Hasiera » Zehaztu gabe » 100 udalen langa gaindituko du UEMAk, datorren astean Arrankudiaga-Zollo, Arruazu, Doneztebe eta Etxebarria gehitu ondoren

100 udalen langa gaindituko du UEMAk, datorren astean Arrankudiaga-Zollo, Arruazu, Doneztebe eta Etxebarria gehitu ondoren

Martxoaren 25a mugarria izango da UEMAren historian. Lau udal berrik UEMAko kide izateko eskaera egin ondoren, horiek onartuko ditu mankomunitateak, eta udal berriak gehituta, 101 udal izatera helduko da UEMA, guztien artean 305.000 biztanleko lurgunea osatuz. Lau udal berriek agerraldia egin dute gaur goizean, Arruazun, UEMArekin batera, eta udalerri euskaldunen garrantzia eta herri honek oztopoen gainetik euskarari eusteko egin duen bidea oroitzeko antolatu duten ekitaldira joateko deia egin dute. Azpeitian izango da ekitaldia, martxoaren 25ean.

[Ezkerretik eskuinera, Miren Segurola (UEMAko koordinatzailea), Txutxi-Ariznabarreta (Arrankudiaga-Zolloko alkatea), Leire Ortuoste (Doneztebeko alkatea), Iraitz Lazkano (UEMAko lehendakaria), Jesus Iriondo (Etxebarriako alkatea) eta Gorka Ovejero (Arruazuko alkatea), gaur goizean, Arruazun egindako agerraldiaren ostean].

Arrankudiaga-Zollo, Arruazu, Doneztebe eta Etxebarriako alkateek agerraldia egin dute gaur, UEMAko lehendakari Iraitz Lazkanorekin batera, udal horiek UEMAko kide izateko asmoa agertu dutela eta martxoaren 25etik aurrera mankomunitateko kide izango direla adierazteko. Udal horiekin, 100 udal baino gehiago izatera helduko da UEMA, eta langa sinbolikoa gaindituta, ekitaldia egingo du Azpeitian, udalerri euskaldunek euskararen biziberritzeari eta herri honi egiten dioten ekarpena nabarmentzeko.


UEMAko lehendakari Iraitz Lazkanok adierazi duenez, hiru helburu ditu martxoaren 25eko ekitaldiak: “Batetik, 101 udal horiek euskaratik eta euskaraz herri honi egiten dioten ekarpena aitortzea eta eskertzea. Horretarako, udal horietako ordezkariak ez ezik, udalerri horietako euskalgintzako lagunak ere gonbidatu ditugu, aitortza eta eskertza guztientzat izatea nahi dugulako”.

Bigarrenik, udalerri euskaldunek eta euskararen arnasguneek duten garrantzia nabarmentzea. “Euskararen erdia udalerri euskaldunetan ekoizten dela adierazten dute adituek eta soziolinguistek. Ekoitzi ez ezik, biziberritu ere egiten da euskara udalerri euskaldunetan, belaunaldiz belaunaldi, modu naturalean. Horrek egundoko eragina dauka euskararen erabileran, udalerri euskaldunetan ez ezik udalerri euskaldunetako herritarrek beste herrietara ere zabaltzen dutelako euskara, efektu biderkatzailea sortuz. Beraz, ezinbestekoa da udalerri euskaldunak zaintzea, babestea eta garatzea, eta hori ere gogoratuko dugu”.

Lazkanoren hitzetan, azkenik, “euskaldunak eta udalerri euskaldunak asko aldatu dira, eta horren eraginez erronka berriak ditugu udalerri euskaldunetan, ezagutzaren eta erabileraren arteko arrakala leuntzeko. Herritarren kontzientziazioan eragiten jarraituko dugu, baina askoz neurri sendoagoak ere behar ditugu. Horiei buruz aritu eta aurrera egiteko ditugun erronkak ere aipatuko ditugu ekitaldian, hurrengo lau urteotan hartuko ditugun erabakiek baldintzatuko dutelako euskararen etorkizuna”. Lazkanok zehaztu duenez, “sortu zenetik, asko aldatu da UEMA. Gaur egun, UEMAn daude euskararen arnasguneak, baina badakigu UEMAko kide diren udal guztiak ere ez direla euskararen arnasguneak. Udalerri euskaldun horiek ere, ordea, giltzarriak dira euskararen etorkizunerako. Udalerri horiek datozen urteetan izaten duten bilakaera garrantzitsua izango da euskararen biziberritzean; eta guztietan, arnasguneetan zein udalerri euskaldunetan, izango da beharrezkoa politika ausartak egitea eta euskara nagusituko den eremua indartzea. UEMAko udalek horretarako konpromisoa hartzen dugu. Gure egitekoa izango da arnasguneei eustea eta gainerako udalerri euskaldunak ere arnasgune izan daitezen lan egitea”.

Euskaltzaleei deia, martxoaren 25ean Azpeitiara joateko

UEMAko kide diren herri berrietako lau alkateak, berriz, pozik agertu dira udalek hartutako erabakiekin, eta UEMArekin lanean hasteko gogotsu daudela adierazi dute, udalei eredugarri izatea dagokiela nabarmenduz. Bai udal barruan hartu beharreko neurriak areagotuz, eta baita udalerriak euskalduntzeko zerbitzuak UEMArekin landuz ere, batez ere herritarren kontzientziazioan eragiteko.

Azkenik, martxoaren 25ean Azpeitiko ekitaldira joateko deia egin diete herritar guztiei eta euskaltzale guztiei.

