Lesakako Mairu antzerki tailerraren lana ikusteko lehen aukera ostiral honetan izango da, Azpeitiko Antzerki Topaketetan, 19:00etan, Soreasu antzokian. Arnasa Gara ekimenaren Arnasguneak sormen beka irabazi zuen ‘Intxaurra’ lanak, eta laster emanaldien bira hasiko dute herriz herri.
Ostiral honetan, azaroaren 18an, estreinatuko du Mairu antzerki tailerrak Intxaurra antzezlana, Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketetan. Lan horrek Arnasa Gara egitasmoaren Arnasguneak antzerki-beka irabazi zuen iazko abenduan, eta antzezlana prestatzeko egonaldia Azpeitiko Dinamoa Sormen Gunean egin dute. Dena prest dute Mairu antzerki tailerrekoek arnasguneen garrantzia islatuko duen antzezlana estreinatzeko eta herriz herri bira hasteko, hiru erakundeen eta foru aldindien laguntzari esker.
Gaixorik dagoen intxaurrondoaren iruditik abiatuta, enborra biziberritzearen beharra islatzen du Intxaurra antzezlanak, gainerako adarrek ere osasuntsu iraun dezaten. Horrela, euskararen arnasgune diren herrien ezaugarriak, kezkak, mugak, iragana eta etorkizuna agertuko dira istorioan barrena. Mairu antzerki tailerreko Gaizka Sarasolak idatzi du testua, eta Manex Fusch aritu da zuzendaritza lanetan.
Gaizka Sarasolak azaldu duenez, Dinamoko egonaldiak albaindua zuten lana biribiltzen lagundu die: “Aukera paregabea izan da hainbertze egunez espazioa eta baliabide teknikoak eskura izatea. Lana egin eta ongi pasatzea gauza ederra da. Intxaurrak forma hartu eta taldea indartzeko balio izan digu”. Intxaurra sortzeko arnasguneen gaiak antzerki taldean zer eragiten duen izan dute abiapuntu; zein kezka, zalantza, oroitzapen, irudi, hitz, ideia, metafora… eta osagai horiekin guztiekin ondu dute istorioa. Sarasolaren ustez, Intxaurra ikusten dutenek “aukera izanen dute hunkitzeko, irri egiteko edota hausnartzeko”, eta adierazi du batean eta bestean emanaldiak egiteko irrikaz daudela: “Normalean gure komunitatetik edaten dugu gure antzezlanak sortzeko, gure inguru hurbilenetik, bere ezaugarri eta iruditegietatik. Orain, UEMAko herrietan eta beste batzuetan lan hau eskaintzeko aukera izanen dugu, eta badugu gogo berezi bat nola hartuko ote duten ikusteko. Identifikatuak sentituko ote diren; interpelatuak nolabait ere. Ea horrela den!”
Lesakako Mairu taldeak 20 urte baino gehiagoko ibilbidea du, eta, hain zuzen ere, euskarari lotutako ekimen batetik abiatuta sortu zuten. Bortzirietako Euskara Mankomunitateak antolatutako ikastaro baten inguruan izan zen sorrera, eta euskarak eta kulturak beti izan dute eragina taldean. Euren antzezlanetan komunitateari eragiten dioten gaiak lantzen dituzte, tradiziotik elikatuz.
Arnasa Gara ekimenaren beka
Arnasguneak antzerki-beka Arnasa Gara egitasmoaren baitan sortu da. Arnasa Gara kanpaina 2019an abiarazi zuten UEMAk, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak, udalerri euskaldunen eta arnasguneen garrantzia nabarmentzeko helburuarekin, eta euskarari egiten dioten ekarpena aitortzeko eta ikusarazteko. Arnasguneak bekaren deialdira bederatzi lan aurkeztu zituzten, eta iazko abenduan jakinarazi zuen epaimahaiak Mairuk irabazi zuela Intxaurra obra prestatzeko 23.000 euroko dirulaguntza, horien baitan ekoizpeneko gastuak eta beste hainbat taldeak bere gain hartzeko baldintzarekin.
‘Intxaurra’ antzezlana. Sinopsia
“Terexa gaixorik dago, baina ez bera ez du bere osasun egoerak arduratzen. Etxeko intxaurrondoaren osasunak kezkatzen du. Intxaurrondoak ere gaitza badu. Onddoren batek kalte egiten dio, eta fruituak, kanpoko azal eta guzi erortzen dira lurrera. Azalak intxaurrak ito eta usteltzen ditu. Terexak ez du sendagaiarekin asmatzen. Larritasunak, gaixotasunarekin batera, Terexa itotzen du. Gero eta nekezagoa zaio arnasa hartzea. Terexaren sentimenduen eta emozioen bidez, inguratzen gaituen ekosistemak, inguratzen gaituzten baldintzek, guregan duten eragina azaleraztea da antzezlanaren asmoa. Inguruko baldintzek eta ezaugarriek eragiten dutelako herriengan, hizkuntzengan, jendearengan… inguratzen duten lurrek landareengan eragiten duten moduan”.
