Hasiera » Zehaztu gabe » Hiztun Ekologistaren Dekalogoa, herritarrak euskaraz aritzearen garrantziaz kontzientziatzeko

Hiztun Ekologistaren Dekalogoa, herritarrak euskaraz aritzearen garrantziaz kontzientziatzeko

Herritarren kontzientziazioa eta sentsibilizazioa da UEMAren ildo nagusietako bat azken urteotan. Horren baitan, euskararen arnasguneei buruzko hezkuntza proiektua sortu zuen UEMAk duela zenbait urte. Ikasleen artean hizkuntza ekologiaren diskurtsoa zabaltzea eta arnasguneen garrantzia nabarmentzea da proiektuaren helburua, gazteei normalizazio prozesuan duten garrantzia ikusarazteaz gain. Helburu bera dute astelehenean hasiko diren udalerri euskaldunetako gazteentzako udalekuek ere.

UEMAk ez ezik, bertako kide diren hainbat udalek ere giltzarritzat dute herritarren kontzientziazioa, udalerri euskaldunek hizkuntzaren biziberritze prozesuari egiten dioten ekarpena ezagutarazteko, besteak beste. Zarauzko Udalak, esaterako, azken hilabeteotan lan handia eta eredugarria egin du herritarren artean hizkuntza-ekologiaren kontzeptua zabaltzeko.

Hiztun Ekologistaren Dekalogoa, Zarauzko Udalaren ekimenez


Batetik, Hiztun Ekologistaren Dekalogoa sortu du Zarauzko Udalaren Euskara Departamentuak, eta lau haizetara zabaldu du hilabete hauetan, batean eta bestean horren berri emanez. Irune Urbieta Zarauzko Euskara zinegotziaren eta UEMAko zuzendaritza batzordekidearen hitzetan, “Zarautz berezia da euskarari dagokionez: udalerri euskaldunetan handiena da (23.200 biztanle inguru ditu), turistikoki erakargarria eta zerbitzu-emailea da. Zarauztarrak euskaraz bizi gara neurri handi batean, baina gurean ere gero eta hizkuntza gehiago hitz egiten dira, eta gero eta errealitate eleanitzagoa dugu lantokian, kalean, etxean… Munduan 6.500 hizkuntza inguru daude, eta guztiek bizirik iraun dezaten, hizkuntzen arteko oreka eta aukera berdintasuna bultzatu behar dugula esaten digu hizkuntza-ekologiak, eta horretarako egoera ahulenean dauden hizkuntzak sustatu behar ditugula. Gurean, euskara. Horregatik da hain garrantzitsua euskaraz egin dezakeguna euskaraz egitea. Hori da hiztun ekologistaren lehen egitekoa”.

Zehazki, hizkuntzaren inguruko hainbat kontzeptu herritarren artean zabaltzeko eta gaiari buruz hausnarketa sustatzeko sortu dute Hiztun Ekologistaren Dekalogoa.

[Zarauzko Udalak sortu duen Hiztun Ekologistaren Dekalogoa. Osorik PDFan eskura, irudiaren gainean edo hemen klik eginda]

Dekalogoa aurkezteko, ekitaldia

Dekalogoa sortzeaz gain, martxoaren amaieran herriko euskaltzaleak ere elkartu zituzten Modelo aretoan, dekalogoa aurkezteko egindako ekitaldian. Besteak beste, Xabier Txurruka alkatearen, Kutxa Ekoguneko Itsaso Olaizolaren, Emuneko teknikari Ainhoa Lasaren eta Beatriz Egiazabal aktorearen ahotik izan zuten herritarrek dekalogoaren nondik norakoen berri.

