Maren Belastegi UEMAko lehendakariak gutun bana bidali die, Eusko Jaurlaritzako joko eta ikuskizunen zuzendariari, Elebideri eta Hizkuntza Eskubideen Behatokiari. “Herritarrek erakunde publikoetatik antolatzen diren ikastaroak euskaraz egiteko duten eskubidea berma dadin behar besteko neurriak hartzea” eskatu du.
Herrietako jaien barruan suzko zezenak eramaten dituztenek lan hori egiteko prestakuntza dutela frogatu behar dute. Eusko Jaurlaritzaren eskumena da suzko zezenak eramateko prestakuntza ematea. 2013ko uztailaren 22an prestakuntza ikastaro bat antolatu zen. Ikastaro hura gaztelaniaz izan zen.
Urtarrilaren 28ko datarekin Eusko jaurlaritzak udaletara bidali duen gutunean adierazten da 2014ko otsailaren 21erako “Suzko zezenerako prestakuntza, aditutzat jotako kontsumitzaile taldeen arduradunentzat” ikastaroa antolatu dela Arkauteko Polizia eta Larrialdietako Akademian. Ikastaro hau ere gaztelaniaz izango da.