Hasiera » Zehaztu gabe » Estrategia Demografikoan euskararen ikuspegia ere txertatzeko ekarpenak egin dizkio UEMAk Eusko Legebiltzarrari

Estrategia Demografikoan euskararen ikuspegia ere txertatzeko ekarpenak egin dizkio UEMAk Eusko Legebiltzarrari

Eusko Legebiltzarrak osoko bilkura monografikoa egingo du bihar, Estrategia Demografikoari buruz. Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako lan-dokumentua oinarritzat hartuta, zenbait ekarpen egin ditu UEMAk. Izan ere, UEMAk uste du hizkuntza-politikaren ikuspegitik ere giltzarria dela Estrategia Demografikoa. Horregatik, lan-ildoetan euskararen normalizazioarekin lotutako neurriak txertatzeari ere ezinbestekoa iritzi dio.

[Estrategia Demografikoan euskararen normalizazioaren ikuspegia ere txertatzea da UEMAren proposamena, udalerri euskaldunak babesteko eta garatzeko].

UEMAk egindako ekarpenetan gogoratu duenez, estrategiaren zimendu izango diren estrategia edo oinarri batzuk zehazten ditu Eusko Jaurlaritzaren lan-dokumentuak: eraldaketa sistemikoa eta progresiboa, genero-ikuspegia, aniztasuna, erantzukidetasuna, adinekoen eskubideak, eta gazteen emantzipazioa. Horien artean, ordea, ez da agertzen euskararen normalizazioa eta, UEMAren ikuspegitik, ezinbestekoa da aipatzea.

Beraz, oinarrietan honako hau txertatzea da UEMAren ekarpena:
“Euskararen normalizazioaren ikuspegia. Estrategia honetan jasotako neurriek kontuan izango dute euskararen normalizazioa. Helburua da euskararen erabilera indartzeko mesedegarriak izan daitezkeen neurriak hartzea eta balizko eragin negatiboak prebenitzea. Arreta berezia jarriko da arnasguneetako garapen endogenoa sustatzean”.

Horretarako, lan-dokumentuak proposatzen duen jarduera-planaren zati bakoitzean ekarpen zehatzak egin ditu UEMAk. Jarduera-planaren lehen zatian, epe laburrerako inpaktua lortzea helburu duenean, esaterako, gazteak udalerri euskaldunetan errotzeko laguntzak eta haur-eskolen zerbitzua bermatzeko neurriak proposatu ditu.

Jarduera-planaren bigarren zatian, berriz, ibilbide luzeko inpaktuari dagozkion neurrietan, etxebizitzak eskuratzeko baldintzetan udalerriko bizilagunen lehentasuna finkatzea edota udalerri euskaldunen garapen sozioekonomikoa bultzatzeko tokiko planak diseinatzea dira abiapuntuak UEMArentzat. Baita adinekoentzako zerbitzuak bermatzea eta zaintzaileen prestakuntzan euskara txertatzea ere, migratzaileei harrerarekin euskara eskaintzearekin batera.

Azkenik, jardunera-planaren hirugarren zatian, zeharkako ildoei dagokienean, hiru proposamen egin ditu UEMAk: landa-ingurunean herri horietako biztanleak bertan gera daitezen neurriak sustatzea, dokumentuak planteatzen duen diagnostiko-tresnen eta prospekzio-azterlanen programan udalerri euskaldunen errealitatea ere txertatzea, eta erakundeen arteko lankidetza eta koordinazioa, baliabide gutxien duten herrietan arreta berezia jartzeko.

Zeharkakotasuna eta eragile guztien arteko lankidetza

Azken batean, UEMArentzat, erronka demografikoari erantzuteko ezinbestekoak izango dira bi oinarri. Batetik, zeharkakotasuna, har daitezkeen neurriek beste eremu batzuetan eragin dezaketelako. Euskararen kasuan, esaterako, egoera soziolinguistikoan. Bestetik, eragile guztien arteko lankidetza eta koordinazioa.

“Hizkuntza-politikan pauso handiak eman dira urteotan, baina agerian geratu da ebidentzia bat: hizkuntza-politika ez da berariazko politikekin egiten, beste eremu batzuetan hartzen diren neurriek zuzenean eragiten baitiote euskararen egoerari. Horregatik, UEMAk ezinbesteko ikusten du estrategia demografiko honetan ere kontuan izatea euskararen indarberritzea, eta bereziki aintzat hartzea udalerri euskaldunen egoera, haien garrantzia eta zaurgarritasuna ikusita. Estrategia honetan soilik ez, udalerrien garapenean eragina duten proiektu guztietan hartu beharko litzateke aintzat errealitate hori”, dio UEMAren ekarpenak biltzen dituen doumentuak, amaiera gisa.

Material osagarria:
· UEMAren ekarpenak Estrategia Demografikoarn inguruko Eusko Jaurlaritzaren lan-dokumentuari (dokumentua, osorik, PDFan).

Gai honi buruzko informazio osagarria:
· Estrategia demografikoan euskararen ikuspegia ere txertatzeko ekarpenak egin dizkio UEMAk Eusko Legebiltzarrari (Europa Press, 2022-05-17).
· Estrategia demografikoan euskara txertatzeko ekarpenak egin dizkio UEMAk Legebiltzarrari (naiz.eus, 2022-05-17).
· UEMAk euskara estrategia demografikoan txertatzeko eskatu dio Legebiltzarrari (Gara, 2022-05-18).
· Estrategia demografikoan euskararen ikuspegia txertatzea proposatu du UEMAk (El Diario Vasco, 2022-05-18).
· UEMAk arnasguneetako barne garapena sustatzeko neurriak eskatu ditu (Berria, 2022-05-19).

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.