Hasiera » Zehaztu gabe » Inkesta Soziolinguistikoaren arabera, arnasguneen gainbehera ez da eten, eta gainerako udalerri euskaldunetan hobetzen ari da egoera

Inkesta Soziolinguistikoaren arabera, arnasguneen gainbehera ez da eten, eta gainerako udalerri euskaldunetan hobetzen ari da egoera

Euskararen egoerari buruzko azken Inkesta Soziolinguistikoaren emaitzak ezagutarazi dituzte azken asteotan Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Euskararen Erakunde Publikoak, nork bere aldetik. Inkesta Soziolinguistikoa 2021ean egin zuten, eta 2023an eman dituzte datuak. Udalerriz udalerriko daturik ez du biltzen inkesta horrek. Hala ere, ikerketaren garrantzia ikusita, UEMAk Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzarekin adostu du eredu bat udalerri euskaldunetako datuak lortzeko. Zehazki, aztertu da ezagutzari dagokionez zein tartetan dauden udalerri euskaldunak, eta tarte horretan egindako inkestak hartu dira analisiaren oinarri. Euskaldunen ehunekoa %63tik gorakoa duten udalerrien bilakaera aztertu da, udalerri euskaldunak %63-100 tartean daudelako.

Horrela, Inkesta Soziolinguistikotik udalerri euskaldunetako datuak xehetu eta horiei dagokien txostena egin du UEMAk. Euskararen ezagutza, transmisioa, erabilera eta euskararekiko jarrerak aztertuta, emaitzak eta gako nagusiak bildu ditu.

Ezagutzak gora egin du udalerri euskaldunetan, baina beheranzko joera nabarmena da arnasguneetan. Transmisioari dagokionez, berriz, euskara da udalerri euskaldunetako herritar gehienen lehen hizkuntza (% 63), eta etxean ele biak jasotakoak gehituta (% 8), hamarretik zazpi dira. Ehunekoa nabarmen jaitsi da, ordea: 30 urtean 11 puntu egin du behera. Erabilerari begiratuta, berriz, 30 urtean zazpi puntu egin du gora: %58ko erabilera. Eremu formalean egin du batez ere gora erabilerak, eta lantokietan sumatzen da hutsune handiena. Azkenik, euskararekiko jarrerari dagokionez, euskara sustatzearen aldekoak dira udalerri euskaldunetako biztanle gehienak, zazpitik sei. Aurkako jarrera, aldiz, oso bazterrekoa da (% 2). Euskarazko hezkuntza, hamarretik bederatzik babesten dute.

[Udalerri euskaldunetan euskarak 1991tik 2021era izan duen bilakaera aztertu du UEMAk, Inkesta Soziolinguistikoaren datuak xehetuta].

Bost urtean behin egiten duten Inkesta Soziolinguistikoa da euskararen egoerari buruzko azterketa nagusietako bat. Zazpigarren aldiz egin zuten 2021ean, eta ibilbide eta sendotasun handiko ikerketa da. Izan ere, inkestak modua ematen du 30 urteko euskararen bilakaera zein den aztertzeko: 1991-2021.

Euskal Herri osoa aztertzen du Inkesta Soziolinguistikoak, eta lau ildo nagusi ditu oinarri: euskararen ezagutza, transmisioa, erabilera eta jarrerak. 16 urtetik gorako populazioa du aztergai.

Inkestak udalerriz udalerri daturik ematen ez duen arren, ikerketak duen garrantziagatik UEMAk beharrezkoa ikusi du udalerri euskaldunetako datuak xehetzea, eta horretarako eredua adostu du Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzarekin. Eredu horretan oinarrituta egindako ikerketaren emaitza da UEMAk plazaratu duen Inkesta Soziolinguistikoa: udalerri euskaldunak (1991-2021) txostena.

Inkesta Soziolinguistikoak aztertu dituen lau atalak hartu, eta bakoitzaren azterketa egin du UEMAk, udalerri euskaldunei dagozkien datuak erauzita: hizkuntza-gaitasuna, transmisioa, erabilera eta jarrera.

1. HIZKUNTZA-GAITASUNA

Lehen atal honetan, euskarazko gaitasuna da aztergai. Bi aldetatik erreparatu zaio: batetik, ezagutza, euskaraz jakitea; bestetik, gaitasun erlatiboa, elebidunek zein hizkuntzatan egiten duten errazago.

