Hasiera » Zehaztu gabe » Mendexako Udalak UEMAko kide izatea erabaki du, aho batez

Mendexako Udalak UEMAko kide izatea erabaki du, aho batez

Mendexako Udalak atzo arratsaldean egindako udal osoko bilkuran erabaki zuen UEMAko kide izatea. Abendutik aurrera, UEMAko 103. udalerria bihurtuko da Lea-Artibaiko herria.

EH Bilduko bost ordezkarien eta EAJko bi ordezkarien aldeko botoekin, Mendexako Udalak aho batez UEMAko kide izatea erabaki zuen atzo, azaroko udal osoko ohiko bilkuran.

Bizkaiko ipar-ekialdeko herria da Mendexa. Lea-Artibai eskualdean dago. Zehazki, Lea ibarreko herrietatik itsasoaren magalean dagoen bakarra da. Karraspio hondartza, esaterako, Mendexari dagokio. Dena dela, herriaren erdigunea barrualdean dago.

425 biztanle ditu Mendexak, eta euskaldunen indizea % 88,35 da biztanleen artean. UEMAra sartzeko erabakiarekin, udalean zein udalerrian hizkuntza normalizazioan eragiteko asmoa du Mendexako Udalak, urrats berriak eginez herritarrekin zein udal langileekin.

UEMAk abenduaren 16an egitekoa du urte amaierako batzar nagusia, Orion, eta orduan aztertuko dituzte mankomunitatera sartzeko herriek egindako eskaera berriak. Batzar horretan Mendexaren eskaera onartzean, UEMAko kide den 103. udalerria izango da Lea-Artibaiko herria.

UEMAk martxoan gainditu zuen 100 udalen langa, eta orain arteko ibilbidea gogoratzeko eta bidelagunei eskerrak emateko egindako ekitaldian gogoratu zuten bezala, hasieran zenbait udalek sortutako mankomunitatea inoiz baino sendoago dago gaur egun. Mendexa batzean, 306.500 biztanleko lurgune euskalduna osatuko dute UEMAko kide diren udalerrien artean.

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.