Hasiera » arnasguneak » Euskarak batzen gaitu

Euskarak batzen gaitu

IMG_6614Hainbat udalerritako alkate eta zinegotzik babestuta, Ibai Iriarte Tolosako alkateak eta Garbine Elizegi Baztango alkateak irakurri dute udalerri euskaldunetako hautetsiek adostutako adierazpen bateratua.

Euskarak batzen gaitu

Euskal herritarron %30 inguruk dakigu euskaraz, eta ondorioz, euskara erdaren erreinuan bizi den hizkuntza minorizatua da, oraindik. Menpeko egoera horretan, ordea, euskarak baditu nagusi den eremuak ere. Horiei, euskararen arnasguneak deitzen diegu, eta funtzio garrantzitsua jokatzen dute hizkuntzaren biziraupenean. Izan ere, edozein hizkuntzak, biziko bada, nagusi izango den eremuak behar ditu.

188 udalerri euskaldun ditugu Euskal Herrian; Araban, Bizkaian, Gipuzkoan, Nafarroa Garaian, Baxe Nafarroan eta Zuberoan. Gu ordezkari garen udalerrietan biztanleen %70ek baino gehiagok dakigu euskaraz, eta oro har, nagusiki euskaraz bizi gara bertako herritarrak. Udalerriok osatzen dute euskararen arnasgunerik zabalena, eta munduaren birikak Amazonian daudela esaten den moduan, euskararenak udalerri euskaldunetan daudela esan daiteke.

Euskararen arnasguneek hizkuntzaren normalizaziorako ekarpen ezin hobea egin dezakete, eta hain justu, horixe da balorean ipini nahi duguna. Udalerri euskaldunetako herritarrok nagusiki euskaraz bizi gara gure egunerokoan. Gure udalerrietan, euskara komunikaziorako hizkuntza baino gehiago ere bada, elkarbizitzarako tresna ere badela esan dezakegu, gizarte kohesiorako elementu bateratzailea. Euskarak batzen gaitu udalerri euskaldunetako herritarrak eta euskarari balioa ematen diogu.

Udalerri euskaldunak bereziak dira hizkuntzaren ikuspegitik. Arnasguneek funtzio garrantzitsua jokatzen dute euskararen biziraupenean, eta arnasguneetatik funtzio garrantzitsua jokatu dezakegu euskaren normalizaziorako. Bide horretan, udalerri euskaldunetatik arnasguneak sendotuz eta zabalduz egin nahi dugu gure ekarpena.

Euskararen arnasguneen inguruan egin diren azterketa guztiek erakutsi dutenez, ordea, euskara nagusi den eremuak ahuldu egin dira, azken urteotan. Oraindik ere, hainbat gunetan, udalerri euskaldunak kasu, nagusi da euskara, baina ez du orain urte batzuk zuen osasun eta bizi-indarra. Azken 10 urteotako bilakaera soziolinguistikoa mantenduz gero, euskara nagusi den udalerri gutxiago izango ditugu etorkizunean, eta hori, bereziki kezkagarria da euskararen normalizazioa helburu dugunontzat.

Orain, arnasguneetan eragindako kalteak erreparatzen ipini behar ditugu indarrak. Baina, ezin gaitezke etengabe egindako kalteak konpontzen ibili, eta euskararen eremuan ere kalteak aurreikusteko eta saihesteko politikak jarri behar ditugu martxan ezinbestean. Eta, euskararen arnasguneak sendotu eta arnasguneen hedatze prozesuan eragingo duen gurpilean murgildu behar gara.

Udalerri euskaldunek hizkuntza politika aurrerakoiak garatzeko aukera paregabea eskaintzen digute. Tokiko errealitate soziolinguistikoa kontuan hartuta diseinatu behar da hizkuntza politika, eta kasuan, euskararen arnasguneek trataera berezia behar dute. Udalerri euskaldunetako egoera soziolinguistikoan eragiten duten faktoreak askotarikoak izaki, behar-beharrezkoa da hizkuntzaren ikuspegia politika orokorrean ere txertatzea.

Gaur hemen elkartu garen ordezkariok aitzindari eta bide urratzaile izan nahi dugu euskararen sustapenean. Hori da gure konpromisoa. Baina, bide horretan, udaletatik harago, goi administrazioaren babesa ere behar-beharrezkoa zaigu. Batetik, gure udalerrietan euskara normalizatzeko lege babesa eta tresnak lortzeko, eta bestetik, euskara sustatzeagatik hainbat udalen aurka gauzatzen ari diren erasoekin amaitzeko.

Elkarlanean egin nahi dugu bidea. Udaletatik abiatuta instituzioen eta goi administrazioen arteko harremanetan sakonduz, helburuak elkarbanatu eta elkarrekin lan eginez. Euskalgintzaren, eragile sozialen eta herritarren inplikazioa bilatuz, udalerri euskaldunen artean indarrak batu behar ditugu. Izan ere, euskarak batzen gaitu; eta batzen gaituen horri lotu behar gatzaizkio.

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.