Ezagutzari dagokionez, udalerri euskaldunetako 16 urtetik gorako biztanleen % 76 euskaldunak dira, 2021eko inkestaren arabera. Herritarren % 8 euskaldun hartzaileak dira: euskara ulertzeko gai dira, baina ez daukate hitz egiteko adinako ezagutzarik. Erdaldunak % 15 dira: horiek euskara ez dute ulertu ere egiten. Analisi zehatzagoa egiteko, ordea, bi multzotan bereizi dira udalerri euskaldunak: batetik, laugarren gune soziolinguistikoko udalerriak (euskaldunak % 80tik gora dituztenak); bestetik, hirugarren guneko udalerriak (euskaldunak % 63-80 dituztenak). Ezagutza denez oinarri, aldea dago batetik bestera. Hezkuntzak eta alfabetatzeak eragina izna dute, eta udalerri euskaldunetan gora egin du ezagutzak. Arnasguneetan, ordea, beheranzkoa da joera.

Erraztasun erlatiboari dagokinez, berriz, norabidea argia da: zenbat eta gazteago, euskal elebidunen presentzia handiagoa —adinekoak dira salbuespena—. 35 urte inguruan dago mugarria: hortik behera, hiru euskaldunetik bi euskal elebidunak dira, eta erdal elebidunen presentzia ez da iristen % 10era; kontrara, 50-64 urtekoen artean, euskal elebidunak ez dira gehiengoa, eta erdal elebidun eta orekatu gehiago dago.

Hizkuntza-gaitasuna. Gako nagusiak:

· Ezagutza orokorra. Udalerri euskaldunetan, 16 urte baino gehiagoko biztanleen % 76 dira euskaldunak. Datu hori 1990eko hamarkadakoen parekoa da, nahiz eta azken urteetan gora egin duen. Alde horretatik, Euskal Herriko bilakaeraz bestelakoa daukate udalerri euskaldunek: ezagutza-datuak apalagoak dira Euskal Herrian, baina hamarka hauetan igoera adierazgarria izan dute; udalerri euskaldunetan nabarmen dago hedatuagoa euskararen ezagutza, baina aurrerapen mugatuak izan dira.

· Gune soziolinguistikoak. Udalerri euskaldunen barruan bi dinamika daude ezagutzari dagokionez: laugarren gune soziolinguistikoan behera egin du euskaldunen ehunekoak, eta 2021ekoa 30 urteko datu apalena da; hirugarren gunean, berriz, pixkanaka handitzen ari da ezagutza. Beste ikerketa batzuek erakutsitako bi aldeko txanpona ageri da, hortaz.

· Adina. Zenbat eta gazteago, euskaraz dakitenen portzentaje handiagoa. Euskal Herriko joera orokorra nabari da udalerri euskaldunetan, baina ñabardura handiekin: batetik, Euskal Herrian ez bezala, adinekoetan handiagoa da euskararen ezagutza, helduetan baino; bestetik, adin-talde batzuen eta besteen arteko aldeak txikiagoak dira udalerri euskaldunetan, bereziki laugarren gunean. Adibidez, Euskal Herrian gazteen ezagutza-tasak hirukoiztu egiten du heldu-adinekoena; udalerri euskaldunetako aldea ere nabarmena da (25 puntu), baina ez dago horrelako saltorik. Transmisioaren eta erabilera-aukeren ikuspegitik garrantzitsua da hori.

· Erraztasun erlatiboa. Euskal elebidunak dira udalerri euskaldunetako euskaldun gehienak (% 56): aiseago egiten dute euskaraz. Ez da hori Euskal Herriko euskaldun gehienen profila: erdal elebidunena da soslai ohikoena, eta hedatzen ari da, gainera, bereziki gazteen artean. Udalerri euskaldunetan, ez, euskal elebidun gehien adin-talde gazteenetan dago

2. TRANSMISIOA

Bigarren atalean, euskararen transmisioari erreparatu zaio: udalerri euskaldunetako biztanleek zein hizkuntza jaso duten umetan etxean. Izan ere, ezagutzarekin eta erabilerarekin estu lotuta dagoen aldagaia da hori.

Euskara dute lehen hizkuntza udalerri euskaldunetako biztanle gehienek (% 63). Alde esanguratsua dago, hala ere, gune batetik bestera: laugarren gunean, lautik hiruk dute lehen hizkuntza euskara (% 75), eta hirugarren guneko udalerri euskaldunetan, bostetik hiruk (% 59). Euskara lehen hizkuntza dutenen ehunekoa murriztu egin da hamarkada hauetan: 30 urteren buruan 11 puntu jaitsi da.

