UEMA eta Zarauzko udaleko ordezkariak atzo batzartu ziren Osakidetzako Gipuzkoa eskualdeko pertsonal buruarekin eta erizainen zuzendariarekin. Bileran euskaraz ez dakiten Zarauzko mediku eta erizainaren afera gainditzeko neurriak lehenbailehen hartzeko eskatu zieten. Larunbatean kontzentrazioa egingo da EHEk deituta hainbat eragileren babesarekin.
Zarautzen kezka eragin du euskaraz ez dakiten mediku eta erizaina jarri izanak. Bertan lan egiten zuen mediku bat jubilatu ostean, Osakidetzaren euskara planak jasotzen duenaren aurka, lanpostu horri ez zaio euskara ikasteko derrigortasun-datarik jarri. Ondorioz, lanpostua betetzeko euskararen ezagutza egiaztatzea ez da beharrezkoa izango. Eta hori gutxi ez balitz, baja hartu duen emaginaren ordez, erdalduna ekarri dute.
Hainbat eragilek bat egin dute Osakidetzari egoera konpontzeko eskatzerakoan. UEMAk eta Zarauzko udalak Osakidetzako arduradunekin bilera egin dute egoera bideratu eta afera konpontzen saiatzeko. Neurri zehatzak eta lehenbailehen hartzeko eskatu diete herri ordezkariek Osakidetzari, eta gogora ekarri dute “adminisitrazioak zerbitzuak eskaintzeko betebeharra duela”
Mobilizaziorako deia
Egoera gainditzeko neurriak lehenbailehen hartu ditzaten eskatzeko mobilizaziora deitu dituzte herritarrak. Gero eta eragile gehiagoren babesa lortzen ari da elkarretaratze deialdia. “Euskaraz sendatu nahi dut” lelopean egingo da protesta, larunbatean, goizeko 12:30ean, osasun zentroaren aurrean.
Antolatzaileen arabera, “Osakidetzaren Euskara Planean jasotzen denaren aurka, emandako urraketa hauekin, planak berak helburu dituen herritarren hizkuntza-eskubideak errespetatzea eta zerbitzuen kalitatea hobetzea kolokan jartzen ditu. Berriz ere, euskaldunoi euskaraz bizitzeko zailtasunak areagotzen dizkigute.”