Hasiera » Zehaztu gabe » ‘Bertatik bertara’ kanpaina abiarazi dute uda honetan ere UEMAk eta udalek, zerbitzu sektorean euskara areagotzeko

‘Bertatik bertara’ kanpaina abiarazi dute uda honetan ere UEMAk eta udalek, zerbitzu sektorean euskara areagotzeko

Laugarren aldiz, bisitariak zein bisitariekin harremana duten zerbitzu sektoreko arduradunak eta langileak euskara aintzat hartzera gonbidatzeko kanpaina egingo dute uda honetan ere udalerri euskaldunetan. Horretarako hainbat baliabide eskainiko dituzte UEMAk eta bertako kide diren dozenaka udalek, eta 300.000 mahai-gaineko inguru banatuko dituzte ostalarien artean. Hainbat garapen agentziak ere egingo dute bat kanpainarekin, aurreko urteetan bezala. Gaur hasi eta irailaren erdialdera izango da kanpaina.

Bertatik Bertara kanpainarekin, bertako produktuen, paisaiaren eta gainerako eskaintza zabalaren artean, udalerri euskaldunen nortasuna egokien islatzen duena euskara dela nabarmendu nahi dute aurten ere UEMAk Bertatik Bertara kanpainarekin, ekimenean parte hartuko duten udalekin eta garapen agentziekin batera.

Horretarako, bisitarientzat eta zerbitzu sektoreko arduradunentzat eta langileentzat hainbat baliabide prestatu ditu, eta ekainaren erdialdetik aurrera erabilgarri izango dira guztiak: udalen webguneetarako eta sare sozialetarako bannerrak eta testuak, tabernetan eta jatetxeetan erabiltzeko mahai gainekoak, zerbitzu sektoreko eragileei kanpainaren berri emateko baliabideak, eta bisitariek telefonoetan erabili ahal izateko hiztegia, besteak beste. Aurten, gainera, lehen aldiz, Turismo bulegoetan zein bisitariak hartzen dituzten ostatu, landetxe eta antzekoetan zabaltzeko diptikoak ere prestatu ditu UEMAk, euskaraz, ingelesez, katalanez, gazteleraz, frantsesez eta galizieraz.

Bertako hizkuntza ere kalitatea eta hurbiltasuna erakusteko ezinbesteko osagaia dela gogoratu nahi die kanpainak zerbitzu sektoreko arduradunei. Kanpainaren koordinatzailea den UEMAko Goizane Aranaren hitzetan, “askotan bertako hizkuntza alde batera uzten dugu, bisitariei arreta erdaretatik eskainita. Ez du zentzurik, egindako inkestek eta ikerketek argi erakusten baitute bisitari asko berariaz etortzen dela udalerri euskaldunetara, eta euskara ikustea eta entzutea gustukoa dutela”.

Hori guztia gogorarazteko eta kanpainaren berri emateko, UEMAko kide diren herrietako merkatariei eta ostalariei helarazi zaie ekimenaren berri. Merkataritza zerbitzua UEMAk eskaintzen duen herrietan, posta arruntez jaso dute informazioa 2.000 biztanletik beherako herrietan. 2.000 biztanle baino gehiagoko herrietan, berriz, udalak arduratu dira informazio orriak banatzeaz. Azkenik, merkataritza zerbitzua UEMAk eskaintzen ez duen herrietan, informazio orria PDF formatuan jaso dute udalek, egokien ikusten duten moduan zabaltzeko zerbitzu sektorean zein udalen webguneetan eta sare sozialetan.

Eskuorria, gainera, denda, taberna eta jatetxeen ate edo erakusleihoetan itsasteko moduan diseinatu dute, eta euskaraz aritzeko oinarri-oinarrizko hiztegira ere bideratzen ditu bisitariak, QR kodearekin. Gazteleraz, katalanez, frantsesez, ingelesez eta galizieraz dago hiztegia.

Era berean, kanpainaren berri emateko spota ere prestatu du UEMAk, bisitariek taberna eta jatetxeetan aurkituko duten mahai-gainekoaren osagarri.

BERTATIK BERTARA KANPAINAREN MATERIAL OSAGARRIA:
· Diptikoa, euskaraz eta ingelesez (PDFa).
· Diptikoa, katalanez eta euskaraz (PDFa).
· Diptikoa, gazteleraz eta euskaraz (PDFa).
· Diptikoa, frantsesez eta euskaraz (PDFa).
· Diptikoa, galizieraz eta euskaraz (PDFa).



Gai honi buruzko informazio osagarria (HEMEROTEKA):

· UEMAk ‘Bertatik Bertara’ kanpaina abiatu du uda honetan ere (Europa Press, 2023-06-16).
· ‘Bertatik Bertara’ zerbitzu sektorean euskararen erabilera bultzatzeko kanpaina abiatu du UEMAk (bergara.eus, 2023-06-15).
· Zerbitzuen sektorean euskara areagotzeko kanpaina (El Diario Vasco, 2023-06-19).
· UEMAk eta udalek uda honetan ere euskara sustatu nahi dute zerbitzuen sektorean (El Correo, 2023-06-19).
· Ostalaritzan euskararen erabilera bultzatzeko ‘Bertatik Bertara’ kanpainarekin bat egin du Bergarako Udalak (bergara.eus, 2023-07-10).
· ‘Bertatik Bertara’ kanpainarekin bat egin du Bergarako Udalak aurten ere (goiena.eus, 2023-07-10).

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.