Hasiera » Zehaztu gabe » UEMAk eta Nafarroako Gobernuak hitzarmena sinatu dute lehen aldiz, euskararen erabilera areagotzeko ekimenak bideratzeko

UEMAk eta Nafarroako Gobernuak hitzarmena sinatu dute lehen aldiz, euskararen erabilera areagotzeko ekimenak bideratzeko

· Iraitz Lazkano UEMAko lehendakariak eta Ana Ollo Nafarroko Gobernuko Herritarrekiko Harremanetarako kontseilariak gaur sinatu dute hitzarmena, Euskarabidearen egoitzan egindako agerraldian.

· Urtebeteko iraupena izango du hitzarmenak, eta UEMAko kide diren Nafarroako herrietan bideratuko diren ekimenak 30.000 eurorekin lagunduko ditu Nafarroako Gobernuak.

[Aitor Elexpuru, Iraitz Lazkano, Ana Ollo eta Mikel Arregi, gaur goizean, Iruñean, sinadura ekitaldian].

Euskarabidea Euskararen Nafar Institutuaren egoitzan agerraldia egin dute gaur UEMAk eta Nafarroako Gobernuak hedabideen aurrean. Iraitz Lazkano UEMAko lehendakaria, Ana Ollo Nafarroko Gobernuko Herritarrekiko Harremanetarako kontseilaria, Mikel Arregi Euskarabideko kudeatzaile zuzendaria eta Aitor Elexpuru Berako alkatea eta UEMAren zuzendaritza batzordekidea izan dira agerraldian, bi aldeen artean lehen aldiz gaur bertan sinatu duten hitzarmena aurkezteko eta bertan bildutakoaren nondik norakoak azaltzeko.


Gaur egun, Nafarroako 14 udal dira Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide, eta martxoaren 25az geroztik beste bi gehituko dira zerrendara. Gaur sinatutako hitzarmenak udal horiei guztiei eragiten die, udalerri horietan euskararen erabilera areagotzeko UEMAk abian dituen edota abiaraziko dituen ekimenak lagunduko baititu diruz Nafarroako Gobernuak.

Zehazki, udalerri horietan UEMAk landuko dituen honako ekimenak lagunduko ditu diruz Nafarroako Gobernuak, “gizarte bizitzan eta udalerri euskaldunetan euskararen erabilera bultzatzeko programak garatzeko”, Nafarroan euskararen erabilera sustatu nahian: udaletako euskararen erabilera planak Kemen metodologiaren bidez berritzea; udalerriei euskararen inguruko aholkularitza ematea; udalerrietan kulturartekotasuna garatzeko proiektua; hezitzaileen prestakuntza; udalerriei itzulpen zerbitzua ematea, eta udalerri euskaldunetako gazteak kontzientziatzeko udalekuak.

Hitzarmena gaurtik aurrera izango da indarrean, 2023ko abenduaren 31 arte, eta bertan zehaztutako lanak bideratzeko, Nafarroako Gobernuak 30.000 euroko laguntza emango dio UEMAri. Bi aldeen arteko jarraipen batzordea ere osatuko dute, eta gutxienez bi aldiz bilduko da urtean zehar. Hasieran, lan-programa adosteko, eta urte amaieran egindakoaren balorazioa eta memoria osatzeko.

Orain arteko elkarlana esparru berrietara zabaltzeko aukera

UEMAko lehendakari Iraitz Lazkano pozik agertu da hitzarmenarekin, eta Nafarroako Gobernuari eskerrak eman dizkio, udalerri euskaldunen errealitate soziolinguistikoa aintzat hartu eta horietan eragiteko bidelagun izateagatik. Lazkanok nabarmendu duenez, “UEMArentzat garrantzitsua da Nafarroako Gobernuarekin, eta zehazki Euskarabidearekin, azken urteotan estutu dugun harremana eta elkarlana. Euskararen biziberritzean eta herritarren hizkuntza eskubideen defentsan elkarrekin bidea egiteko oinarriak zehaztu izan ditugu lehendik ere. Azken urteotan, udalerri euskaldunen eta bereziki euskararen arnasguneen garrantzia ikusarazteko hainbat kanpaina eta ekimen bideratu ditugu elkarrekin, eta hitzarmen honek elkarlana beste hainbat esparrutara zabaltzeko aukera ematen dio UEMAri”.


