Hasiera » Zehaztu gabe » ‘Hizkuntzak erraietan: euskara eta elkarbizitza’ dokumentala, osorik

‘Hizkuntzak erraietan: euskara eta elkarbizitza’ dokumentala, osorik

UEMAk, Zaldibiako Udalak, Lardizabal Herri Eskolak, Etxekonekok Elkarbizitza Taldeak eta Ausa Gaztelu Guraso Elkarteak egindako filma da Hizkuntzak erraietan: euskara eta elkarbizitza dokumentala. Aloña Jauregik eta Eider Amundarainek zuzendu dute 33 minutuko lana, eta Alotza ikus-entzunezkoak etxeak zabalduko du, gaurtik aurrera.

Hemen osorik ikusgai:

Atzo arratsaldean aurkeztu zuten dokumentala, Zaldibiako Herri Antzokian egindako ekitaldian. Bertan izan ziren ekimenean parte hartu duten erakunde, eragile, talde eta elkarteetako ordezkariak. Baita UEMAren ordezkaritza ere. Txiki geratu zen antzokia, herritarrek gogotsu erantzun baitzioten deialdiari. Ikusmina eta egindako lanarekiko aitortza eta ilusioa nabari ziren aurkezpenean.

Herriko egoerari erantzun nahian abiarazitako ekimena

UEMAko kide diren udalerrietan Zaldibiak du migrazio tasarik handienetakoa. Herritarren %14k dute beste herrialde bateko nazionalitatea. Herrian nabari da aldaketa, baina eskolan sumatzen da bereziki, hiru ikasletik batek jatorri atzerritarreko gurasoak baititu.

Ikasle horiek euskaraz hezteko erronkari erantzuteko, eta familiekin harreman egokia izateko, hainbat eragileren arteko proiektua abiarazi zuten iaz Zaldibian, herriko hizkuntza nagusia euskara denez euskarari eutsi nahian. Izan ere, euskararen arnasgunea da Zaldibia, eta biztanle berriak euskaraz errotzea ezinbestekoa ikusi zuten hainbat eragilek, UEMArekin batera, herriko egoera soziolinguistikoari eusteko.

Harrezkero, Zaldibiako Udala, Lardizabal Herri Eskola, UEMA, HUHEZI (Mondragon Unibertsitatea), Ausa Gaztelu Guraso Elkartea eta Etxekonekok Elkarbizitza Taldea elkarlanean aritu dira hainbat hilabetez, ekimena bideratzen.

Egindako bidea, dokumentalean islatuta

Egindako lana, Aloña Jauregik eta Eider Amundarainek zuzendutako Hizkuntzak erraietan: euskara eta elkarbizitza dokumentalean bildu dute, eta hori da atzo arratsaldean aurkeztu zutena.

UEMAko teknikari Gari Goikoetxeak atzoko aurkezpenean nabarmendu zuenez, UEMArentzat “Zaldibiatik haragokoa da proiektu hau. Zaldibian aitzindariak izan dira gaiari heltzen, baina honen berri izan orduko hainbat herrik eta eskolak jo dute UEMArengana azken hilabeteotan, herri mailako antzeko ekimenak abiarazteko, eskola komunitatean eta herritar berriengan eragin nahian. Horrela, datorren ikasturtetik aurrera, beste lau eskola komunitatetan antzeko proiektuak bideratzeko asmoa daukagu: Ondarroan, Leitzan, Aizarnazabalen eta Ibarran. Hainbat bilera egin dira dagoeneko herri horietako udalekin eta eskolekin, eta Zaldibian jorratutako bidea landuko dugu horietan ere, HUHEZIren laguntzarekin. Zaldibiari, beraz, zor diogu gai honetan aitzindari eta eredu izatea gainerako udalerri euskaldunentzat. Euskara, kulturartekotasuna eta elkarbizitza uztartzeko erronkari modu bateratuan eta eredugarrian erantzun dio Zaldibiak, hainbat eragileren artean zubiak eraikiz eta euskara oinarritzat hartuz. Horrek guztiak merezi zuen dokumental batean biltzea eta, beraz, zorionak eta eskerrik asko egindako lanagatik”.

[Atzo arratsaldean aurkeztu zuten ‘Hizkuntzak erraietan’ dokumentala, Zaldibiako Herri Antzokian].

Gai honi buruzko informazio osagarria:
· Biztanle berriak euskaraz errotzea helburu (ataria.eus, 2022-06-22).

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.