Hasiera » Zehaztu gabe » Aurtengo Salto! udalekuaren balorazio “oso positiboa” egin du UEMAk

Aurtengo Salto! udalekuaren balorazio “oso positiboa” egin du UEMAk

“Ederra izan da aurten ere udalerri euskaldunetako gazteen Salto! udalekua”. Hamar egunez Orozkotik Dimarako bidea egin ondoren, pasa den asteartean amaitu zen 120 gazte bildu dituen ekimena, eta gustura itzuli dira gazteak udalekutik, lagun, herri eta kontu berriak ezagutu ondoren. Udalerri euskaldunetako gazteak euskararen inguruan sentsibilizatzea, kontzientziatzea eta eragile aktibo bihurtzea da UEMAk antolatu ohi duen udalekuaren helburua, eta horretarako ekimenez betetako egitarau oparoa izan dute hamar egunez, Hezten aisialdi taldeko hezitzaileen ardurapean. Irati Odriozola UEMAko aisialdi arduradunaren hitzetan, “helburuak beteta eta balorazio oso positiboarekin eman diogu amaiera aurtengo udalekuari. Udalerri euskaldunetako gazteen artean gero eta oihartzun eta arrakasta handiagoa du ekimenak. Gazteak saretzeko eta kontzientziatzeko aukera ederra da, eta urtez urte parte-hartzaileen kopurua handitzeko ahalegina ere egiten dugu, aurten bezala”.

[Udalekuan parte hartu duten gazteek egun hauetan beraien artean sortu den giro ederra nabarmendu dute].

Udalekua amaituta, gustura agertu da azken hilabeteotan Hezten aisialdi taldeko hezitzaileekin batera ekimena koordinatzeaz arduratu den Irati Odriozola UEMAko aisialdi arduraduna: “Aurten ere gazteen arteko sareak sortzea eta parte hartzaileak euskararen inguruan kontzientziatzea lortu du udalekuak, eta oso pozik gaude gazteen artean sortu den giroarekin”. Gainera, nabarmendu duenez, “helburua beteta dago, eta oso positiboa da balorazioa”.

Ekimena ibiltaria izatea aurten ere gazteentzat erakargarria dela dio Odriozolak: “Aurten Orozkon, Areatzan, Otxandion eta Diman bina gau pasatu dituzte gazteek, eta gustatu zaie Orozkotik Dimarako bidean herriak eta bazterrak ezagutzea”.

Aurten, berrikuntza gisa, UEMAk lehiaketa publiko bidez esleitu du udalekuaren kudeaketa, eta lehiaketa irabazita Hezten aisialdi elkarteak izan du udalekuaren ardura. Bertako hezitzaileak aritu dira hamar egunez gazteekin lanean, eta UEMArentzat beste urrats bat izan da “udalekua modu eraginkor, profesional eta hezitzailean kudeatzeko”, beti ere aldez aurretik Hezten elkartearekin bilerak eginda, udalekuaren helburuak eta asmoak landuta eta UEMAren irizpideak ezagutarazita. “Aisialdi euskaltzalean lan egiten duen elkartea da Hezten, eta lantzen dituen proiektuak eta egiten duen lana beti ere euskaratik eta euskaraz lantzen eta egiten du, eta hasieratik ederki ulertu dute zein den udalekuaren asmoa eta helburua, eta ezin hobeto aritu dira lanean. Horrekin ere, oso gustura dago UEMA”.

UEMAren ‘Hedatu’ hezkuntza proiektuaren osagarri

Euskararen inguruan herritarrak kontzientziatzeko eta sentsibilizatzeko ekimenak dira UEMAren ildo nagusietako bat azken urteotan. Horren baitan, euskararen arnasguneei buruzko hezkuntza proiektua abian du UEMAk, eta irakasleekin eta gurasoekin ez ezik ikastetxeetan ere aritzen dira lanean UEMAko teknikariak, Haur Hezkuntzako, DBHko eta Batxilergoko ikasleekin. Ikasleen artean hizkuntza ekologiaren diskurtsoa zabaltzea eta arnasguneen garrantzia nabarmentzea da proiektuaren helburua, gazteei euskararen normalizazio prozesuan duten garrantzia ikusarazteaz gain.

Proiektua are gehiago garatzeko, hezkuntza arautuaren mugak gainditu eta udalerri euskaldunetako gazteentzako topaketak eta udalekuak antolatu ditu UEMAk azken urteotan. Euskaraz bizi diren gazteek inertziatik kontzientziarako saltoa ematea eta horrekin efektu biderkatzailea sortzea da helburua. Aisialdiarekin eta euskal kulturarekin lotutako egitarau erakargarriarekin, gazteak sentsibilizatu eta ahalduntze kolektiborako urratsa eman nahi da urteroko topaketa hauekin.

Udalekuaren jarraipena, sare sozialetan

Udalekuaren berri emateko, iaz bezala, Salto! Telegram kanala eta Instagram kontua erabili ditu UEMAk, egunero kontu nabarmenenak eta zenbait argazki edo bideo zabalduz. Horietan ikus daiteke zehatzago udalekuaren nondik norakoa.

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.