Lazkanok aipatu duenez, “udalak euskalduntzea ezinbestekoa da, herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko, baina udalerrien euskalduntzean ere gero eta gehiago ari gara eragiten, herritar berriak euskaraz eta euskaratik sustraituz edota gazteak kontzientziatuz, inertziatik kontzientziara salto egin dezaten, euskarari eusteko”.

Elkarlana, gainera, ari da emaitzak ematen. Udalerri euskaldunen lurgunea gero eta zabalagoa da, eta horren isla da hilabete honetan bertan Nafarroako beste bi udal gehituko direla UEMAra: Doneztebe eta Arruazu.


Ana Ollo Nafarroko Gobernuko Herritarrekiko Harremanetarako kontseilaria ere pozik agertu da hitzarmenarekin, eta udalerri euskaldunek euskararen biziberritzeari egiten dioten ekarpena nabarmendu nahi izan du. Olloren hitzetan, “Nafarroako Gobernuaren Euskararen Plan Estrategikoaren helburu nagusietako bat da euskararen egoera hobetzea, batez ere udalerri euskaldunetan eta euskararen arnasguneak diren eremuetan hizkuntza horren erabilera indartuz. Nafarroako udalerri euskaldunetan normalean modu naturalean bizi daiteke euskaraz. Udalerri euskaldunetan, belaunaldi batetik bestera transmititzen da euskara, hizkuntza etenik gabe biziberrituz eta herri honen aniztasunari eta kulturari ekarpen garrantzitsua eginez. Horregatik zaindu, babestu eta indartu egin behar ditugu”.

Ollok aipatu duenez, horren harira, “badira urte batzuk UEMArekin zenbait ekimen eta kanpaina egiten ari garenetik. Helburua, beti ere, udalerri euskaldunen eta arnasguneen garrantzia nabarmentzea da, euskarari egiten dioten ekarpena aitortzeko eta erakusteko. Horren berri eman izan diegu, bai udalerri euskaldunetako herritarrei, eta baita gainerakoei ere, dugun aberastasunaren kontzientzia izan dezaten. Orain, hitzarmen honi esker, esparru berrietara zabalduko dugu elkarlana, eta euskarari eusteko eta euskara sustatzeko ezinbestekoak diren alorretan ere jardungo dugu lanean, UEMAren lagutnzari esker”.

Material osagarria:
· UEMAren eta Nafarroako Gobernuaren arteko hitzarmena (PDFa).

Gai honi buruzko informazio osagarria:
· Nafarroako Gobernuak eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak hitzarmena sinatu dute euskararen erabilera sustatzeko (navarra.es, 2023-03-13).
· Uemak eta Nafarroako Gobernuak hitzarmen bat sinatu dute «euskararen erabilera bultzatzeko» (berria.eus, 2023-03-13).
· UEMAk eta Nafarroako Gobernuak hitzarmena sinatu dute lehen aldiz (Europa Press, 2023-03-13).
· Euskararen erabilera sustatuko dute arnasguneetan (euskalerriairratia.eus, 2023-03-13).
· UEMAk eta Nafarroako Gobernuak hitzarmena sinatu dute lehen aldiz, arnasguneetan euskararen erabilera areagotzeko (erran.eus, 2023-03-13).
· UEMAk eta Nafarroako Gobernuak hitzarmena sinatu dute, euskara areagotzeko neurriak bideratzeko (Hamaika Telebista, 2023-03-13).
· «Euskararen erabilera bultzatzeko» egitasmoak eginen dituzte Nafarroan (Berria, 2023-03-14).

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.