Hasiera » Zehaztu gabe » Historia medikoa euskaraz idazteko eskubidea jasotzea eta bermatzea eskatu dio UEMAk Osakidetzari, Aitor Montesi babes osoa adieraztearekin batera

Historia medikoa euskaraz idazteko eskubidea jasotzea eta bermatzea eskatu dio UEMAk Osakidetzari, Aitor Montesi babes osoa adieraztearekin batera

Aitor Montes Osakidetzako sendagileak eta Aramaioko familia medikuak salaketa jarri zuen apirilaren 15ean, bere paziente baten historia medikoan mezuak idatzi dizkiolako hainbat aldiz beste lankide batek, ingelesez, euskara erabiltzeari utz diezaiola eskatuz. Izan ere, Osakidetzan euskara eskubide osoz erabiltzea defendatzen du Montesek, eta euskaraz idatzi ohi du artatzen dituen pazienteen historia medikoetan. Horietako batean, pazientearen osasunarekin loturarik ez duten mezuak idatzi ditu Osakidetzako beste langile batek hiru aldiz, ingelesez, Montesi zuzenduta. Mezuetan, Espainiari eta espainiarrei “gorrotorik” ez erakusteko jartzen du, langile guztiek ez dakitela euskaraz eta gazteleraz aritzeko adieraziz. Mezu horien ondorioz “hertsatua” eta “difamatua” sentitu da Montes, eta agiri ofizialak horrelakoetarako erabiltzea okerra dela argi duenez, salaketa jarri du Bergarako ertzain-etxean.

Salaketa jartzeaz gain, Osakidetzako arduradunei beste behin ere mezu eta jarrera hauen inguruko kezka adierazi die, eta horrelakoak saihesteko irizpideak eskatu ditu. Montesi gertatuak oihartzun zabala izan du sare sozialetan eta euskarazko eta katalanezko hedabideetan.

UEMArentzat Aitor Montesek jasandakoa “jazarpena” da, eta “elkartasuna eta babesa” helarazi nahi izan dizkio UEMAren zuzendaritza batzordeak, bertako kide diren udalerri euskaldunen izenean.

Horretarako, Historia medikoa euskaraz idazteko eta medikuek euskaraz lan egiteko eskubidearen aldeko adierazpena plazaratu du UEMAk, eta bertan bildutakoa eskaera moduan ere helarazi dio Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuari, Rosa Perez Esquerdo Osakidetzako zuzendari nagusiari eta Carlos Barruso Bares Debagoieneko ESIko zuzendari-kudeatzaileari.

UEMAk gogoratu duenez, “euskara da Euskal Herriko berezko hizkuntza eta Euskal Erkidego Autonomoan gaztelaniarekin batera hizkuntza ofiziala. Beraz, bi hizkuntzen erabilera legez babestua dago, eta biei aitortzen zaie balio juridikoa”. Horrela, “euskaraz lan egiteko eskubidea bermatu beharko litzateke” eta, beraz, “euskaraz lan egin nahi izateagatik langile batek jasandako ezein jazarpenen kontra” agertu nahi izan du UËMAk. “Kasu honetan, Aitor Montesek jasandakoa jazarpen gisa ulertzen dugu eta berari gure elkartasuna eta babesa helarazi nahi dizkiogu”.

Horrekin batera, euskaraz lan egin nahi duten medikuei laguntza eta babesa eskaintzea, historia medikoa euskaraz idazteko eskubidea behar bezala jasotzea, eta osasungitzako profesionalei eskubide hori bermatzea ere eskatu die UEMAk Osasun sailari eta Osakidetzari.

Material osagarria:
· Historia medikoa euskaraz idazteko eta medikuek euskaraz lan egiteko eskubidearen aldeko adierazpena (UEMA, 2023-04-24).

Gai honi buruzko informazio osagarria:
· Paziente baten historia medikoan mezuak idatzita «hertsatu» egin dutela salatu du Aitor Montes medikuak (berria.eus, 2023-04-15).
· Euskara erabiltzeagatik jasatako hertsapena salatu du Aitor Montes medikuak (naiz.eus, 2023-04-16).
· Paziente baten informea euskaraz betetzeagatik difamatu dutela salatu du Osakidetzako mediku batek (argia.eus, 2023-04-18).
· Coaccions i amenaces a un metge basc per utilitzar l’euskera als seus informes mèdics (elnacional.cat, 2023-04-18).
· Aitor Montes medikuak salaketa jarri du euskara erabiltzeagatik jasotako mezuengatik (alea.eus, 2023-04-18).
· Coaccionen un metge per fer informes mèdics en basc (diaridelallengua.cat, 2023-04-20).
· “Metéronse no historial clínico dos meus pacientes por usar o euskera” (nosdiario.gal, 2023-04-20).
· Osasun sailburuari gutun irekia (Aitor Montes) (argia.eus, 2023-04-24).
· Un médico de Aramaio denuncia coacciones de un facultativo por escribir en euskera (El Diario Vasco, 2023-04-24).

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.