Hasiera » Zehaztu gabe » Euskararen arnasguneen erronkak izango dituzte hizpide larunbatean Lakuntzan, mahai-inguruan

Euskararen arnasguneen erronkak izango dituzte hizpide larunbatean Lakuntzan, mahai-inguruan

Nafarroa Oinez Etxarri-Aranatzen izango da aurten, urriaren 8an. Bertako Andra Mari ikastola aspaldidanik ari da egun horretan dena behar bezala atera dadin lanean, baina horrez gain urte osorako ere hainbat ekitaldi antolatu ditu, Nafarroa Oinezen helburuekin bat eginez, euskararen inguruko hausnarketa eta sentsibilizazioa zabaltzeko. Horien artean dago larunbat honetan Lakuntzako Kultur Etxean izango den mahai-ingurua: Euskararen arnasguneen erronkak. Sakanako Mankomunitatearen laguntzarekin, euskara arnasguneetan izaten ari den bilakaera aztertuko dute, eta aurrera egiteko estrategiei begira ere jarriko dira. Alberto Barandiaran euskara teknikariaren gidaritzapean, Gari Goikoetxea UEMAko teknikaria, Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia eta Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria ariko dira solasean, 09:30ean hasita.

UEMAko teknikari Gari Goikoetxearen hitzetan, azken hilabeteotan ezagutarazitako datuek zein azken Inkesta Soziolinguistikoak erakutsi dutenez, “hezkuntzaren ondorioz oro har ezagutzak gora egin duenez, gero eta udalerri euskaldun gehiago ditugu, baina aldi berean euskararen arnasguneak gero eta gutxiago dira eta gero eta erasanagoak daude. Ezagutzari zein erabilerari dagokionez, gainbehera sumatzen da azken urteotan, eta horren arrazoiei begira jarriko gara mahai-inguruan”.
Horrez gain, gainbehera iraultzeko eta euskararen arnasguneei eusteko erronkez, egin beharreko bideaz eta hartu beharreko erabakiez ere jardungo dute.

‘Eman arnasa gureari’ jardunaldia

Euskararen arnasguneen bilakaera eta erronkak aztertzeko mahai-ingurua, goiz osorako antolatu duten jardunaldiaren bi ekitaldietako bat izango da. Zehazki, Eman arnasa gureari izenburupean antolatu dute jardunaldia Etxarri-Aranazko Andra Mari ikastolak, Sakanako Mankomunitateak, Ikastolen Elkartearekin eta Lakuntzako Udalarekin elkarlanean.

Jardunaldiaren bigarren ekitaldia ere mahai-ingurua izango da, eta Nafarroan D eredua arnasberritzen izenburupean, Josu Reparaz, Nora Salbotx eta Agurne Gaubeka ariko dira solasean, IƱigo Orellaren gidaritzapean.

Antolakuntza lanak errazte aldera, bi mahai-inguruetan parte-hartzeko asmoa dutenei aldez aurretik izena ematea gomendatu diete antolatzaileek. Hemen eman daiteke izena: Eman arnasa gureari. Lakuntza, 2023-04-29.

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.