Lantaldea:
Zuzendaritza: MAIRU (Manex Fuchsen laguntzarekin).
Testua: Gaizka Sarasola.
Antzezleak: Josune Etxepare, Ainara Ribera, Ritxi Abril, Iban Garro, Juanen Saralegi eta Gaizka Sarasola.
Argi diseinua: Andoni Mendizabal.
Soinu diseinua: Ibai Gogortza.
Musika: Ibai Gogorza eta Gaizka Sarasola.
Eszenografia eta atrezzoa: Adrian Labadie eta Eduardo Conde.
Jantziak: Marodi Sorkuntzak.
Kartela: Garazi Conde.
Argazkiak: Gotzone Rekondo.
Datozen emanaldiak. Egutegia:
- Azaroak 18, Azpeitian (Soreasu Antzokian).
- Abenduak 3, Iruritan (Gizarte Bilgunea).
- Abenduak 4, Markina-Xemeinen (Frontoian).
- Abenduak 8, Abaltzizketan (Goibegiko auditorioan).
- Abenduak 10, Lesakan (Harriondoan).
- Abenduak 30, Aramaion (Kultur Etxean).
- Otsailak 12, Oñatin (Santa Ana aretoan).
Gai honi buruzko informazio osagarria:
· Mairu Antzerki Tailerrak jaso du ‘Arnasguneak’ antzerki sorkuntzarako beka, ‘Intxaurra’ antzezlana sortzeko (2022-01-27).
· ARNASA GARA kanpaina eta ARNASGUNEAK ANTZERKI BEKA. Prentsa dossierra (PDFan).
· Arnasguneen garrantzia, oholtza gainera (bekaren helburuak, aurrekariak, oinarriak…).
· Albistea: Arnasguneak antzerki beka, Mairu Antzerki Taldearentzat (uema.eus, 2021-12-03).
· Epaimahaiaren ebazpena (PDFan).
Hemeroteka:
· Lesakako Mairu taldeak ‘Intxaurra’ lana sortuko du Arnasguneak bekarekin (berria.eus, 2022-01-27).
· Mairu Antzerki Tailerrak jaso du Arnasguneak antzerki sorkuntzarako beka, ‘Intxaurra’ antzezlana sortzeko (Europa Press, 2022-01-27).
· Mairu Antzerki Tailerrak jaso du Arnasguneak beka ‘Intxaurra’ antzezlana gauzatzeko (naiz.eus, 2022-01-27).
· Mairu Antzerki Tailerrak jaso du Arnasguneak antzerki sorkuntzarako beka, ‘Intxaurra’ antzezlana sortzeko (Kulturklik, 2022-01-27).
· Nafarroako Gobernuak “arnasguneak” beka Mairu Antzerki Tailerrari eman dio (euskarabidea.es, 2022-01-27).
· Mairu Antzerki Tailerrak jaso du ‘Arnasguneak’ antzerki sorkuntzarako beka, ‘Intxaurra’ antzezlana sortzeko (irekia.euskadi.eus, 2022-01-27).
· Mairu Antzerki Tailerrak jaso du ‘Arnasguneak’ antzerki sorkuntzarako bekea (bizkaie.biz, 2022-01-27).
· Mairu antzerki tailerrak jaso du Arnasguneak sorkuntza beka (uztarria.eus, 2022-01-27).
· Mairu Antzerki Tailerrak jaso du ‘Arnasguneak’ antzerki sorkuntzarako beka, ‘Intxaurra’ antzezlana sortzeko (zuzeu.eus, 2022-01-27).
· Mairu Antzerki Tailerrak jaso du Arnasguneak antzerki sorkuntzarako beka, ‘Intxaurra’ antzezlana sortzeko (erran.eus, 2022-01-27).
· Lesakako Mairu Antzerki Tailerrak eskuratu du ‘Arnasguneak’ antzerki beka (euskalerriairratia.eus, 2022-01-27).
· Mairu Antzerki Tailerrak 23.000 euro jasoko ditu ‘Intxaurra’ antzezlana sortzeko (El Diario Vasco, 2022-01-28).
· El Gobierno de Navarra concede la beca ‘Arnasguneak’ al Taller de Teatro Mairu (Diario de Navarra, 2022-01-28).
· ‘Arnasguneak’ antzerki beka Mairu taldearentzat izan da (Noticias de Navarra, 2021-12-11).
· Mairu Antzerki Tailerrak jasoko du “Arnasguneak” beka (bortziriak.eus, 2021-12-06).
· Bideoa: Nafarroako Gobernuak “arnasguneak” beka Mairu Antzerki Tailerrari eman dio (Nafarroako Gobernua, 2022-01-27).