Ilaski Serrano eta Antton Telleria kazetariek aurkeztuko dute ekitaldia, eta oholtza gainean zuzenean ariko dira Ines Osinaga eta Estitxu Pinatxo musikariak, Elene Carreto eta Ioar Labat dantzariekin, Jon Maia bertsolari eta musikariarekin edota Imanol Epelde irakasle, musikari eta youtuberrarekin batera, besteak beste.

UEMAren bidelagunak diren heinean, Euskal Herriko erakunde publiko nagusien zein euskalgintzaren ordezkariek ere hartuko dute hitza, eta ikus-entzunezkoak ere ez dira faltako. UEMAren ibilbidea erakutsiko duen dokumental laburraz gain, UEMAren lanaz eta udalerri euskaldunen garrantziaz hitz egingo duten hainbat lagun ere ikusi ahal izango dira pantaila handian.

UEMAko kide diren 100 udaletako alkateak eta zinegotziak ere gonbidatu dira ekitaldira. Izan ere, 100 udal horiei aitortza egitea da ekitaldiaren asmoetako bat, euskararen biziberritzeari egin dioten ekarpenagatik eta herritarren aurrean euskara nabarmentzeko duten konpromisoagatik. UEMAko lehendakari Iraitz Lazkanoren hitzek emango diote amaiera ekitaldiari.

Azpeitiko Soreasu Antzokiak 540 ikuslerentzako lekua du, eta aretoa bete daitekeela aurreikusita, ekitaldira joateko ezinbestekoa da aldez aurretik izena ematea. Horretarako, nahikoa da labur.eus/uema100 helbidera sartzea eta izena ematea.

Ekitaldirako oraindik aste eta erdi falta den arren, dagoeneko 260 lagunek eman dute izena. Erakunde publikoetako zein euskalgintzako ordezkaritza zabalari bidali zaio gonbidapena eta, udalen laguntzarekin, baita modu batera edo bestera 101 udal horietan euskararen inguruan lanean aritu diren euskaltzaleei ere. Dagoeneko bertan izango direla berretsi duten gonbidatuek erakusten dute euskal jendartearen ordezkaritza oso zabala bilduko dela martxoaren 25ean UEMAk antolatutako ekitaldian.

Lehenago, UEMAren ezohiko batzar nagusia

Ekitaldia 11:00etan hasiko da, baina lehenago ezohiko batzar nagusia egingo du UEMAk, Soreasu Antzokian bertan, 09:45ean hasita. UEMAko kide diren udaletako alkateek etaordezkariek herri berrien eskaerak onartuko dituzte batzar horretan, eta orduan iritsiko da UEMA 100 udal baino gehiago izatera.

EiTBn zuzenean eta gehigarria BERRIA egunkarian

100 udalen langa UEMArentzat mugarria izango denez, ekitaldia ere horren araberakoa izango da, eta hedabideetan ere izango du isla. EiTBk, esaterako, zuzenean eskainiko du ekitaldia, eta ETBk bereziki landuko du, zenbait saiotan.

Berria egunkariak, bestalde, ekitaldiari buruzko eta UEMA 100 udal baino gehiago izatera iritsi izanari buruzko gehigarri berezia argitaratuko du bezperan, martxoaren 24an.

Agerraldia, bideoan:

Gai honi buruzko informazio osagarria:

· Uemak ehun kide baino gehiago izango ditu martxoaren 25etik aurrera (berria.eus, 2023-03-14).
· 101 udal izatera helduko da UEMA Arruazu, Arrankudiaga, Doneztebe eta Etxebarriarekin (naiz.eus, 2023-03-14).
· UEMA 100 udal baino gehiago izatera iritsiko da martxoaren 25ean, eta ekitaldia egingo du udalerri euskaldunen ekarpena nabarmentzeko (uema.eus, 2023-02-27).
· UEMAk 101 udal izango ditu, datorren astean Arrankudiaga, Arruazu, Doneztebe eta Etxebarria gehituta (Europa Press, 2023-03-14).
· Etxebarria UEMAn sartuko da (Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza, 2023-03-14).
· Martxoaren 25ean sartuko da Doneztebe UEMAn (erran.eus, 2023-03-14).
· Ehun herri UEMAn (Berria, 2023-03-15).
· 101 udalerri euskaldun, euskararekin konprometituta (Gara, 2023-03-15).
· 100 udalen langa gaindituko du UEMAk datorren astean (argia.eus, 2023-03-15).
· UEMA 100 udal baino gehiago izatera iritsiko da martxoaren 25ean, eta ekitaldia egingo du udalerri euskaldunen ekarpena nabarmentzeko (iparmank.eus, 2023-03-15).
· UEMA 100 udal baino gehiago izatera iritsiko da hile honetan (El Correo, 2023-03-06).
· Zifra borobila ospatzeko ekitaldia egindo du UEMAk (El Diario Vasco, 2023-03-04).
· Iraitz Lazkano, UEMA: “100eko muga gaindituta frogatu dugu beste behin UEMA erakunde publiko sendoa dela” (Hamaika Telebista, 2023-03-15).
· Arrankudiaga-Zollo, Arruazu, Doneztebe eta Etxebarria gehitu ondoren, 101 (El Diario Vasco, 2023-03-15).
· «Erabilera ez da ezagutza bezainbeste igo eta horrek kezkatzen gaitu» (El Diario Vasco, 2023-03-23).

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.