Xabier Txurruka alkateak nabarmendu zuenez, garrantzitsua da euskara sustatzea gero eta eleanitzagoa den Zarautz bezalako herri batean, batez ere eskolatik kanpo, “hezkuntzaren jarraipena” diren eremuetan, hala nola aisialdian, kirolean, kulturan edota alor sozioekonomikoan: “Erronka horri aurre egiteko xedearekin plazaratu dugu dekalogoa; euskaldunok hizkuntzarekiko dugun konpromisoa indarberritzeko eta euskara ez dakiten herritarrak euskararen aldeko lanaren garrantziaz jabetzeko eta inplikatzeko”.

Dekalogoa herritar ugariren aurrean aurkeztu ondoren, udal eraikinetan, garraio publikoaren herriko geltokietan eta gainerako leku esanguratsuetan zabaldu du Zarauzko Udalak, formatu handian, dekalogoko hamar puntuak jendarteratzeko. Horrekin batera, martxoaren amaieran hasita sare sozialetan ere komunikazio kanpaina sendoa egin dute, dekalogoko puntu bakoitza herritar esanguratsu baten ahotik zabaltzeko.

Hamar zarauztar hamar bideotan, dekalogoaren puntuak herritarrei azaltzeko

Horretarako, hamar bideo prestatu eta sareratu ditu Zarauzko Udalak.
Nadia Erostarbe surflaria, Alex Gurrutxaga idazlea, Miren Prieto dendaria, Felix Zubia medikua, Michael Morris hizkuntzalaria, Marian Galarraga Euskaraldiko kidea, Jesus Mari Olaizola Txiliku idazlea eta Arkamurka Natur Taldeko kidea, Horacio Chacin gozogilea, Ligia Solares ostalaria eta Eneritz Aulestia musikaria izan dira dekalogoaren nondik norakoak herritarrei azaltzeko hautatu dituztenak. Bakoitzak dekalogoaren puntu bana aletu du, azalpen labur eta ulertarrazekin herritarrei ekimenaren berri emateko.

Hauek dira hamar bideoak:

1.- Zer da hizkuntzarekiko jokabide jasangarria izatea? – HIZTUN EKOLOGISTAREN DEKALOGOA (Nadia Erostarbe, surflaria).

2.- Zein da euskal hiztun ekologistaren oinarrizko printzipioa? – HIZTUN EKOLOGISTAREN DEKALOGOA (Alex Gurrutxaga, idazlea).

3-. Zer da euskaraz bizitzea? – HIZTUN EKOLOGISTAREN DEKALOGOA (Miren Prieto, dendaria eta kooperatibista).

4. Hizkuntza guztiak berdin sustatu behar al ditu hiztun ekologistak?-HIZTUN EKOLOGISTAREN DEKALOGOA (Felix Zubia, medikua).

5.- Kanpora joatean, interesatzen al zaizkigu bertako hizkuntzak? – HIZTUN EKOLOGISTAREN DEKALOGOA (Michael Morris, hizkuntzalaria).

6.- Errespetu falta al da euskaraz ez dakienari euskaraz egitea? – HIZTUN EKOLOGISTAREN DEKALOGOA (Marian Galarraga, Euskaraldia).

7.- Zer egin dezakegu gure inguruan hizkuntza-aniztasuna sustatzeko? HIZTUN EKOLOGISTAREN DEKALOGOA (Horacio Chacin, gozogilea).

8.- Zer eskaintzen digu hizkuntza-ekologiak munduko hiztunei? HIZTUN EKOLOGISTAREN DEKALOGOA (Jesus Mari Olaizola Txiliku, idazlea eta Arkamurka Natur Taldeko kidea).

9.- Zer egin dezakete aniztasunaren alde hizkuntza egiten ez dutenek? HIZTUN EKOLOGISTAREN DEKALOGOA (Ligia Solares, ostalaria).

10.- Zein da euskal hiztun ekologistaren erronka nagusia? – HIZTUN EKOLOGISTAREN DEKALOGOA (Eneritz Aulestia, musikaria).

Gai honi buruzko informazio osagarria:
ยท Hiztun ekologistaren dekalogoa herritarren eskura (zarauzkohitza.eus, 2022-04-01),

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.