Muxikako bizilagunek osasun zerbitzua ezin izango dute euskaraz jaso. Horregatik, kontratua berrikusi, eta lehenbailehen afera honi konponbidea eman diezaioten eskatu diote Osakidetzako arduradunei. “Muxikako herritarrok osasun zerbitzuak euskaraz jasotzeko eskubide osoa daukagu, eta beraz, zor zaigun begirunea eta errespetuarekin jokatu dezala eskatzen diogu”.
“Osakidetzak ez ditu kontutan hartu Muxikako herritarrak, ezta bertako errealitate soziolinguistikoa ere”. Muxikako Udalaren arabera, administrazio publikoak zerbitzuak euskaraz eskaintzeko duen betebeharrari muzin egin dio Osakidetzak. Eta horrela, “Muxikako herritarren hizkuntza eskubideak urratuko ditu”.
Oharrean diotenez, hartutako erabakiak eragin zuzena izango du osasun zerbitzuaren kalitatean. “Hainbat herritarrek erdaraz komunikatzeko zailtasunak dituzte eta pertsona horientzako zailtasun nabarmena eragingo dute”. Gainera, “Muxikako euskararen arnasgunean erdara nagusi den eremu bat sortuko du Osakidetzak, bertako errealitate soziolingusitikoan eragin kaltegarria eraginez. Muxikan euskaraz bizi gara. Euskara nagusi izanik, euskararen arnasgunea da gure herria”.