Euskararen Aholku batzordeak bultzatuta eta herriko hainbat talderen laguntzarekin, era askotako ekintzak antolatu dituzte euskararen asterako, azaroaren 29tik abenduaren 3ra bitartean: euskarazko filmak, ipuin kontaketa, poesia emanaldia…
Aurten, azpimarratzekoa da larunbat eguerdirako antolatu den ARGAZKI JENDETSUA. 12:00etan Amaiako plazan elkartu eta, trikitilariek lagunduta, kalejiran joango da jendea Mari kaleko plazara, euskararen aldeko argazkia ateratzera. Amaieran, mokadutxo bat egongo da bertaratutakoentzat.
Egitarauan azaltzen diren ekintzez gain, beste bi ere egingo dira aste honen barruan. Batetik, haur hezkuntzako eta lehen hezkuntzako 4. mailara arteko ikasleek egutegi bana jasoko duten euskararen egunean, abenduaren 3an, etxera eramateko; 2015ean landuko den gaia Zumaiako hitz bereziak izango da. Bestetik, DBH3, DBH4 eta batxilergoko 1. mailako ikasleentzat emanaldi berezi bat eskainiko dute Mikel Markez eta Eñaut Elorrieta abeslariek, azken hamarkadetako kantagintzari errepasoa egiteko.
Egitaraua
AZAROAREN 28TIK ABENDUAREN 1ERA, euskarazko filma Aita Mari zineman: ‘Loreak’
AZAROAK 29, LARUNBATA
– 12:00etan Amaiako plazan elkartu eta trikitilariekin kalejira
– 12:15ean Mari kaleko plazan euskararen aldeko argazki jendetsua.
– Amaitzeko, mokadutxoa.
AZAROAK 30, IGANDEA
– 16:30ean, Aita Mari zineman, euskarazko filma haurrentzat: ‘Hurrak eta lapurrak’.
ABENDUAK 2, ASTEARTEA
– 17:30ean, Alondegian, haurren liburutegian, Josu Waliñorekin ipuin kontaketa: ‘Gomezagoren gutuna’.
ABENDUAK 3, ASTEAZKENA
– Arratsaldeko 19:00etan, Alondegian, Julene Azpeitia 27. ipuin lehiaketako sarien banaketa; ondoren, Pako Aristi eta Itziar Gomezekin literatura emanaldia, ‘Urari ostutako poemak’.
Iturria: Baleike