Patxi Saezi, Azpeitiko euskara teknikariari, elkarrizketa egin dio Uztarriak. Saezen arabera, Azpeitia herri euskalduna da eta aurrerantzean ere hala izango da. “Egia da badirela galera batzuk ezagutzan eta erabileran, baina inguruko udalerriekin alderatuz gero, ondo eutsi zaio euskarari”. Azpeitian egindako azken neurketaren arabera, kale erabilera %86koa zen, ezagutza, berriz, %84koa.
Hamabost urte daramatzazu euskara teknikari gisa lanean, nola deskribatuko zenuke hizkuntzak herrian izan duen garapena?
Azpeitia herri euskalduna izan da, da eta, dirudienez, hala izango da. Egia da badirela galera batzuk ezagutzan eta erabileran, baina inguruko udalerriekin alderatuz gero, ondo eutsi zaio euskarari. Hori bai, ikerketan ondorioztatu dute ezagutza eta erabilera beherantz doazela, gutxinaka-gutxinaka; eta joerak beherantzat jarraitzen badu, kezkagarria izango da, Bermeon edo Lekeition gertatu den bezala. Etxeko erabileran, adibidez, zortzi puntuko jaitsiera izan du euskarak. Azpeitiarren %69k euskara du etxeko hizkuntzatzat, eta %22k, berriz, gaztelania.
Erabilera aipatu duzu, baina ezagutza ere beherantz doa Azpeitian. Araba, Bizkai eta Gipuzkoatik kanpo jaiotako herritarren %20 soilik dira euskaldunak. Zer egiten duzue hori kontrolatzeko?
Guk inkestak edo ikerketak egiten ditugu, datuak jasotzea da gure lana: kale erabilera, herrian euskaraz dauden eskaintzak, errenta aitorpena euskaraz zenbatek egiten duten eta abar. Azkeneko kale neurketan, adibidez, ikusi genuen kale erabilera %86koa zela herrian; ezagutza, berriz, %84koa. Horrek esan nahi du azpeitiarrak oso lehialak direla.
Euskaraz ikasi nahi duten pertsonei begira, zer erraztasun eskaintzen dituzue?
Edozein herritarrek izena ematen badu Udal euskaltegian, eta eskolen %85era joaten bada, Udalak ordaintzen du bere ikastaroa. Lanean ari diren pertsonek ordaindu egin behar dute kopurua, eta gero bueltatzen zaie dena. Langabezian dauden pertsonen dirua, ordea, Udalak berak jartzen du hasieratik. Izan ere, badakigu langabezian dauden herritarrek zailtasunak izan ditzaketeela matrikula ordaintzeko.