Hasiera » Zehaztu gabe » Udalerri Euskaldunen Eguna izanen da maiatzaren 18an Lesakan, ‘Zubiak zeharka’ lelopean

Udalerri Euskaldunen Eguna izanen da maiatzaren 18an Lesakan, ‘Zubiak zeharka’ lelopean

Bi urtetik behin izaten da Udalerri Euskaldunen Eguna, udalerri euskaldunen ekarpena festa giroan ikusarazteko eta aurrera begira dituzten erronkak nabarmentzeko. UEMAko kide diren udalerriek ez ezik, gainerako udalerri euskaldunek ere hartzen dute parte. Lesakako Udala eta UEMA elkarlanean hasi ziren eguna antolatzen, eta berehala elkartu zitzaizkien Lesakako hainbat talde eta elkarte. Guztien artean egitarau oparoa osatu dute maiatzaren 18rako, eta gaur eguerdian aurkeztu dute, Lesakako Herriko Etxean egindako agerraldian.

[Lesakako alkate Ladis Satrustegi, UEMAko lehendakari Martin Aramendi, Lesakako euskara zinegotzi Eneko Fernandez, UEMAko koordinatzaile Miren Segurola, Arranoband taldeko Itziar Telletxea, Bor-bor Bortzirietako Euskaltzaleen Mugimenduko Aitor Irazoki eta egunaren antolaketan aritu diren Lesakako hainbat elkarteetako ordezkariak, gaur eguerdian, Lesakan egindako agerraldian].


Udalerri euskaldun guztien bilgune

Martin Aramendi UEMAko lehendakariak gaurko agerraldian nabarmendu duenez, maiatzaren 18koa udalerri euskaldun guztien eguna da, ez UEMAko kide direnena soilik. “Aspaldi erabaki zen egun hau udalerri euskaldun guztion bilgune izatea, UEMAko kide izan ala ez. Gaur egun, 175 udalerri inguru dira Euskal Herriaren luze-zabalean udalerri euskaldunak. Biztanleen %70etik gora euskalduna dutenak.

Askotan nabarmendu dugu, baina maiatzaren 18an, Lesakan, festa giroan gogoratuko dugu: udalerri euskaldunek egundoko ekarpena egiten diete euskararen normalizazioari eta, oro har, Euskal Herriari. Areago: gure herriaren orube nagusiak dira, eta ez dira hitz hutsak. Aurtengo leloa ere ildo horretatik doa: zubiak zeharka. Zubiek orube sendoak behar dituzte, alde batekoak eta bestekoak elkartzeko balio dute, auzolanean eraiki izan dira mendeetan zehar, eta harri bakoitzak du garrantzia. Guztiak elkartuta sortzen da zubia, auzolanean, eta horrela gainditzen dira oztopoak. Hemen, Lesakan, badakizue zerbait zubiei buruz, eta irudi ederra da euskara eta udalerri euskaldunak zer diren islatzeko ere. Udalerri Euskaldunen Eguna bera ere zubia da, UEMA bezala: hanka bat euskalgintzan eta bestea erakunde publikoetan dugu, eta biak uztartuta ari gara lanean, auzolanean, zubigintzan”.

Martin Aramendik eskerrak eman dizkie lesakarrei hasieratik erakutsitako jarreragatik eta eguna aurrera ateratzeko azken hilabeteotan egindako lan guztiagatik: “Hasieratik, Lesakako Udalari egun hau elkarlanean antolatzeko eskua luzatu genionetik, ezin hobeto erantzun du herriak, eta bileraz bilera herriko hainbat elkarte eta eragile buru-belarri aritu da. Beraz, Lesakako Udalari eta Lesakako elkarteei eta eragileei, bene-benetan, eskerrik asko”.

