Hasiera » Zehaztu gabe » Gidabaimena euskaraz ateratzeko diru-laguntzak emango ditu Bermeoko Udalak

Gidabaimena euskaraz ateratzeko diru-laguntzak emango ditu Bermeoko Udalak

gidabaimena-euskaraz_bannerra

Gidabaimena euskaraz prestatu eta azterketa euskaraz egin duten bermeotarrek, Bermeoko Udalak horretarako ematen dituen diru-laguntzak eskatu ditzakete abenduaren 11ra arte.

Bermeoko Udaleko Euskara Sailak adierazi duenez, eskariak Berh@z bulegoan (Ertzilla kalea, 6-8) aurkeztuko dira eta, horretarako, eskari-orria, Nortasun Agiriaren fotokopia,  kontu korrontearen zenbakia  eta prestakuntza euskaraz jaso duen eta gainditutako azterketa teorikoa euskaraz egin duen ziurtatzen duen agiria eraman beharko dira. Baldintzak betetzen dituzten eskatzaileek 75 euroko diru-laguntza jasoko dute.

Diru-laguntzak jasotzeko baldintzak honako hauek dira: Bermeon erroldatuta egotea, gidabaimenaren prestakuntza euskaraz egitea, B mailako gidabaimenaren azterketa teorikoa euskaraz eginda izatea eskaerak aurkezteko epea amaitu baino lehen eta Bermeoko Udalarekin zorrik ez izatea.

Euskara Sailak azaldu duenez, Bermeoko autoeskoletan gidabaimena euskaraz prestatu daiteke, teorikako liburua eta testak egiteko informatikako programa euskaraz dagoelako eta, ondorioz, azterketa euskaraz ere egin daiteke.

Diru-laguntza horiekin Bermeoko Udalak bereziki gazteak animatu nahi ditu gidabaimena prestatzeko orduan euskara erabili dezaten. “Izan ere, kontuan hartu behar da batez ere gazteek izaten dutela interesa gidabaimena prestatzeko eta gazte gehien gehienak euskaraz alfabetatuta daudela”, adierazi du.

Diru-laguntzei buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, Bizkaiko Aldizkari Ofizialean begiratzeko (2014-11-11) edo Euskara Sailarekin harremanetan jartzeko eskatu du Bermeoko Udalak.

 

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.