Hasiera » hizkuntza politika » Estatuen esku-hartzearen aurrean, herritarren babesa jaso dute udalek

Estatuen esku-hartzearen aurrean, herritarren babesa jaso dute udalek

Agurain, Arrasate, Azpeitia, Basauri, Bergara, Erandio, Errenteria, Galdakao, Lekeitio, Lezo, Oiartzun, Oñati, Ondarroa, Ordizia, Otxandio, Pasaia, Soraluze, Tolosa eta Zarautzen egin dira “Estatuen esku-hartzea salatu eta euskararen normalizazioren aldeko neurriei babesa” adierazteko kontzentrazioak. Euskararen Kontseiluak egindako deialdiari erantzunez, jendetza bildu da elkarretaratzeetan. Hainbat lagunek eskuak koloretako margoekin busti eta gelditzeko keinua egin diete Estatuei.

UEMAko hainbat ordezkarik ere parte hartu dute protesta ekitaldietan.  Asier Mujika, UEMAko  lehendakariordea eta Aramako alkatea esaterako Tolosako ekitaldian izan da. UEMAk “euskararen aurkako erasoei ahalik eta erantzun zabalena” eman asmoz, Kontseiluak egindako deialdia babestu du.

Paul Bilbaok Kontseiluako idazkari nagusiak hitza hartu zuen Tolosako elkarretaratzean eta errekerimendu gehiago iristen ari dela ere ohartarazi zuen: “azken agerraldia egin genuenetik errekerimendu gehiago jasotzen ari direla jakin dugu. Kontseiluan oraingoz 62 kasuren berri dugu baina ziurrenik gehiago izango dira”.

Kontseiluko idazkari nagusiaren hitzetan herritarrak ez daude kanpo esku-hartze gehiago onartzeko prest: “Urkijo eta enparauen erasoei erantzuteko ekimen berri bat egin dugu eta honelakoekin mezu argia helarazi nahi diegu kanpo esku-hartze horien arduradunei: euskararen normalizazio prozesuaren gaineko erabakimena guri dagokigu, euskal hiztun komunitateari, ez beste inori eta ondorioz, ez dugu onartuko, aitzakiak aitzakia, euskararen normalizazio prozesua galgatzea, oztopatzea beste helbururik ez duten kanpo esku-hartze gehiago”.

 “Udalek euskararen normalizazioan aurrera egiteko hartu dituzten neurriak, herritarron eskubideak bermatzeko urratsak dira eta zentzu horretan herritarroi ere badagokigu neurri horiek babestu eta kanpo esku-hartzea salatzea. Horretarako elkartu gara gaur hemen, Tolosan, eta horretarako elkartu dira ehunka herritar beste 18 herritan, Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkari Carlos Urkijoren erasoaldia salatu eta euskararen aldeko neurriak hartu dituzten Udalak babesteko” gaineratu du Paul Bilbaok.

Bukatzeko deia egin die Kontseiluko idazkari nagusiak herritarrei zein erakundeei: “herritarrak egunerokoan euskaraz bizitzeko hautua egiten jarraitzera animatzen ditugu eta instituzioak euskaraz bizi gaitezen neurriak hartzera. Guk, euskalgintzak, hizkuntza-politika eraginkorrak ezartzeko bidean urratsak ematen dituztenak babesten jarraituko dugu. Ondoan izango gaituzte”.

Tolosan eginiko protestako bideoa ikusgai BERRIAren webgunean. 

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.