Hasiera » Zehaztu gabe » UEMAko udalerrietan hamar osasun-langiletik hiruk ez daukate euskara-maila egiaztatuta

UEMAko udalerrietan hamar osasun-langiletik hiruk ez daukate euskara-maila egiaztatuta

UEMAko kide diren 101 udalerrietako osasun zerbitzu publikoetako datuak behatu, aztertu eta herritarren hizkuntza eskubideak zenbateraino bermatzen diren neurtu du UEMAk, eta egindako lanaren emaitza txosten mardulean bildu eta argitaratu du: UEMAko herrien osasun-zerbitzua. Osasun-langileen euskara-gaitasunaren azterketa. UEMAko udalerrietan hamar osasun-langiletik hiruk ez daukate euskara-maila egiaztatuta —Osakidetzan % 19k eta Osasunbidean % 75ek—. Areago, ospitaleetan, langileen bi herenek ez daukate euskara-gaitasuna egiaztatuta —Osakidetzan % 57k eta Osasunbidean % 99k—. Hamarkada hauetan pauso handiak eman diren arren langile euskaldunen kopurua areagotzen, hizkuntza-eskakizunak egituraz urratzen dira oraindik. Bereziki aipatzekoa da pediatrian dagoen hutsunea: nahiz eta euskaraz jakiteko beharra ezarria daukaten postu gehienek, gaur egun horietako askotan daude euskaraz ez dakiten langileak.

UEMAren ildo estrategikoetako bat da udalerriak erabat euskalduntzea, eta, helburu hori lortzeko, osasun-zerbitzuan ere bermatu behar da herritarrek aukera izango dutela euskaraz aritzeko. Horretarako, besteak beste, herrietan sortzen diren gorabeheren jarraipena egiten du UEMAk, dagokion osasun-zerbitzuaren bidez arazoak bideratzen ahalegintzeko. Horrez gain, bi urtean behin azterketa sakona egiten du, udalerriz udalerriko egoera zein den ikusteko.

Aurrekoetan bezala, aurtengo behaketaren abiapuntua ere argia da: “Osasun zerbitzua euskaraz jasotzea herritarren eskubidea da eta, beraz, erakunde publikoen obligazioa. Eskubide horiek bermatzeko, pauso handiak eman dira azken hamarkadotan, baina egunero urratzen dira eskubideak oraindik”.

Metodologia: hiru geruzatako zerbitzuak aztergai

Metodologiari dagokionez, hiru geruzatako zerbitzuak aztertu ditu UEMAk: mankomunitateko kide diren 101 herrietako 64 osasun etxeak eta larrialdi zerbitzuak, UEMAko herriei arreta ematen dieten osasun zentroak (25) eta UEMAko herriei dagozkien erreferentziazko ospitaleak (11).

LEHEN GERUZA: osasun etxeak

Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako datuak batuta, zehazki, osasun etxeetan Osakidetzak eta Osasunbideak 821 lanpostu dauzkate UEMAko kide diren 101 herrietan. Osakidetzak 669 postu eta Osasunbideak 152 postu.

821 lanpostu horietatik % 87k daukate euskaraz jakiteko derrigortasuna ezarria: 714 lanpostuk. Arlo ia guztietan postu gehienek dute euskaraz jakiteko baldintza, eta pediatretan eta emaginetan postu guztiek dute baldintza jarria.

Kontu bat da zenbat postutan den euskara jakin beharrekoa. Beste kontu bat da, ordea, zenbat lanpostutan ari diren euskarazko gaitasuna egiaztatu duten langileak. Informazio hori eskuratzeko izan du muga bat UEMAk: Osasunbideak euskara jakitea derrigorrezkoa den postuetan soilik aztertu baitu langileak euskaraz badakien ala ez; gainerakoetan, beraz, langileak ez dakiela hartu da oinarritzat. Ondorioz, argazki orokorra hau da: postuen % 70ean daude hizkuntza-eskakizuna egiaztatutako beharginak; horrenbestez, hamar postutik hirutan, ez.

Arlo batetik bestera bada alderik euskara egiaztatzeari dagokionez. Erizain laguntzaileetan eta bestelakoetan, gehienak egiztatu gabe daude. Gainerakoetan, gehienek badute, baina betiere bost langiletik bat baino gehiago ari dira egiaztatu gabe. Pediatretan, bostetik bik ez dute euskara-maila.