Ekimen herrikoia

Lesakako euskara zinegotzi Eneko Fernandezek nabarmendu duenez, “Lesaka udalerri euskalduna da, eta harro gaude lesakarren izaeraren eta nortasunaren ezaugarri nagusienetakoa euskara izateaz, euskaldunak izateaz. Horregatik, pozgarria da Udalerri Euskaldunen Eguna herrian izatea. Ilusioz aritu gara lanean azken hilabeteotan, eta maiatzaren 18an ilusio horretara batzeko deialdia egin nahi diegu herriko, Bortzirietako eta Euskal Herri osoko euskaldun guztiei. Hasieratik, gainera, argi izan dugu honek ezin zuela izan UEMAren eta Udalaren arteko kontua soilik, ekimen herrikoia baizik. Herriko elkarte eta eragileei dei egin diegu elkarlanean eguna antolatzeko, eta bikain erantzun dute”. Bereziki, lanean aritu diren herriko elkarte eta norbanako guztiak nabarmendu ditu, eskerrak emanez. Amaitzeko, maiatzaren 18an Lesakara joateko gonbidapena egin du: “Euskaldun guztiak gonbidatuta zaudete. Egitarau ederra antolatu dugu maiatzaren 18rako eta, beraz, Lesakan esku zabalik hartuko zaituztegu”.

Antolakuntza batzordean parte hartu duten Lesakako talde eta elkarteen izenean, berriz, Bor-bor Bortzirietako Euskaltzaleen Mugimenduko kide den Aitor Irazokik hartu du hitza, eta datorren maiatzaren 18rako denen artean antolatutako egitaraua aurkeztu du.

Udalerri Euskaldunen Eguna, Lesakan: EGITARAUA
Maiatzak 18, larunbata
.

09:45 Diana. Soinulariak eta txistulariak, Harriondoatik.
10:00 · UEMAren batzar nagusia.
· Euskara taldeen topaketa: Euskararen olatu berria sortzeko gakoak.
· Haurrentzako herri kirolak.
12:30
Ekitaldia, plazan.
13:15 Fanfarrea, Lesakako Musika Eskolako ikasleekin.
14:30 Bazkaria, Bidenabar taldeak girotuta.
18:00 Bertso-triki poteoa, Maddi Ane Txoperena eta Josu Sanjurjorekin.
20:00 Larrain dantza herrikoia, Leskakao gaiteroekin.
20:45 Erromeria, Trikidantz taldearekin.
23:30 Dj festa: Fifi & Fefa.

Bazkarirako txartelak aldez aurretik eskatu behar dira, beranduenera maiatzaren 14rako. Horretarako, nahikoa da galdetegi hau betetzearekin, eskuratu nahi den txartel kopurua zehaztuz. Gainerakoan, Lesakan eta Bortzirietako zenbait lekutan ere eskuratu daitezke. Hemen leku horiei eta bazkariari buruzko informazio zehatzagoa, menuarekin eta gainerakoekin batera.

Ekitaldi instituzionala eta UEMAren batzar nagusia ere izango dira

Udalerri euskaldunak sendotzeko eta herritarren kontzientzian eragiteko, instituzioen, eragileen eta herritarren arteko elkarlana bultzatzea izan ohi da Udalerri Euskaldunen Egunaren asmoetako bat, hasieratik. Festa giroko ekitaldiez gain, beraz, izaten da ekitaldi instituzionalik ere.

Goizean, esaterako, udal ordezkariek UEMAren batzar nagusia egingo dute Lesakako Harriondoa kultur etxean, eta eguerdian, berriz, ekitaldi instituzionala izango da herriko plazan.

Batzar nagusian, UEMAren ohiko ildoez eta kontuez aritzeaz gain, UEMAko kide izateko herri berriek egindako eskaerak ere aztertuko dituzte batzarrean parte hartuko duten alkateek eta zinegotziek. Zehazki, Lakuntza, Bakaiku, Ituren eta Zegamako udalek eskatu dute UEMAko kide izatea, eta batzarkideek horiek onartzea aurreikusten da. Horrela, 111 udal izatera iritsiko da UEMA, guztien artean 346.000 biztanleko lurgune euskalduna osatuz.

Eguerdiko ekitaldi instituzionalean, berriz, udalerri euskaldunek duten garrantzia nabarmenduko dute, eta baita euskararen normalizazioari egiten dioten ekarpena ere. Erakunde publikoetako, euskalgintzako zein beste hainbat alorretako ordezkaritza ere izango da ekitaldian.

