Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilgunea eta Oiartzungo Udalaren arteko hitzarmenari esker, martxan da Oiartzungo merkataritzan eta ostalaritzan euskararen erabilera areagotzeko egitasmoa. Berriki, establezimenduetan zerbitzua euskaraz ematen laguntzeko eskura dituzten doako zerbitzu eta materialen berri eman dute, gutun bidez.
Merkatari eta ostalariak euren zerbitzua euskaraz ematera animatu nahi dituzte. “Belaunaldi berriak euskaraz ongi prestatuak eta euskara eske datozelako, eta euskara establezimenduaren kalitate ezaugarri garrantzitsua delako”. Gainera, euskarazko zerbitzua eskainita bezeroekiko “errespetua” erakusten dela uste dute egitasmoaren bultzatzaileek.
Herritarrak, bezeroak ere inplikatu nahi dituzte egitasmoan. Merkatari edo ostalariren batek zerbitzua euskaraz eskaintzeko hutsuneren bat duela konturatuz gero, Ttur-tturreko teknikariari edota Oiartzungo Udaleko euskara zerbitzuari jakinarazteko eskatu diete herritarrei. Horrela, jarraian, Ttur-tturreko teknikaria harremanetan jarriko da mekatariarekin, hari zerbitzua erakusteko.
Hutsuneak era honetakoak izan daitezke: menua edo karta euskaraz ez egotea, prezioen zerrenda eta dendako kartelak euskaraz ez egotea, edo oro har, bezeroei zuzendutako edozein idatzi edo ohar euskaraz ez egotea.
Oiartzungo Udalarekin sinatua duen hitzarmenaren bidez Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilguneak eskaintzen duen euskara zerbitzuari esker, Oiartzungo merkatari eta ostalariek laguntza dute mota horretako edozein idatzi euskaratzeko edo zuzentzeko.
Honako baliabide hauek dituzte eskura herriko merkatari eta ostalariek:
ITZULPEN ETA HIZKUNTZA AHOLKULARITZA ZERBITZUA
Testuen zuzenketa eta itzulpena koloretako paper diseinatuetan maketaturik.
INFORMAZIO OHARRAK
Establezimenduaren atean jartzeko oharrak: “Zabalik-Itxita”, “Oraintxe nator”.
Txartelak: “Merkealdia”, “Eskaintzak”, “Lehen/orain” (bi prezioak jartzeko).
Eranskailuak: “Hemen euskaraz egin dezakezu”, “Jatetxe honetan MENUA EUSKARAZ”.
Talonarioak: fakturak, entrega agiriak, baleak eta ordainagiriak.
Sektorekako hiztegiak.
EUSKARA ESKOLAK
Merkatariei eta ostalariei zuzenduriko ikastaroak.
DIRU-LAGUNTZAK
– Establezimenduaren errotulua euskaraz jartzeko.
– Poltsak euskaraz jartzeko.
– Euskara ikasteko.