dakiten pertsonez gain, herritar euskaldun batzuk ere parte hartzen dute, laguntzaile modura. Hori dela eta, euskaldunek eta euskara ez dakitenek parte har dezakete.
Parte hartzeko ez da ezer ordaindu behar eta, printzipioz, astean behin talde txikitan elkartu eta dinamika ludiko batzuen bidez euskara ikasteko lehen urratsak ematen dira. Bergaran 3 talde izango dira. Bat ostiraletan 18:00etan elkartuko da Errotalde kultur etxean, beste bat —emakumeei zuzenduta dagoena— astelehenetan 15:30ean Errotalden hau ere eta bestea Osintxuko liburutegian asteazkenetan iluntzeko 8etan. Eta astean behin elkartzeaz gain, nahi dutenak herrian izaten diren aisialdiko ekintza batzuetan ere parte hartzeko laguntza ere izango dute.
Egitasmo honetan parte hartzeko JARDUN euskara elkartearekin harremanetan jarri behar da (Errotalde jauregia / Kultur Etxea. Tlf.: 943 763661).
Gai honi buruzko informazio osagarria:
· Bergarako Auzokoren ikasturte berrian parte hartzeko deia (goiena.eus, 2015-10-01).