Hasiera » Zehaztu gabe » Bikain ziurtagiria jaso dute UEMAko kide diren lau udalek: Altzoko, Ataungo, Lekeitioko eta Usurbilgo udalek.

Bikain ziurtagiria jaso dute UEMAko kide diren lau udalek: Altzoko, Ataungo, Lekeitioko eta Usurbilgo udalek.

Eusko Jaurlaritzak atzo arratsaldean banatu zituen 2022ko Bikain ziurtagiriak, Donostiako Kursaal jauregian egindako ekitaldian, eta Altzoko, Ataungo, Lekeitioko eta Usurbilgo udalek ere jaso dute aurten ziurtagiria. UEMAko kide diren lau udalek, zehazki, maila goreneko urrezko ziurtagiria jaso dute. Ziurtagiria jasotzean, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua eta Miren Dobaran sailburuordea izan dituzte lagun agertokian.

Banaketa ekitaldian Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak nabarmendu duenez “Bikain ebaluazioan parte hartzeak esan nahi du lehenik, euskararekiko konpromisoa izatea. Euskarak aitortutako entitateetan balioa duela esatea. Balioa duela, entitate euskaldunak direlako, gero eta kalitatezkoagoa den zerbitzua eman nahi dutelako, herritarren eta bezeroen hizkuntza eskubideak bermatzeko ardura hartua dutelako, euskarak lantokian eta kanpora begira balio-erantsia duelako. Gero eta entitate gehiagotan du euskarak balio ekonomikoa eta balio soziala”.

[28 entitatek jaso zuten atzo Bikain ziurtagiria, eta tartean ziren UEMAko kide diren lau udal: Altzo, Ataun, Lekeitio eta Usurbilgo udalak].

Bikain ziurtagiria Eusko Jaurlaritzak ematen duen ziurtagiri ofiziala da. Publikoa eta doakoa da, eta esparru sozioekonomikoan zein publikoan euskararen presentziaren eta erabileraren normalizazio-maila egiaztatzen eta aitortzen du. 2008tik gaur egun arte 465 erakundek jaso dute ziurtagiria, eta guztira 100.000 langile inguru dituzte erakunde publiko zein enpresa horiek.

Aurten ziurtagiria jaso duten 28 erakundeen artean, hamaikak goi mailako urrezko Bikain ziurtagiria jaso dute, 14k zilarrezkoa eta beste hiruk oinarrizkoa. UEMAko kide diren udalen kasuan, denek urrezko Bikain ziurtagiria jaso dute, Eibarko Udalarekin batera.

Datorren urtetik aurrera, ebaluazio sistema berria

Ziurtagiria eskuratu ahal izateko, erakundeak ebaluazioa egin eta gainditu behar izaten du. Aurten ere ebaluazioak egiten Bikain Ebaluatzaileen Klubeko ehun lagunetik gora aritu izan dira (2-4 ebaluazio-talde bakoitzeko). Guztira, Bikain ebaluazio klubean 750 lagun baino gehiago daude, sektore eta lan alor askotarikoak. UEMAko kide diren eta ziurtagiria jaso zuten lau udalek, zehazki, prozesu horretan eta egin beharreko lanetan UEMAren laguntza izan dute aurten ere.

UEMAko gainerako udalei dagokienez, horietako askok betetzen dituzte Bikain ziurtagiria lortzeko zehazten diren baldintzak, baina horiek denak batera ebaluatzeko eta bideratzeko zailtasunengatik, batzuk soilik hautatu dira aurten ere ziurtagiria jasotzeko, beti ere udalerri euskaldunetako udalen aitzindaritza erakusteko asmoz.

Datorren urtetik aurrera ebaluazio sistema aldatu egingo da. 2023 urte hasieran Dekretu berria sartuko da indarrean eta ebaluazio sistema egokitu egingo da. Orain arte, entitate pribatu eta publikoek ebaluazio sistema bera jarraitu dute. Datorren urtetik aurrera, ordea, sistema multzo bakoitzaren ezaugarrietara egokituko da. Entitate pribatuen kasuan, oinarrizko ziurtagiriaren aurretik maila baxuagoko beste aitortza bat izango dute, euskararen normalizazioan emandako lehenengo urratsak aitortuko dituena 

Bikain ziurtagiria jaso duten eta UEMAko kide diren udalak, urtez urte

2022: Altzo, Ataun, Lekeitio, Usurbil.
2021: Legorreta, Zumaia, Amezketa.
2020: Bergara, Markina-Xemein.
2019: Aduna, Aizarnazabal, Dima, Segura, Mutriku.
2018: Itsasondo, Zestoa, Tolosa.
2017: Ajangiz, Anoeta, Aulesti, Ikaztegieta, Irura.
2015: Oñati.
2011: Bermeo.
2009: Azpeitia.

Gai honi buruzko informazio osagarria:
· Bikain Ziurtagiri banaketa ekitaldian 28 entitatek euskararen erabilera areagotzeko egindako lana aitortu du Eusko Jaurlaritzak (irekia.eus, 2022-12-14).
· Euskararen erabilera areagotzeko egindako lanaren aitortza (El Diario Vasco, 2022-12-14).
· 28 entitatek euskararen erabilera areagotzeko egindako lanagatik jaso dute Bikain ziurtagiria (naiz.eus, 2022-12-13).

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.