Hasiera » udalak » Bermeoko Udalak hizkuntza lidergoan oinarrituta dagoen Euskararen Erabilera plana (2013-2017) onartu du

Bermeoko Udalak hizkuntza lidergoan oinarrituta dagoen Euskararen Erabilera plana (2013-2017) onartu du

Bermeoko Udalak hizkuntza lidergoan oinarrituta dagoen 2013-17 aldirako Euskararen Erabilera Plana onartu du, aho batez. Plangintza berriak udalaren plan estrategikoarekin bat datorren planteamendu “berria eta berritzailea” dakar (berrikuntza, hobekuntza, helburuekiko konpromisoa, kudeaketa eraginkorra…). Horrez gain,  Eralan proiektuaren bidez landu den hizkuntza lidergoa indartu eta sustatzeko planteamendua barneratzen du.

Horrela, Udal osoan eta bere eragin esparruan eragiten duten helburu orokorrak ezarri eta hizkuntza irizpideen oinarrizko proposamena egin da, eta proposamen hori Udaleko arlo guztiekin adostuko da.

Horrekin batera, urtez urteko kudeaketa planak egingo dituzte sailez sail. “Sail bakoitzak bere plana egingo du, eta sail bakoitzaren egoera aintzat hartuz finkatuko dira helburuak, arloekin eurekin adostuta eta elkarlanean. Sailen egitekoaren edo rolaren barruan egongo da euskara plana. Eurek izango dute erantzukizun nagusia planaren garapenean”.

Kudeaketa planen helburua euskararen erabilera indartu eta aurrerapausoak ematen joatea izango da. “Indargune asko baditugu ere, berebiziko indarra egingo da ahuleziak dauden alorretan: ahozko barne harreman ez formaletan; herritarrekiko harreman idatzietan kalitatezko euskara erabiltzeko; erakunde publiko, elkarte eta eragileekin euskara gehiago erabiltzeko; zerbitzu enpresei, hornitzaileei eta kontratazio arloan, Udalak ezarritako hizkuntza irizpideak betetzeko…”.

Ildo berean,  bai Udalak eskaintzen dituen zerbitzu eta produktuetan euskararen erabilerak gora egiteko lan egingo da.

Euskararen erabilera indartu

Planaren helburu nagusia, modu orokor batean esanda, euskararen erabilera “indartzea eta areagotzea da, zerbitzu eta lan hizkuntza modura, euskararen erabilera bermatu eta herritarren hizkuntza eskubideei erantzun ahal izateko”. “Herritarrekiko harremanetan hizkuntza euskara izatea bermatu gura da, beti ere herritarren hizkuntza eskubideak errespetatuta. Euskara beste erakundeekiko harremanetarako hizkuntza izatea eta administrazio barneko lan hizkuntza izatea ere bermatu gura da”.

Euskara planak horiek lortzeko ildo estrategikoak aurkezten ditu eta UEMArekin elkarlanean egin da, hau da, hizkuntza erabileraren diagnostikoa egin da eta UEMAko udaletarako ezarritako hizkuntza irizpideen betetze mailaren araberako sailkapena egin da. “Tontorrean sailkatu da Bermeoko Udala, 8,05 punturekin (10etik)”.

Egoera horretatik abiatuta, plangintza amaierarako lortu nahi diren helburu estrategikoak UEMAren hizkuntza irizpideak aintzat hartuta ezarri dira, eta 2013-17 aldirako “helburu nagusia tontorrean mantentzea ez ezik, euskararen presentzia areagotzea eta aitzindaritzari eustea izango da, lidergoaren ikuspegi berritzailearen bidea egiten jarraituz”.

Azken finean, Erabilera Plana plan osotu moduan 2001ean ipini bazen martxan ere, udalak 35 urteko ibilbidea du euskara normalizatzeko lanetan. “Euskarak udalean duen pisua eta aitzindaritza, lorpen kolektiboa izan da; esanguratsuenetarikoa Urrezko Bikain ziurtagiria lortu izana 2011n. Langileek eta arduradun politikoek egin duten lanari esker eman dira aurrerapausoak”.

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.