Hasiera » Zehaztu gabe » ‘Zatoz euskaraz udalera’ kanpaina abiarazi dute Debagoieneko udalek eta Mankomunitateak

‘Zatoz euskaraz udalera’ kanpaina abiarazi dute Debagoieneko udalek eta Mankomunitateak

Maiatzaren 28ko udal hauteskundeetarako hilabete falta denean, Zatoz euskaraz udalera kanpaina abiarazi dute Debagoienako udalek eta Mankomunitateak, alderdi politikoak sentsibilizatzeko hautagai euskaldunen aldeko apustua egin dezaten.

Alderdi politikoez gain, herritarrengan ere eragin nahi du kanpainak, hauteskundeetan egiten duten hautuan hausnarketa kontzientea egin dezaten, herritarren esku ere badagoelako euskarak irabaztea. EiTBko kazetari eta albistegietako aurkezle Nerea Reparaz da kanpainaren protagonista.

Kanpainaren sustatzaileek nabarmendu dutenez, “azken 30 urteotan udal administrazioetan ahalegin handia egin da euskararen erabilera sustatzeko, eta, gaur egun, Debagoieneko udal zerbitzuetan euskara da zerbitzu eta lan hizkuntza. Ia langile guztiek dute euskaraz lan-egiteko gaitasuna, eta herritarrekin harremana duten langile guztiek dakite euskaraz. Zinegotzien kasuan ere, funtzio publikoa betetzen duten neurrian, eta herritarrekin harremana duten heinean, euskararen ezagutza ezinbestekoa da”.

“Hala, udaletan azken urteotan egin den ahaleginari eusteko eta euskararen normalizazioan pauso berriak emateko, ezinbestekoa da udal hauteskundeetako zerrendetako ordezkariak euskaldunak izatea, edo gutxienez euskaraz ulertzea, udaletako funtzionamendua euskaraz baita. Horren berri ematea eta, oro har, alderdiak eta, bereziki, gizartea euskararen erabileraren inguruan sentsibilizatzea dira kanpaina berriaren helburuak”.

Izan ere, herritarrek hauteskundeetan egiten duten hausnarketan eragin nahi da, eta fokua haiengan ere jarri; azken batean, herritarren esku dago bozka zein alderdik jasoko duen, eta garrantzitsua da euskara ere irizpide izatea. Bereziki horretan jarri nahi du indarra kanpainak.

Kanpaina sareetara bideratuko dute Debagoieneko Mankomunitateak eta udalek. Nerea Reparaz ETBko albistegietako kazetariaren parte-hartzearekin egin da kanpainaren pieza nagusia. ETBko albistegietako aurpegi ezaguna da Reparaz, gaur egun aurpegi erreferentea euskal kazetaritzan. Kanpainaren azken mezua argi eta garbi azaltzen du protagonistak: Debagoienak hautagai euskaldunak behar ditu eta herritarrek dute gakoa. Kanpaina apirilaren 26an abiarazi dute, sare sozialetan bideoa hedatuz.

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.