Hasiera » udalerriak » “Bermeon futbola oinarritik euskaraz” programak emaitza oso positiboak lortu ditu

“Bermeon futbola oinarritik euskaraz” programak emaitza oso positiboak lortu ditu

Alvarezek azaldu duenez, proiektu honen helburu nagusia da Bermeoko oinarrizko taldeetan euskararen erabilera areagotzea. Bigarren mailako helburuak dira, besteak beste, Bermeoko futbol elkarteko talderik gazteenen entrenatzaileak euskaraz entrenatzeko gaitasuna jasotzea, saio teoriko eta praktiko guztiak euskaraz ematea, material guztiak euskaraz argitaraturik izatea, euskarari prestigioa ematea eta euskara gozamenarekin elkartzea.

“Helburu hauek lortu dira eta benetan pozik gaude, batez ere Bermeoko Futbol taldeko gaztetxoek futbola euskaraz jokatzeko eskubidea bermatuta izango dutelako”, adierazi dute Unanuek eta Ormaetxeak.

Koikili Lertxundik programa honen nondik norakoak azaldu ditu. “Lehenengoz, Udalaren eta Futbol elkartearekin batera aldez aurreko lana egin genuen, entrenatzaileei proiektua aurkeztu, lan saioen prestaketarako kudeaketa… eta, ondoren, formakuntza teoriko-praktikoarekin hasi ginen”, azaldu du.  Adierazi duenez, entrenatzaileekin kirol prestakuntza saioak egin dituzte euskaraz, “kalitatezko formazioa eskainiz gure hizkuntzan”. Saio horien jarraipena eta kontrolak ere egin dituzte eta emaitzak “oso onak” izan direla nabarmendu dute parte-hartzaileek.

Ondorioak

Hortaz, Lertxundiren esanetan, ‘Bermeon futbola oinarritik euskaraz’ programaren ondorio garrantzitsuetarikoa da, Bermeoko futbol taldeetan euskararen erabilera areagotu dela egindako lanari esker.

“Programaren helburu guztiak betetzea lortu dugu, metodologikoki talde guztiek izan dute hobekuntza, izan ere, jarraipen eta kontroletan argi ikus daiteke nota altuak jaso dituztela”, adierazi du Koikili Lertxundik. “Beraz, Bermeo Kirol elkarteko oinarrizko futbol taldeetan era egokian entrenatzen ari direla ondorioztatzen dugu”, azpimarratu du.

Ormaetxeak eta Unanuek programa hau Bermeoko Futbol Elkartearen eta Bermeoko Udalaren arteko elkarlanari esker martxan jarri dela azpimarratu dute. Euren ustez esperientzia “oso positiboa” izan da, “kirola eta euskara bultzatzeko, izan ere, Bermeon  kirola eta euskara elkarrekin joatea ezinbestekoa da”.

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.