Euskara taldeen topaketa: euskararen aldeko olatu berria sortzeko gakoak

Festa giroan ondo pasatzeko eguna izan ohi da Udalerri Euskaldunen Eguna, baina lanerako eta hausnarketarako tartea ere izaten da egunean zehar. Goizean, zehazki, euskara taldeen topaketa izango da Herriko Etxean, euskararen aldeko olatu berria sortzeko gakoak aztertzeko.

Horretarako, bateko eta besteko euskara taldeen lana ezagutzea eta elkarren berri izatea garrantzitsua iruditu zaie antolatzaileei, eta lan-saio praktikoa antolatu dute Bor-bor Bortzirietako Euskaltzaleen Mugimenduaren laguntzarekin. Hasieran gaur egungo egoeraren diagnostiko laburra egingo dute, eta ondoren erronka berriei heltzeko gakoak aztertuko dituzte, saretzeko moduekin batera.


Aitortza Euskal Herrian Euskaraz taldeari eta haren sortzaileei

Udalerri Euskaldunen Egunean, ohikoa izaten da euskararen aldeko lanean nabarmendu den elkarte, herritar edo eragileren baten lana aitortzea. Aurten, UEMAk, Lesakako Udalak eta antolakuntzan aritu diren herriko eragileek horrela erabakita, Euskal Herrian Euskaraz taldeak jasoko du omenaldia, maiatzaren 18an eguerdian egingo den ekitaldi instituzionalean.

Izan ere, EHE sortzeko lehen bilerak Lesakan egin zituzten, eta hasierako talde-sortzaile hartako kide ziren Kontxi Erro eta Antton Erkizia euskaltzale lesakarrak. Horien lana aitortzea erabaki zuten antolatzaileek, baina omenaldia talde-sortzaile osoari eta EHEk urte askoan euskararen alde egin duen lanari zabalduta.

Sortu zenetik, euskararen aldeko hamaika ekimen antolatu ditu EHEk, eta egindako ibilbidea gogoratzeko, eskerrak emateko, eta taldekide izan direnei dagokien aitortza egiteko modua izango da omenaldia.

Abestia eta bideoklipa: ‘Solasa izan’

Udalerri Euskaldunen Egunaren harira, Solasa izan izeneko abestia ere egin dute lesakarrek, elkarlanean. Ekhiñe Zapiainek eta Itziar Telletxeak idatzi dituzte hitzak, eta Arranoband taldeak sortu du musika. Ibai Gogortza aritu da teknikari lanetan. Abestian eta bideoklipean lesakar askok hartu dute parte. Bideoklipa, berriz, Mikel Leizaren lana izan da.

Hemen abestia eta bideoklipa:

Honakoek hartu dute parte abestian eta bideoklipean:

· Musika: Arranoband.
· Hitzak: Ekhiñe Zapiain eta Itziar Telletxea.
· Ahotsa eta gitarra: Itziar Telletxea.
· Akordeoia: Gorka Urtasun.
· Txistua eta txirula: Gaizka Sarasola.
· Zeharkako flauta: Nahia Baylon.
· Tuba: Ibon Txoperena.
· Klarinetea: Eduardo Conde.
· Bateria: Jon Ander Ruiz.
· Grabazioa, nahasketak eta ekoizpena: Ibai Gogortza.
· Bideokliparen grabazioa eta edizioa: Mikel Leiza.

SOLASA IZAN

Natura da norbera, erreka, mendi zatia,
beso biak zabalik, mundu bati irekia

Sustrai-oin, suzko gorputz, ur bihotz zein txori buru
paisaiarik ederrena mingainaren puntan dugu

(Errepika)

Solasa bada izatea ta jendea euskara…
Lurrari hitza emateko herria gara

Harreman bat ez al da hizkuntzaren muina edo?
Lehendik hartu duguna ematen badugu gero!

Nire hotsak isuri, zure soinutikan edan,
elkarrekin bakarrik egin dezakegu hegan!

Plaza, erreka, etxe, baserri baten zatia,
euskara da leku bat gure baitan eraikia

Errekaren gainean zubia dago begira
Garai zaharretik edan, berriak ere iturrira

Solasa bada izatea ta jendea euskara…
Lurrari hitza emateko herria gara

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.