Arlo batetik bestera ez ezik, osasun-zerbitzu batetik bestera ere aldea aldatu egiten da. Osakidetzari dagokionez, UEMAko udalerrietako lanpostuen % 99k daukate derrigortasuna: 669 lanpostuetatik 663k. Osasunbidean, berriz, UEMAko udalerrietako lanpostu gehienetan ez dute euskaraz jakitea eskatzen: 152 lanpostuetatik 51tan dago derrigortasuna finkatua (postuen % 34).

Laburtuz, hauek dira lehen geruzari dagozkion gako nagusiak:
· UEMAko 64 herritan daude osasun-etxeak, eta guztira 821 lanpostu daude horietan: Osakidetzaren 669 eta Osasunbidearen 152.
· Lanpostu gehienek, % 89k, bete beharreko hizkuntza-eskakizuna daukate. Aldea dago Osakidetzatik (% 99) Osasunbidera (% 34).
· Egiaztatzeari dagokionez, ia hiru langiletik bat ari da UEMAko herrietan euskara-maila egiaztatu gabe (% 30). Sistemaren arabera alde handia dago egiaztatzeari dagokionez: Osakidetzan, ez du egiaztatu bostetik batek (% 19); Osasunbidean, lautik hiruk (% 75).
· Hutsik dauden lanpostuetan, pediatriakoa da nabarmenena: UEMAko udalerrietan 45 postu daude, eta 11 bete gabe daude (% 24).

Bigarren eta hirugarren geruzetan egoera okerragoa

Bigarren eta hirugarren geruzetan egoera okerroagoa da. UEMAko udalerri batzuetan ez dute osasun etxerik, edo horietan ez dituzte oinarrizko zerbitzu denak ematen, eta beste udalerri batzuetara joan behar izaten dute herritarrek.

Zehazki, beste herri batzuetako 35 zentrotan ematen diete lehen arreta UEMAko udalerrietako pazienteei, 376 langileren artean. Lanpostu horietan, zazpitik seitan derrigor jakin behar da euskara (%86): Osakidetzan % 96 dira derrigorrak; Osasunbidean, % 28. Osakidetzan, lau langiletik batek dauka postuaren eskakizuna egiaztatu gabe (%27), eta Osasunbidean, ia bostetik lauk (% 78).

Azkenik, oinarrizko osasun arretatik harago udalerri guztiek izendatuta duten erreferentziazko ospitaleetan, berriz, ia langileen erdiak dira euskaraz ez dakitenak (%49). Dena dela, alde handiak daude 11 ospitale horietan, batetik bestera. Gipuzkoako ospitaleetan eta Gernikakoan langile gehienek dute egiaztatuta eskakizuna, baina ez Arabako ospitalean eta Bizkaiko gainerakoetan.

Erreferentziako 11 ospitale horietan, 22.704 lanpostu daude: Osakidetzan, 16.585; Osasunbidean, 6.119. Osakidetzan, postuen ia erdiek dute jarria derrigortasuna; Osasunbidean, % 1ek ere ez. Eskakizuna betetzeari dagokionez, langileen % 57k dute maila egiaztatu gabe Osakidetzan.
Espezialitate gehienetan, eskakizuna duten postuen kopurua baino apalagoa da maila egiaztatutako langileena; administrarietan eta pediatretan daude diferentzia handienak. Osasunbidean egoera makurra da: postuen % 1ek ere ez dute eskakizuna zehaztua, eta postu horietako batzuetan maila egiaztatu gabeko langileak ari dira, gainera. Postu guztien % 0,5ean daude euskara egiaztatua duten langileak —betiere euskara derrigor jakiteko baldintza duten postuak oinarri hartuta—.


ONDORIO NAGUSIAK

UEMAko udalerrietako bizilagunei osasun-zerbitzua ematen dieten eremu guztiak aztertu ditu UEMAk: mankomunitateko kide diren 101 herrietako osasun-etxeak, beste herri batzuetako osasun-zentroak eta erreferentziazko ospitaleak. Guztia behatuta, bost ondorio nagusitan laburtu du egoera txostenean.