Transmisioa. Gako nagusiak:

· Lehen hizkuntza. Euskara da udalerri euskaldunetako herritar gehienen lehen hizkuntza (% 63), eta etxean ele biak jasotakoak gehituta (% 8), hamarretik zazpi dira. Ehunekoa nabarmen jaitsi da, ordea: 30 urtean 11 puntu egin du behera, nahiz eta azken bi inkestetan zertxobait gora egin. Euskal Herrian oro har gertatu da lehen hizkuntzaren jaitsiera, baina bereziki nabari da udalerri euskaldunetan.

· Adina. Gazteenetan eta adinekoetan daude euskara lehen hizkuntza dutenen ehunekorik handienak. Gazteetan, gehiago dira etxean euskara eta erdara, biak jaso dituztenak.

· Euskaldunen lehen hizkuntza. Euskal Herrian aldaketa handia gertatu da euskaldunen profilean: gero eta gehiago dira euskara bigarren hizkuntza gisa jaso dutenak, ia herenak. Udalerri euskaldunetan ere hazi da ehunekoa, batez ere 35 urtetik beherakoen artean.

· Transmisioa. Bi gurasoak euskaldunak direnean, ia erabatekoa da euskararen transmisioa udalerri euskaldunetan; ez orain soilik, aurreko hamarkadetan ere hala izan da. Guraso bakarra denean euskalduna, aldaketak gertatzen dira orduan, batez ere guraso euskalduna aita bada. Edozein kasutan, profil bereko euskaldunen transmisioa aztertuta, udalerri euskaldunetan nabarmen hobeak dira emaitzak; horrek erakusten du inguruak badaukala eragina hizkuntza-transmisioan ere.

3. ERABILERA

Euskararen erabilerari dagokion atalean, bi aldetatik begiratu zaio erabilerari: batetik, erabilera-eremuaren arabera; bestetik, hiztunen ezaugarrien arabera.

Erabilera orokorra kontuan hartuta, euskara da udalerri euskaldunetako herritarren hizkuntza nagusia, alde handiz: % 58k euskara dute hizkuntza nagusia, eta % 13k erdaraz adina egiten dute euskaraz. Herritarren % 30ek egiten du gehienbat erdaraz. Erabileran alde adierazgarria dago laugarren guneko eta hirugarren guneko udalerri euskaldunen artean: 12 puntuko diferentzia. Eremuei dagokienez, lantokietan sumatu da hutsune handiena, eta eremu formalean udal-zerbitzuetan izan da igoera handiena.

Erabilera. Gako nagusiak:

· Erabilera orokorra. Euskara da udalerri euskaldunetako hizkuntza nagusia (% 58). 30 urtean bilakaera positiboa izan du: zazpi puntuko irabazia. Erdararen eta ele bien erabilerak behera egin dute. Udalerri euskaldunetako eta Euskal Herriko datu orokorrak alderatuta, diferentziarik handiena erabileran dago, ezagutzan baino nabarmenagoa.

· Gune soziolinguistikoak. Hirugarren eta laugarren gunearen artean hamabi puntuko aldea dago. Bilakaerari dagokionez, ordea, hirugarren gunea ari da pauso esanguratsuak ematen: 1991n, erdararen erabilera euskararena baino handiagoa zen, eta, orain, euskara dago hogei puntu goitik. Laugarren gunean, egonkor dago euskararen erabilera azken hogei urteotan, baina 1990eko hamarkadaren azpitik.

· Adina. Euskal Herriko joera hau da: zenbat eta gazteago, euskararen erabilera handiagoa. Udalerri euskaldunetan badira ñabardurak: euskara gehien gazteek erabiltzen dute (25-34koek gehiago, 16-24koek baino), eta gutxien, 50-64 urtekoek. Ezagutzak badu zerikusia horretan, baina soilik euskaldunen erabilerari erreparatuta ere gisa berekoa da joera. Aldaketa handia gertatu da hamarkada hauetan: 1991n, zenbat eta helduago, handiagoa zen euskararen erabilera; orain erabat hautsi da hori. Batez ere hirugarren gune soziolinguistikoan gertatu da aldaketa, gazteen eskutik.

