Hasiera » Zehaztu gabe » “Eskubideak bermatzeko eskaintza aktiboa egitea dagokigu erakundeoi, herritarrak etengabe eskean jardutera behartu gabe”

“Eskubideak bermatzeko eskaintza aktiboa egitea dagokigu erakundeoi, herritarrak etengabe eskean jardutera behartu gabe”

‘Osasuna eta hizkuntza V: eskaintza aktiboa’ izeneko udako ikastaroari hasiera eman zaio gaur arratsaldean Donostian, EHUren Carlos Santamaria zentroan. UEMA, Osakidetza eta Eusko Jaurlaritza ditu laguntzaile gaur eta bihar izango den ikastaroak, eta UEMAko lehendakari Iraitz Lazkanok eman dio hasiera, harrerako hitzekin, eta aurtengo gaiaren garrantzia gogoratu du: eskaintza aktiboa. Jon Zarate eta Aitor Montes zuzendari dituen ikastaroaren antolatzaileek nabarmendu duten moduan, “eskaintza aktiboa erakunde mailako neurrien multzoa litzateke, hizkuntza zerbitzuei dagokien erantzunkizuna erakundeena izanik eta inola ere ez erabiltzaileena”.

Horri buruz mintzatu da Iraitz Lazkano ere: “Erakunde publikooi eredu izatea dagokigu, eta profesional euskaltzaleen eta norbanakoen irtenbidetik harago, egiturazko erabakiak hartzea eta exijitzea dagokigu, herritarren hizkuntza eskubideak bermatu daitezen osasun-arretan ere”.

UEMAko lehendakariak gogoratu duenez, “UEMA osatzen dugun 94 udalerrietan, bereziki tematuta gaude zerbitzu sektorea euskalduntzeko ahaleginean. Izan ere, Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea osatzen dugun udal guztietan, herritarren %70etik gora euskalduna da. Horregatik gara udalerri euskaldunak, eta errealitate soziolinguistiko hori gure herrietan arlo guztietan islatzea udalen egitekoa ere bada. Batetik, eskubidea delako euskaraz aritzea. Baina bestetik, erakunde publikooi eredu izatea dagokigulako. Horregatik, zerbitzu sektorea euskalduntzeko ahaleginean, guretzat lehentasunekoa da zerbitzu publiko guztiak euskaraz eskaintzea”.

Norbanakoen ahaleginetik harago, egiturazko erabakiak

Lazkanoren hitzetan, “osasungintza, esaterako, arlo horietako bat da. Osasungintzako profesional askoren lanak, borondateak, jarrerak, eta pazientea dagokion hizkuntzan artatzeko gogoak, euskararentzat botika izan dira urte askoan, egiturazkoa den arazoari irtenbidea emanez. Erakunde publikooi eredu izatea dagokigu, eta profesional euskaltzaleen eta norbanakoen irtenbidetik harago, egiturazko erabakiak hartzea eta exijitzea dagokigu, herritarren hizkuntza eskubideak bermatu daitezen osasun-arretan ere”.

Zehazki, Osasuna eta hizkuntza ikastaroaren V. aldi honetan, eskaintza aktiboa kontzeptua landuko dute gaur eta bihar, Lazkaoren hitzetan “UEMArentzat giltzarria den kontzeptuari ekarpena eginez. Izan ere, erakundeek hartu beharreko neurrien multzoa da eskaintza aktiboa, erabiltzaileak eskaera egin beharrik gabe, euskarazko eskaintza erabat bermatu ahal izateko, ahoz zein idatziz. Fokua, beraz, erakundeengan jartzen dugu oraingo honetan, norbanakoetan beharrean. Egindako bidea ikusteko ez ezik, egin dezakegunari buruz hausnartzeko balioko du ikastaro honek. Beraz, UEMAk ezinbestean erabaki du ikastaro hau laguntzea, ispiluari begiratzeko eta udaletatik eta erakunde publikoetatik egin dezakeguna agerian uzteko urratsa izango delakoan”.

Horregatik guztiagatik, argi mintzatu da UEMAko lehendakaria: “Erakundeek betebeharra daukagu herritarren hizkuntza hautua bermatzeko. Osasun arduradunen eta profesionalen artean ere gizarteratu behar da hori: herritarrenak direla hizkuntza eskubideak, eta zerbitzuaren kalitatean ezinbesteko aldagaia dela pazienteak aukeratutako hizkuntzan jardun ahal izatea. Beraz, amaitzeko, antolatzaileei eta bidelagunei eskerrak eman nahi genizkieke, euskararen normalizazioan giltzarriak diren kontzeptuak eta ildoak mahai-gainean jartzeagatik, eta horien inguruan ikastaro hau antolatzeagatik”.

EGITARAUA
· Irailak 15, osteguna, gaur.

14:45 – 15:00 Harrera
15:00 – 15:15 Inaugurazio instituzionala. Iraitz Lazkano, UEMAko lehendakaria.
15:15 – 15:30. “Erregistroa”. Jardueraren zuzendaritzaren aurkezpena.
· Jon Zarate Sesma | EHU – Irakasle-ikertzailea
· Aitor Montes Lasarte | Osakidetza – Medikua eta ikertzailea
15:30 – 16:15. “Ethics of language policy in health care. Yael Peled | Montrealko Unibertsitatea – Irakasle-ikertzailea.
16:15 – 17:00 “Kudeaketa linguistiko eta kulturala pazientean zentraturiko osasun arretan”. Jon Zarate Sesma | EHU – Irakasle-ikertzailea.
17:00 – 17:45 Atsedena.
17:45 – 18:30. “Eskaintzarik eza edo muturreko egoerak: tipularen seaska kanta. Lander Garro, idazlea eta zinemagilea.
18:30 – 19:15 “Identification of needs from the perspective of users”.
· Alwena Morgan | Swansea University – Irakasle-ikertzailea (Zoom bidez parte hartuko du).
· Maisie Edwards | Swansea University (Zoom bidez parte hartuko du).

· Irailak 16, ostirala, bihar.

09:30 – 10:15. “Linguistic needs in vulnerable situations”
· Fredica Nyqvist | Åbo Akademi University – Irakasle-ikertzailea (Zoom bidez parte hartuko du).
10:15 – 11:00. “Etorkinei zuzenduriko harrera protokoloak”.
· Urko Ikardo Enparan | Bortzirietako Euskara Zerbitzua – Teknikaria
11:00 – 11:45 Atsedena.
11:45 – 12:30 “Hizkuntzen kudeaketa Kabiako adinekoen egoitzetan eta eguneko zentroetan”.
· Arantza Lekuona | Kabia – Gerentea.
12:30 – 13:15 “Eskaintza aktiboaren neurketa eta ebaluazioa”.
· Aitor Montes Lasarte | Osakidetza – Medikua.

Gai honi buruzko informazio osagarria:
· Osasuna eta hizkuntza V: eskaintza aktiboa (uik.eus).
· Egitaraua eta ikastaroari buruzko informazioa, PDFan.

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.