1. Eboluzio argirik ez. Aurreko urteetan ere egin ditu antzeko azterketak UEMAk, nahiz eta datuak ez diren zuzenean alderagarriak —batetik, UEMA hedatzearen ondorioz herri gehiago sartu direlako aurtengo azterketan, eta, bestetik, aurten aurrekoetan baino datu zehatzagoak eskuratu direlako—. Hala ere, udalerriz udalerriko emaitzak aintzat hartuta, esan daiteke urteotan ez dela aurrerapauso esanguratsurik izan langileen ezagutza aldetik.

2. Sareak. Hutsuneak egiturazkoak dira osasun-zerbitzuan oro har, baina oso alde handiak daude Osakidetzaren eta Osasunbidearen artean: Osakidetzan, UEMAko udalerrietako lanpostu gehienek ezarria dute euskaraz jakiteko betekizuna, baina Osasunbidean postuen herenek dute betebeharra. UEMAko udalerrietatik kanpo txikiagoa da euskaraz jakin beharreko lanpostuen ehunekoa, baina aldea handia da bi sareen artean: erietxeetan, Osakidetzan postuen ia erdietan behar da euskaraz jakitea; Osasunbidean, % 1ean ere ez. Azken bi urteetan Osakidetzan nabarmen handitu da derrigortasunen kopurua erietxeetan.

3. Eskakizunak betetzea. Postuen eskakizunetatik harago, bereziki erreparatzekoak dira hizkuntza-gaitasuna egiaztatzeari buruzko datuak; alegia, benetan zenbat langile diren gai euskaraz ere zerbitzua emateko. Hutsuneak agerikoak dira: UEMAko udalerrietan hamar osasun-langiletik hiruk ez daukate euskara-maila egiaztatuta —Osakidetzan % 19k eta Osasunbidean % 75ek—; areago, ospitaleetan, langileen bi herenek ez daukate euskara-gaitasuna egiaztatuta —Osakidetzan % 57k eta Osasunbidean % 99k—. Hamarkada hauetan pauso handiak eman dira langile euskaldunen kopurua areagotzen, batez ere Osakidetzan, baina bistakoa da oraindik hizkuntza-eskakizunak egituraz urratzen direla. Bereziki aipatzekoa da pediatrian dagoen hutsunea: nahiz eta euskaraz jakiteko beharra ezarria daukaten postu gehienek, horietako askotan daude euskaraz ez dakiten langileak.

4. Hutsuneak eta ordezkapenak. Osasun-zerbitzuan gorabehera handiak izan dira azken urteotan, profesionalen faltak eraginda: postu batzuk hutsik daude denbora luzez, eta beste askotan izan dituzte aldizkako arazoak, profesionalen opor-garaian edo gaixoaldian. UEMAko udalerri askotan daude postuak hutsik, bereziki pediatrian. Arazo larria da hori, eta bideratu beharrekoa: udalerri euskaldunen garapenerako ezinbestekoa da, izan ere, zerbitzu publikoak bermatzea. Baina lanpostuak beteta egotetik harago, gogoan hartu behar dira hizkuntza-eskubideak ere: herritarrek eskubidea dute osasun-langileekin eurek hautatutako hizkuntza ofizialean jarduteko. Hots, profesional gabeziaren testuingurua ez litzatekeela baliatu beharko hizkuntza-eskubideak bigarren mailan uzteko: erakundeen obligazioa da eskubide horiek bermatzea.

5. Egiturazko erabakiak. Herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzeko eta euskarazko arreta eman ahal izateko, ezinbestekoa da egiturazko neurri gehiago hartzea. Lehenik, profesional faltaren aurrean, ezinbestekoa da etorkizuneko osasun-langileak euskaraz trebatzeko neurriak hartzea unibertsitateetan: hori da oinarrizko zimendua, eta hutsune esanguratsuak daude. Bigarrenik, egungo egoeran, euskarazko zerbitzua eskaintzeko sistemak egituratu behar dira, besteak beste, euskarazko arreta emateko zirkuituen bidez; Nafarroan, aurreko pausoa ere falta da, lanpostu gehien-gehienetan ez baita euskaraz jakitea eskatzen ere. Hirugarrenik, erabileran eragiteko irizpideak: azterketa honetan gaitasunari erreparatu zaio, langileek egiaztatutako gaitasunari, baina hortik haragoko neurriak behar dira erabileran eragiteko: langileek segitu beharreko hizkuntza-irizpideak.

TXOSTENA, OSORIK (PDFan):
· UEMAko herrien osasun-zerbitzua. Osasun-langileen euskara-gaitasunaren azterketa.

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.