Ikasturtearekin batera, hainbat eragilek hasi dute herritarrak euskara ikastera edota hobetzera animatzeko kanpaina. UEMAk ere, hainbat udalekin elkarlanean, euskaraz ikastera deitu nahi ditu herritarrak. Zehazki, Adunan, Seguran, Itsasondon, Lizartzan, Altzagan eta Araman UEMAren laguntzari esker egingo dute kanpaina bertako udalek eta herritik gertuen duten euskaltegiek.
Kanpainaren baitan, helburu berberari lotuta, hainbat lelo eta argudio jendarteratu dira. UEMAk bere aldetik, gogora ekarri nahi du, euskararen arnasgune diren udalerrietan nagusiki euskaraz bizi direla bertako herritarrak. Harremanetarako edota lanerako, oro har, euskara da bertakoen hizkuntza. Eta horrela, euskara kohesio sozialerako edota elkarbizitzarako baliabidea ere bada herriotan. Harreman naturaletarako bidea eskaintzen duenez, integraziorako tresna eraginkorra da euskara edonorentzat. Horrela, euskaraz ikastearen garrantzia azpimarratu nahi du UEMAk.
UEMAk bere udaletatik euskaraz ikasteko diru laguntzak ematea sustatzen du. Gainera, euskaltegirik ez dagoen herri txikietako biztanleei erraztasunak emate aldera, eskualdeko euskaltegiekin harremanetan jarri eta matrikulazio kanpainak ere sustatzen ditu. Herri txikietan taldea osatuta, euskara klaseak herrian bertan ematea bultzatzen du Mankomunitatetik