Datorren martxoaren 25a mugarria izango da UEMAren historian. 100 udal izatera iritsiko da, eta behin zenbaki biribil horren langara helduta, ekitaldi handia egingo du Azpeitiko Soreasu Antzokian. Udal horien guztien lana eta udalerri euskaldunen garrantzia ez ezik, euskarari eusteko eta euskara biziberritzeko herri honek egin duen ahalegina ikusaraztea eta omentzea da ekitaldiaren helburua.
Ilaski Serrano eta Antton Telleria kazetariek aurkeztuko dute ekitaldia, eta oholtza gainean zuzenean ariko dira Ines Osinaga eta Estitxu Pinatxo musikariak, Elene Carreto eta Ioar Labat dantzariekin, Jon Maia bertsolari eta musikariarekin edota Imanol Epelde irakasle, musikari eta youtuberrarekin batera, besteak beste.
UEMAren bidelagunak diren heinean, Euskal Herriko erakunde publiko nagusien zein euskalgintzaren ordezkariek ere hartuko dute hitza, eta ikus-entzunezkoak ere ez dira faltako. UEMAren ibilbidea erakutsiko duen dokumental laburraz gain, UEMAren lanaz eta udalerri euskaldunen garrantziaz hitz egingo duten hainbat lagun ere ikusi ahal izango dira pantaila handian.
UEMAko kide diren 100 udaletako alkateak eta zinegotziak ere gonbidatu dira ekitaldira. Izan ere, 100 udal horiei aitortza egitea da ekitaldiaren asmoetako bat, euskararen biziberritzeari egin dioten ekarpenagatik eta herritarren aurrean euskara nabarmentzeko duten konpromisoagatik. UEMAko lehendakari Iraitz Lazkanoren hitzek emango diote amaiera ekitaldiari.
Azpeitiko Soreasu Antzokiak 540 ikuslerentzako lekua du, eta aretoa bete daitekeela aurreikusita, ekitaldira joateko ezinbestekoa da aldez aurretik izena ematea. Horretarako, nahikoa da labur.eus/uema100 helbidera sartzea eta izena ematea.
Ekitaldirako oraindik ia hilabete falta den arren, dagoeneko 150 lagunek eman dute izena. Erakunde publikoetako zein euskalgintzako ordezkaritza zabalari bidali zaio gonbidapena eta, udalen laguntzarekin, baita modu batera edo bestera 100 udal horietan euskararen inguruan lanean aritu diren euskaltzaleei ere. Dagoeneko bertan izango direla berretsi duten gonbidatuek erakusten dute euskal jendartearen ordezkaritza oso zabala bilduko dela martxoaren 25ean UEMAk antolatutako ekitaldian.
Lehenago, UEMAren ezohiko batzar nagusia
Ekitaldia 11:00etan hasiko da, baina lehenago ezohiko batzar nagusia egingo du UEMAk, Soreasu Antzokian bertan, 09:45ean hasita. UEMAko kide diren udaletako alkateek etaordezkariek herri berrien eskaerak onartuko dituzte batzar horretan, eta orduan iritsiko da UEMA 100 udal baino gehiago izatera.
EiTBn zuzenean eta gehigarria BERRIA egunkarian
100 udalen langa UEMArentzat mugarria izango denez, ekitaldia ere horren araberakoa izango da, eta hedabideetan ere izango du isla. EiTBk, esaterako, zuzenean eskainiko du ekitaldia, eta ETBk bereziki landuko du, zenbait saiotan.
Berria egunkariak, bestalde, ekitaldiari buruzko eta UEMA 100 udal baino gehiago izatera iritsi izanari buruzko gehigarri berezia argitaratuko du bezperan, martxoaren 24an.
——————————————————————————————————————-
Sorrera eta lehen urratsak
Udalerri Euskaldunen Mugimendua 1988an sortu zen, Euskal Herrian Euskaraz elkarteak urte hartan udaletan aurkeztu zuen mozio baten inguruan. Mozio hark herri euskaldunetako udalek euskara hutsean lan egitea proposatzen zuen, eta Euskal Herriko 32 udalek onartu zuten. Mozioarekin batera, “Euskararen Erabilpena Normaltzeko Udal Arautegia” onartu zuten, administrazioan eta udalerrietan euskaraz bizitzeko eskubidea bermatzeko eta bitartekoak jartzeko asmoarekin.
