Hasiera » Zehaztu gabe » Osasun-arreta ere euskaraz eskatzeko deia egin die UEMAk herritarrei

Osasun-arreta ere euskaraz eskatzeko deia egin die UEMAk herritarrei

Otsailaren amaieran kanpaina abiarazi zuen Osakidetzak, osasun-arreta zein hizkuntzatan jaso nahi duten adieraztera animatuz herritarrak. Horren arabera, herritarrek hautatzen duten hizkuntzan izango dute harremana osasungintzako profesionalekin, eta hautatzen duten hizkuntzan jasoko dituzte gutunak, oharrak eta antzeko jakinarazpenak ere. Orain arte, Osakidetzako erabiltzaileen %77 inguruk adierazi du zein hizkuntzan jaso nahi duen osasun-arreta, eta horietatik %19k adierazi du euskaraz jaso nahi duela.

UEMAko kide diren Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udalerrien kasuan, euskarazko arreta eskatu duten herritarren kopurua hiru aldiz handiagoa da: %60,3, zehazki. Dena dela, bost herritarretik batek ez du Osakidetzarekin aritzeko hizkuntza hautatu oraindik, eta batez ere horiei dei egin nahi die UEMAk, kanpainarekin bat egin dezaten eta osasun-arreta ere euskaraz eska dezaten.

Eusko Jaurlaritzaren hitzetan, Osakidetzak abiarazitako kanpainarekin “asistentzia maila desberdinetan behar diren osasun zerbitzuen euskarazko eskaintza integrala artikulatu ahal izatea” da helburua, batez ere Lehen Mailako Arretan, Arreta Espezializatuan eta Osasun Mentalean.

Euskara lehentasunezko hizkuntza gisa aukeratzen duten herritarren kasuan, asistentzia-aplikazioetako paziente-erregistroan zein bestelako identifikazio-elementuetan, e letra duen ikur urdina agertuko da, Osakidetzarekiko harremanean euskara erabiltzea hautatu dela adieraziz.

UEMA, beste administrazioek udaletan eskaintzen dituzten zerbitzuak euskalduntzeko bidelagun

UEMAk argi du erakunde publikoek eredugarri izan behar dutela euskararen biziberritze prozesuan. Horregatik egiten du lan udalen euskalduntzean, beste administrazioek udaletan dituzten zerbitzuen euskalduntzean, eta udalerrietan euskaraz bizitzeko dauden oztopoak gainditzen, herritarren ahalduntzearekin batera.

UEMArentzat abiapuntua argia da: “Osasun zerbitzua euskaraz jasotzea herritarren eskubidea da eta, beraz, erakunde publikoen betebeharra. Horretarako, ahalik eta herritar gehienek oosasun-arretan ere euskara hautatzea beharrezkoa da oraindik, administrazioa euskalduntzeko lanean urratsak egiten segi dezagun, herritar guztien hizkuntza-eskubideak bermatu arte”.

Material osagarria:
· Hizkuntza-hautua Osakidetzan: UEMAko kide diren herrietako osasun-etxeetako datuak.

————————————————

Gai honi buruzko informazio osagarria:
· Osakidetzak kanpaina bat abiarazi du herritarrak osasun-arreta zein hizkuntzatan jaso nahi duten erregistratzera animatzeko (irekia.eus, 2023-02-27).
· Euskararen erabilera Osakidetzan. · Osakidetzako erabiltzaileen %19ak soilik eskatu du arreta euskaraz jasotzea (argia.eus, 2023-02-28).
· Osakidetzak «modu aktibo eta sistematikoan» eskainiko die euskarazko arreta euskaldunei (berria.eus, 2022-12-12).
· Osasun arreta euskaraz eskatzeko deia egin die UEMAk herritarrei (Europa Press, 2023-03-07).
· Legorretako Udalak bat egiten du UEMAk osasun-arreta ere euskaraz eskatzeko egin duen deialdiarekin (legorreta.eus, 2023-03-21).

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.