Hasiera » Zehaztu gabe » “Epaia larria bezain atzerakoia da, eta ez du gaur egungo legeria betetzen”

“Epaia larria bezain atzerakoia da, eta ez du gaur egungo legeria betetzen”

Gaur jakin denez, EAEko Justizia Auzitegiak ebatzi du legez kanpokoa dela 34 langile publikori euskararen ezagutza eskatzea. Zehazki, Gipuzkoako Foru Aldundiaren menpeko Uliazpi fundazioan 34 lanpostu betetzeko oposizioan euskararen ezagutza aintzat hartzea legez kanpokoa dela iritzi dio auzitegiak, «euskara normalizatzeko plana ezin da lehenetsi oinarrizko eskubideen aurrean», adieraziz. Beste behin ere, lanpostu publiko bat eskuratzeko baldintza euskararen ezagutza izateak enplegu publikorako eskubidea urratzen duela ebatzi du EAEko Auzitegi Nagusiak.

[Lanpostu publiko bat eskuratzeko euskararen ezagutza baldintza izateak enplegu publikorako eskubidea urratzen duela ebatzi du EAEko Auzitegi Nagusiak].

UEMArentzat, epaia larria bezain atzerakoia da, eta ez du betetzen gaur egungo legeria. UEMAko lehendakari Iraitz Lazkanok adierazi duenez, garaiz kanpo eta lekuz kanpo dago epaia. “Debekuen, zigorren eta auzitegien bidez euskaldunak hasiera batean desagerrarazi eta ondoren bigarren mailako herritar izatera kondenatu nahi izan gaituen ikuspegi atzerakoia dario epaiari. Antza denez, zenbait epailek oraindik ez dute ulertu euskara ofiziala dela euskararen lurraldearen zati batean. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, gainera, hizkuntza-politikari eta euskara lehenesteari buruzko lege berriak onartu dira azken urteotan, eta horien aurkakoa da epaia. Ez du 2/2016 legea eta hori garatzeko 179/2019 dekretuan ezarritakoa betetzen, inondik inora ere”.

Lazkanoren hitzetan, “legeak zehazten duen moduan, herri erakundeei euskararen biziberritzean eta euskara lehenesteko garaian eredu izatea dagokigu, eta herritarren eskubideak bermatzeko betebeharra ere badugu. Gipuzkoako Foru Aldundiak, bere zerbitzuak eskaintzen dituen eta herritarrak zeindu behar dituen fundazio baten lan-eskaintzan, ezinbestekoa du euskara eskatzea, herritar horien eskubideak bermatzeko. UEMAtik, beraz, babes osoa adierazi nahi diogu Gipuzkoako Foru Aldundiari, eta euskaldunak bigarren mailakoak nahi gaituzten epaitegien oldarraldiaren aurrean, herritarren eskubideen defentsan bidelagun izango gaituela adierazi nahi dugu”.

Gai honi buruzko informazio osagarria:
· EAEko Justizia Auzitegiak ebatzi du legez kanpokoa dela 34 langile publikori euskararen ezagutza eskatzea (berria.eus, 2023-03-01).
· 34 zaintzaile publikori oposizioetan euskara eskatzea legez kanpokotzat jo du EAEko Auzitegi Nagusiak (argia.eus, 2023-03-01).
· Uliazpi Fundazioaren lan deialdian euskararen eskakizuna atzera bota du EAEko Auzitegi Nagusiak (naiz.eus, 2023-03-01).

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.