Hasiera » Zehaztu gabe » Kontseiluko zuzendaritzak Estatu espainiarraren esku-hartzeen aurrean herritarrei erantzuteko deia egin die

Kontseiluko zuzendaritzak Estatu espainiarraren esku-hartzeen aurrean herritarrei erantzuteko deia egin die

Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok esan duenez, “pixkanaka, urrats bakoitzean kanpo esku-hartzean urratsak ematen joan da Estatu espainiarreko ordezkaria. Hasiera batean, bazirudien egiten zituen eskaerak forma akatsak egon zitezkeelako egiten zituela. Denbora aurrera joan ahala, ordea, in crescendo jarrera gogortzen joan da eta salaketa eremua ere hedatuz joan da; izan ere, Gipuzkoan hasi zuen ibilbideari Bizkaira ere hedatu du eta badirudi bere helburua udal guztiak susmopean jartzea dela”.

Gaineratu du, “Estatuak modu ageri eta bortitzean erabili du bere indarra azken gertakari hauen aurrean. Izan ere, udalei bidalitako informazio eskaeretan, eskaera soilik egiteaz harago ere jo du,  mehatxua erabiliz. Beharrezkoak diren ekintza guztiak erabiliko dituela esaten die Estatuko ordezkariak udaletako arduradunei hauei bidalitako jakinarazpenetan. Jarrera hau, gure ustez deitoragarria izateaz gain, ez da ulertzen gaur egun bizi dugun testuinguru politikoan”.

Bilbaok esan duenez, gertakari hauekin guztiekin argi geratu da hizkuntzaren afera Estatu gaia dela Estatu espainiarrarentzat. “Bere jarduerak agerian uzten du euskararen normalizazio prozesua galgatzea dutela helburu; izan ere, Estatua bere esku dituen bitarteko guztiak erabiltzeko prestutasuna duela erakusten ari zaigu. Estatuak guk hartzen ditugun erabakietan azken hitza berea dela azaldu nahi du esku-hartze hauekin, horregatik hitz egiten dugu kanpo esku-hartzeaz”.

“Euskaldunok behin eta berriz aldarrikatu dugu euskaraz bizi nahi dugun herria garela eta instituzioei, dagokien arduraz jokatzea eskatu izan diegu, erabaki ausartak hartuz, hizkuntza-politika egokiak egitea, alegia. Hain zuzen ere, testuinguru horretan kokatzen da Gipuzkoako Foru Aldundiak eta udalek kontratazioetan hizkuntza irizpideak finkatu izana. Baita ere, adibidez, EITBk lan deialdietan hizkuntza-eskakizunak egiteko erabakia berretsi izana”, esan du Bilbaok.

Hartutako bide horretan jarrai dezaten ere animatu ditu idazkari nagusiak. “Administrazioetako arduradunei esan nahi diegu, Kontseiluak erabaki desegokiak hartzen direnean gaitzesten dituen bezala, instituzioek hartzen dituzten erabaki egokiak, hizkuntza-politika eragingarria egitea helburu dutenak, alegia,  txalotu egiten dituela eta adierazi nahi diegu bide horretan lanean jarraitzen baldin badute euren ondoan izango gaituztela gure babesa eta laguntza eskaintzen; izan ere, Kontseiluaren ustez, hizkuntza bat normalizatzeko beharrezkoa da gizartearen esparru guztiak inplikatzea eta ildo horretan bidea urratzeko elkarlana ezinbesteko baldintza da. Horregatik, hizkuntza politika-eragingarrirako bidean urratsak eman nahi dituzten guztiei gure eskua luzatu nahi diegu”.

Amaitzeko, herritarrei ere dei egin die, herri mugimenduak egiten dituen deialdietan parte har dezaten. Ildo horretan, epe laburrean erabakiko du Kontseiluak zein motatako erantzuna eman eta deialdien berri emango du.

 

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.