Zinema aretoetan dagoen euskarazko eskaintza urriari erantzuteko asmoz, Zinuema egitasmoa sortu zuen UEMAk azaroan, Tinko Filmeak-ekin elkarlanean. Euskarazko 12 ikus-entzunezkoren egitaraua izan zen ekimenaren oinarria, eta eskaintza egonkor baterako esperientzia pilotua izateko asmoz abiarazi zuten lehendabizi UEMAko lau udalerritan: Igorren, Etxarri-Aranatzen, Azpeitian eta Ataunen. Askotariko film eta dokumentalak eman zituzten lau herriotan, azarotik martxora bitartean. Behin esperientzia pilotuaren datuak aztertuta eta balorazioa eginda, hurrengo urratsak iragarri ditu orain UEMAk, ekimena udalerri gehiagotara zabaltzeko. Guztira, lau herrietan 2.123 ikusle izan ditu Zinuemak, harrera ona izan du herrietan, eta aurrera egiteko zenbakiak ere ezagutarazi dituzte antolatzaileek: milioi bat euro behar da urte osoan astero estreinaldietan oinarritutako euskarazko zinema eskaintza bermatzeko.
[Astero estreinaldietan oinarritutako euskarazko zinema eskaintza bermatzeko zenbakiak ezagutarazi ditu UEMAk, eta horiek lortzeko urratsak egingo ditu irailetik aurrera].Balorazio orokorra eta txosten nagusia zehatza eta luzea den arren, Igorren, Etxarri-Aranatzen, Azpeitian eta Ataunen egindako esperientzia pilotuaren ondorio nagusiak bost zertzelada handitan laburtu ditu UEMAk.
· Haurrentzako filmek izan dute ikusle gehien.
· Dokumentalek oro har ez dute arrakasta handirik izan. Kontrakoa: ikusle gutxi izan dute.
· Helduentzako fikziozko filmen hutsunea sumatu da.
· Estreinaldiek ere oso ongi funtzionatu dute, haurrentzako filmek bezala.
· EiTBren aurrestrainaldiek egundoko erantzuna izan dute, eta giltzarria izan da EiTBren laguntza ekimena arrakastatsua izan dadin.
· Bono-sistemak ez du funtzionatu. Gehiengo handi batek ohiko sarrera erosi du, eta gutxi izan dira bonoak erosi dituztenak (358).
· Haurrentzako filmek, helduentzako fikzioak eta estreinaldiek oso ondo funtzionatu izanak erakutsi du eskaera badagoela, baina ez dago horri erantzuteko adinako ekoizpenik eta eskaintzarik.
Esperientzia pilotuaren ondoren datu horiek izanda, ondorioak aterata, eta bateko eta besteko udalek ekimena dagokien udalerrietara zabaltzeko UEMAri egindako eskaerari eantzunez, hurrengo urratsak zehaztu eta adostu ditu UEMAk. Batetik, Zinuema II deitu duena: ekimenean parte hartzeko gogoa erakusi duten udaletara zabalduko litzateke, 2023ko udazkenean eta neguan, eta lehen lau herrietan bezala, zenbait hilabeterako euskarazko eskaintza izango litzateke.
Eskaintza sendo eta iraunkorra bermatzeko ahalegina egingo du UEMAk
UEMAren asmoa, ordea, harago doa. Bigarren fasea gainditu eta Zinuema III ekimena UEMAko kide diren ahalik eta herri gehienetan bideratzea da mankomunitatearen helburua. Izan ere, azken ikerketek eta datuek erakutsi duten moduan, ikus-entzunezkoen kontsumoan erdaren oso azpitik dago euskara udalerri euskaldunenetan ere, eta horrek eragin nabarmena du gero hizkuntza-ohituretan, batez ere hiztun gazteen artean.
Horregatik, UEMArentzat estrategikoa da euskarazko ikus-entzunezko eskaintza sendoa eta iraunkorra bermatzea udalerri euskaldunetan, eta hori aldi zehatzetarako soilik beharrean urte osokoa eta etengabea izatea nahi du.
Hirugarren fase hori bideratu ahal izateko, ekoizpen, eskubide, bikoizketa, banaketa eta gainerakoetarako kostu guztiak zehazki kalkulatu dituzte UEMAk eta Tinkok. Udalei horien guztien berri emango die udazkenean UEMAk, baina kontuek erakutsitakoa zenbakietara ekarri eta argia da laburpena: milioi bat euro behar da urte osoan astero estreinaldietan oinarritutako euskarazko zinema eskaintza bermatzeko. Hori herri bakar batean eskaintzea, UEMAko herri guztietara zabaltzea, edota Euskal Herri osora ere hedatzea beste kontu bat da, eta sarreretatik lortuko litzatekeen kopurua aldatuko litzateke, baina eskaintza bermatzeko kostua, bere horretan, milioi bat euro inguru da.
Kopuru hori lortzeko lanari ekingo dio UEMAk udazkenean, hainbat erakunde publikoren laguntza lehenetsiz baina enpresa pribatuen babesletza ere baztertu gabe. Izan ere, UEMAk argi du bere eskumenetik kanpo dagoen arloa dela hau, baina gaiak udalerri euskaldunetan duen eraginagatik ahalegina egitea merezi duela erabaki du zuzendaritza batzordeak. Gainerako erakunde publikoekin harremanak estutu, eta beste zenbait eragilerekin, enpresa pribatuekin zein fundazioekin ere bilduko da. Horretarako plangintza eta egutegi zehatza prestatuko du, hurrengo hilabeteotan ahalik eta lasterren jakiteko ekimena bideratu ahal izango den UEMAko kide diren herri guztietan, ala laguntza faltagatik bazterrera utzi beharko duen.