· Eremu hurbil eta formala. Erabilerak eremu formalean egin du urratsik handiena: orain hamarkada bat arte, udalerri euskaldunetako etxeetan handiagoa zen euskararen erabilera eremu formalean baino; orain, ez. Eremu formalean erabilera guztiek egin dute gora, eta udaletxekoa da handiena (% 67). Hutsune nagusia lantokietan dago eremu formalean: euskararen erabilera % 51koa da.

· Etxea. Azken urteotan ez da aldaketa handirik gertatu etxeko erabileran (% 57); alde horretatik, geldialdi hori bat dator Euskal Herriko joerarekin. Hala ere, udalerri euskaldunen multzoan bi norabide ageri dira berriz ere: hirugarren gunean, hazkunde apala baina jarraitua du etxeko erabilerak; laugarren gunean, jaitsiera esanguratsua gertatu da etxean, 12 puntukoa. Nolanahi ere, alde nabarmena dago erabileran: laugarren gunean, % 64; hirugarrenean, % 53.

· Euskaldunen erabilera. Hamarkada hauetan gora egin du euskaldunen erabilerak: euskaldunek % 75eko erabilera dute.

4. JARRERA

Azkenik, euskarari buruzko jarrerak aztertu dira: euskara sustatzeari buruzko jarrera, euskara ikastea eta diskriminazio-sentipena.

Oro har, euskara sustatzearen aldeko jarrera dute udalerri euskaldunetako biztanle gehienek, zazpitik seik. Seme-alabentzat hobetsitako hizkuntza-ereduari dagokionez, erabat hedatua dago euskarazkoaren aldeko hautua: hamarretik bederatziren aukera da seme-alabek euskaraz ikastea, gaztelania edo frantsesa ikasgai izanik (% 90). Ele bietako eredua dago bigarren, oso alde handira: % 7k nahi dute. Bukatzeko, euskaldunei eta erdaldunei galdetu zaie inoiz sentitu ote diren diskriminatuta hizkuntzagatik. Euskaldunei dagokienez, bostetik bik adierazi dute diskriminatuta sentitu direla ez dutelako izan aukerarik euskara erabiltzeko (% 41); erdaldunei dagokienez, % 44k esan dute diskriminatuta sentitu direla euskaraz ez jakiteagatik.

Jarrera. Gako nagusiak:

· Sustapena. Euskara sustatzearen aldekoak dira udalerri euskaldunetako biztanle gehienak, zazpitik sei; aurkako jarrera oso bazterrekoa da (% 2). Euskararen ezagutza giltzarria da: euskaldunen % 92k dute aldeko jarrera, eta erdaldunen % 59k.

· Euskara ikastea. Erabat hedatua dago euskarazko hezkuntzaren aldeko hautua: hamarretik bederatzik babestu dute. Ele bietako ereduak bazuen babesa orain hamarkada batzuk, baina erabat bazterreko hautua da orain.

· Diskriminazio-sentimendua. Euskaldunei dagokienez, bostetik bik adierazi dute diskriminazioa sentitu izan dutela ezin izaten dutelako euskaraz jardun. Erdaldunei dagokienez, antzeko portzentajea da euskaraz ez jakiteagatik diskriminatuta sentitu izan direnena.

—————————————————————————————————————–

MATERIAL OSAGARRIA:
· Txostena, osorik (PDFan): Inkesta Soziolinguistikoa. Udalerri euskaldunak (1991-2021).

Gai honi buruzko informazio osagarria:
· Euskararen ezagutzak gora egin du udalerri euskaldunetan, baina beheranzko joera “nabarmena” da arnasguneetan (Europa Press, 2023-04-27).
· Udalerri euskaldunetan euskararen ezagutza hazi egin bada ere, behera egin du arnasguneetan (eitb.eus, 2023-04-27).
· El conocimiento del euskera ha aumentado en los municipios vascos, pero ha descendido en las arnasguneak (eitb.eus, 2023-04-27).
· Arnasguneak, arnasa beharrean (Berria, 2023-04-28).
· «Gainbehera» zantzuak ageri dira arnasguneetako hainbat datutan (Berria, 2023-04-28).
· Garikoitz Goikoetxea: «Ikusten ari gara euskaldunen profila nola ari den aldatzen» (Berria, 2023-04-28).
· Euskararen gainbehera zantzuak ageri dira udalerri euskaldunetan (argia.eus, 2023-04-28).
· Arnasguneen gainbehera ez da eten, eta gainerako udalerri euskaldunetan hobetzen ari da egoera (Hamaika Telebista, 2023-04-28).

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.