Euskalgintzaren Kontseiluak deituta, euskararen aurka azkenaldian epaitegietatik heldutako oldarraldia salatzeko agerraldia egin dute gaur Bilbon. 11:00etan hasita. Hedabideen aurrean Kafe Antzokian hitz egin ondoren, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren aurrean elkartu dira Kontseiluko bazkideak eta euskalgintzako eragileak, eta bertan izan da UEMA ere. Iragarri dutenez, egoera larriaren aurrean “mobilizazio soziala ezinbestekoa da”, eta manifestaziora deitu du Kontseiluak, azaroaren 4an, Bilbon.
Erandioko udaltzain lanpostu baten hizkuntza eskakizuna atzera bota du oraintsu Bilboko Administrazioren Auzien 1. Epaitegiak. Erandion udaltzain jarduteko lanpostu bati ezarritako B2 hizkuntza eskakizunaren derrigortasunari helegitea jarri zion behin-behinean lanean ari zen udaltzain batek, eta aldeko epaia lortu du.
Azken ebazpen judiziala euskararen aurkako oldarraldiaren beste katebegi bat soilik dela iritzita, nahikoa dela esateko eta benetako lege-babesa aldarrikatzeko bilkura deitu du gaur goizean Kontseiluak Bilbon. Bertan izan dira UEMAko lehendakari Iraitz Lazkano eta UEMAko koordinatzaile Miren Segurola ere.
UEMA: “Euskarak ezinbestekoa du benetako lege-babesa”.
UEMAko lehendakari Iraitz Lazkanok adierazi duenez, “Erandioko Udalaren aurkako epaia bat gehiago da. Azken hilabeteotan antzeko beste hainbat ere izan dira. Batzuetan udalek langile publikoei euskararen ezagutza eskatzeko duten eskumena mugatu nahi izan dute. Besteetan, berriz, erakunde publikoek eskaintzen dituzten zerbitzuetan herritarrekin euskaraz aritzeko eskubidea jarri dute zalantzan. Tantaka, bata bestearen atzetik datoz epaiak, eta ez dirudi honek etenik izango duenik. Honek, noski, euskaraz aritzeko udalek eta gaineako erakundeek duten eskubidea mugatzen du, eta herritarren hizkuntza eskubideak ere nabarmen urratzen ditu. Horregatik, behin eta berriro aldarrikatu dugun moduan, euskarak ezinbestekoa du benetako lege-babesa. Ordua da benetako lege-babesa izan dezagun euskaldunak bigarren mailako herritarrak izateari uzteko”.
UEMAko lehendakariak bat egin du Kontseiluak gaur iragarritako deialdiarekin, eta azaroaren 4an euskaldunon eskubideen defentsan Bilboko kaleak betetzeko deia egin die udalerri euskaldunetako herritarrei. “Erakunde publikoei eredu izatea dagokigunez, UEMAko kide diren udalei eta udal ordezkariei ere bertan izateko deia egiten diegu”.