Hasiera » Zehaztu gabe » “Udaletan eragin handia izan dezakeen sententzia larria da azken hau, eta sendo erantzuteko ordua da”

“Udaletan eragin handia izan dezakeen sententzia larria da azken hau, eta sendo erantzuteko ordua da”

Beste epai larri bat heldu da hizkuntza klausulen kontra: EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ebatzi du arlo publikoan ari diren enpresek ez dutela zertan euskaraz aritu administrazioarekiko harremanetan. Zehazki, kontratu bat irabaziz gero administrazioarekin euskaraz aritu beharra «inposizio bat» dela adierazi du.

Eusko Jaurlaritzak Bizkaiko eskoletarako autobus zerbitzua esleitzeko lehiaketari helegitea jarri zion enpresa batek, deialdian zehazten ziren zenbait baldintzen aurka. Besteak beste, hizkuntza baldintzen aurka. Lehiaketan zehazten zenez, behin kontratua esleituta, enpresa irabazleak administrazioarekin euskaraz jarduteko gaitasuna izan beharko luke. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak autobus-enpresaren helegitea aintzat hartu, eta baldintza horren aurka egin du, inposizioa dela ebatziz.

UEMArentzat benetan larria da epaia. Miren Segurola koordinatzaileak gai horren harira gaur BERRIA egunkariari eskainitako elkarrizketan nabarmendu duenez, epaiak eragin handia izan dezake euskaraz aritzen diren udaletan: “UEMAko kide diren udalek, beste hainbat udalek bezalaxe, euskaraz funtzionatzen dute, eta euskaraz aritzen diren udalek kanpo harremanetan ere euskara erabiltzea sustatzen dugu. Ulertzen dugu herritarrek bezala enpresa pribatuek ere badutela administrazioarekin, eta gure kasuan, udalekin beraiek aukeratutako hizkuntzan aritzeko eskubidea; baina behin udalak enpresa bat kontratatzen duenean lehiaketa bidez zerbitzu bat esleituta, udalak ezartzen dizkion baldintzak bete behar ditu, baita hizkuntzari dagokionean ere. Kontratua lortu duen enpresa zerbitzu-emaile bihurtzen da, ez erakundearen zerbitzuen hartzaile; eta zerbitzu-emaile den aldetik, betebehar batzuk ditu erakundearekin, eta tartean daude hizkuntza-betekizunak ere. Gainera, EAEko 179/2019 dekretuak 36.7 artikuluan hori horrela egin ahal izatea ahalbideratzen du: kontratua betearazteko baldintzetan entitate kontratatzailearen eta esleipenduaren arteko harremanei buruzko erregulazioa sortu ahalko dela esaten baitu”.

UEMArentzat ez da kasualitatea azkenaldian administrazioak jarritako hizkuntza irizpideen kontrako sententziak ugaritu izana. Miren Segurola koordinatzailearen hitzetan, “une oso berezi batean datoz erabaki judizial hauek. Administrazioan lanpostu ugari egonkortzen ari dira, eta administrazioan hizkuntzen erabilera arautzeko dekretu berria lantzen ari da Jaurlaritza. Hor eragiteko epaiak ere badira hauek guztiak, hein batean. Beraz, UEMAri kezka handia sortzen dio gaiak”.

Epaien larritasuna ikusita, UEMA saiatuko da juridikoki aurki daitezkeen lege zirrikituen bidez konponbideak bilatzen, “baina egia esan ez dugu gehiegi sinesten horretan. Guk uste dugu Euskal Herrian onar daitezkeela gaur egungoa baino babes sendoagoa eman dezaketen legeak, Galizian edota Katalunian dituztenen antzekoak, administrazioaren arlo batzuetan hizkuntza-eskubideak defendatzeko”. Epaitegietatik heltzen ari den euskararen aurkako oldarraldiari erantzuteko, “Kontseiluak pasa den astean nabarmendu zuen bezala itun politiko eta sozial sendo bat artikulatzea ezinbestekoa izango da, eta UEMA bidelagun izango dute horretan”.

Gai honi buruzko informazio osagarria:
· Beste epai bat hizkuntza klausulen aurka; ebatzi dute “inposizio bat” direla (Berria, 2023-03-29).
· Miren Segurola: «Eragin handia izan dezake; UEMAn udalek euskaraz jarduten dute» (Berria, 2023-03-29).
· Eskola garraioari lotutako kontratu bateko hizkuntza eskakizunak “inposizioa” direla ebatzi du epaile batek (eitb.eus, 2023-03-29).
· Epai euskarafobo berria, euskaraz funtzionatu nahi duten instituzio publikoen aurka (argia.eus, 2023-03-29).
· Publikoan ari diren enpresa pribatuei euskara eskatzea «inposizioa» dela dio EAEko Auzitegiak (naiz.eus, 2023-03-29).
· Miren Segurola, UEMA: “Epai honen arabera agian bilera eta komunikazio guztiek gazteleraz izan beharko dute (eitb.eus, 2023-03-29).
· UEMA: “Esta sentencia podría provocar que las comunicaciones y reuniones se tengan que hacer castellano” (eitb.eus, 2023-03-29).
· Itun politiko eta sozial sendo bat euskararen biziberritzearen aurkako olatu erreakzionarioari aurre egiteko (kontseilua.eus, 2023-05-24).

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.