Hasiera » Zehaztu gabe » Iraitz Lazkano: “Beherantz doaz arnasguneak, eta bideak jarri behar ditugu gainbehera eteteko”.

Iraitz Lazkano: “Beherantz doaz arnasguneak, eta bideak jarri behar ditugu gainbehera eteteko”.

UEMAk gaur ezagutarazi du udalerri euskaldunen egoera soziolinguistikoaren bilakaera. EUSTATek urriaren amaieran plazaratutako Biztanleriaren eta Etxebizitzen Zentsua iturri gisa hartuta osatu du txostena UEMAk, udalerri euskaldunetako datuak herriz herri ere aletuta. Ondorioen artean, deigarria da euskararen erabileraren galera nabarmena. Horren inguruan eta txostenak biltzen dituen gako nagusien inguruan lehen balorazioa egin du UEMAk, Iraitz Lazkano lehendakariaren ahotik.

Hauek dira Iraitz Lazkanok nabarmendu nahi izan dituenak:

  • Kezka. Azken urteetan UEMAk ohartarazitakoa berretsi dute datuek: udalerri euskaldunetan atzeraka ari da euskararen erabilera, eta galera oso nabarmena da. Ezin dugu udalerri euskaldunetako egoera arrosa kolorekoa irudikatu; jakina, gainerako eremuetan baino hobea da euskararen egoera, baina joera negatiboa da, eta hala berretsi dute zentsuko datuek. Ez dira datu bakarrak: uda aurretik argitaratutako kaleko erabileraren neurketan ere sumatu genituen atzerakada batzuk, eta beste ikerketa batzuetan ere sumatu dugu jaitsiera. Egoera gordina da, eta norabide negatiboan goaz. Horrek, behin eta berriro berretsi duguna jartzen du agerian: udalerri euskaldunak hauskorrak dira, eta ezin dugu lasaitu. Egiturazko neurriak behar ditugu egoera iraultzako.
  • Lana. Datu hauek mahai gainean jartzen digute errealitate bat: udalerri euskaldunetan ezinbestekoa dugu hizkuntza-politika aurreratua egitea. Hizkuntza-politika aurreratua, udalerri euskaldunen garapena helburu izango duena eta politika sektorialetatik harago joango dena. Euskararen egoeran eragina baitute beste hainbat eremutan eta sailetan egindako politikek, baita egin ez diren politikek ere. Horren ondorioak ikusten dira datu hauetan.
  • Ardura. Errealitate honen aurrean, arduraz jokatzea dagokigu. Beherantz doaz arnasguneak, norabide negatiboan, eta bideak jarri behar ditugu gainbehera eteteko eta eremu horiek garatzeko. Lege-babesa behar dute arnasguneek, eta haien garapena bermatuko duten egiturazko neurriak hartzea. Bestela, erdaren noranahiko erauntsiaren erdian, hauskorrak izaten jarraituko dute.
  • UEMAn sartzeko deia. EAEko udalerri euskaldun gehienak UEMAko kide dira gaur egun, baina udal batzuek oraindik ez dute pauso hori eman. Udalerri euskaldunetan erronka handiak dauzkagu, eta, ezinbestean, elkarlanean egin behar diegu aurre. Horregatik, dei egiten diegu udalerri euskaldun guztiei, indarrak elkartu eta UEMAko kide egin daitezen, udalerri euskaldunen lurgunea sendotzeko eta elkarrekin euskararen biziberritzeari hauspoa emateko.

Material osagarria:
· Txostena: EAEko udalerri euskaldunak. 1981-2021eko zentsuak (PDFa).

Gai honi buruzko informazio osagarria:
· Udalerri euskaldunetan atzeraka ari da euskararen erabilera, eta galera nabarmena da (uema.eus, 2022-11-16).
· Euskararen erabilera atzeraka ari da, nabarmen, udalerri euskaldunetan (berria.eus, 2022-11-16).
· Iraitz Lazkano: “Egiturazko neurriak behar ditugu egoera iraultzeko” (berria.eus, 2022-11-16).
· Udalerri euskaldunetan euskararen erabilera atzeraka ari dela eta galera “nabarmena” dela dio UEMAk (Europa Press, 2022-11-16).

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.