Onartutakoa bete nahian hastean, ordea, udal haiek laster konturatu ziren aurrera egin ahal izateko beraien arteko koordinazioa beharrezkoa izango zutela, eta mozioa onartu zuten udaletako batzuk elkartzen hasi ziren. Koordinazioa ez ezik laguntza teknikoa eta juridikoa ere beharko zutela ohartu ziren, eta EKBk (Euskal Kulturaren Batzarrea) eskaini zien hura, horretarako Birreuskalduntzearen Planifikaziorako Zerbitzua (BPZ) sortuz.
Elkartzen hasi ziren udal haiek Udalerri Elebakarrak izena hartu zuten, baina elebakar hitzarekin nahasmena sor zitekeela iritzita eta herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatu nahi zituztela kontuan hartuta, Udalerri Euskaldunak bihurtu ziren.
UEMA: 1991ko maiatzaren 5ean, Aizarnazabalen
Hurrengo pausoa Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea sortzea eta estatutuak onartzea izan zen. 1991ko maiatzaren 5ean Aizarnazabalen Udalerri Euskaldunen Eguna antolatzea erabaki zuten, festa eta aldarrikapena uztartuz, eta UEMA osatu zuten lehen 19 udaletako hautetsiek egun hartan egin zuten bilera eta UEMAren sorrerako batzarra.
Honako 19 udalak izan ziren UEMA sortu zutenak: Abaltzisketa, Aizarnazabal, Altzo, Arbizu, Aulesti, Baliarrain, Dima, Errezil, Etxebarria, Gatika, Ikaztegieta, Leaburu-Txarama, Lizartza, Munitibar, Muxika, Nabarniz, Orendain, Urdiain eta Zaldibia.
Estatutuak onartu ondoren, 1992ko apirilean erregistratu zuten mankomunitatea. Urrats horrekin, hasieran mugimendua zenak izaera juridikoa hartu zuen, eta UEMA udalak biltzen zituen mankomunitatea izanik, erakunde publikoa ere bihurtu zen. Lehenengo 19 udal haiek udalerri txikietakoak ziren, eta ez zuten baliabide handirik, eta UEMA hasi zitzaien udala euskalduntzeko behar zituzten baliabideak eskaintzen eta ematen.
Denborak aurrera egin ahala, udal berriak gehitzen joan ziren, eta arazo administratiboak eta oztopo juridikoak ere heldu ziren. 1995ean Espainiako Epaitegi Gorenak UEMAren estatutuak ez legezkotzat jo zituen, eta mankomunitateak estatutuak berritu eta egokitu behar izan zituen, beti ere hasierako helburuei, funtzionamenduari eta lanari eutsiz.
Oztopoak oztopo, udalak euskalduntzeko borondate irmoa azaldu zuten udalerri euskaldunek, eta helegiteei eta epaiei aurre eginez, euskaraz lanean jarraitzea erabaki zuten.
32 urte bidea zabaltzen
Hasieran dena egiteko aurkitu zuten udalek, eta behar horri erantzun zion UEMAk: inprimakiak, aktak, txostenak, kartelak, errotuluak, irudiak eta abar euskaraz eskainiz. Ordudanik, 32 urteko bidean, eremu instituzionalean, euskalduntzeari dagokionez, erreferentzia bilakatu da UEMA. Izan ere, euskaraz funtziona daitekeela eta funtzionatu nahi dutela erakutsi dute bertako udalek.
Duela zenbait urte, ordea, udalak euskalduntzearekin batera udalerriak euskalduntzea ere giltzarria zela ondorioztatu zuen mankomunitateak, eta horretarako herritarren kontzientziazioan eragitea ezinbestekoa dela ohartuta, hainbat ildo eta zerbitzu berri abiarazi zituen. Besteak beste, eskola guztietarako hezkuntza proiektua, hizkuntza ekologiaren eta euskararen arnasguneei buruzkoa, herritarrak ahalduntzeko tailerrak eta kanpainak, edota zerbitzu sektorea euskalduntzeko baliabideak.
Hasierako 19 udal horiek 97 dira gaur egun. Herri txikiak ez ezik tartean dira Zarautz, Hernani, Tolosa, Bergara, Bermeo, Azpeitia edo Oñati bezalakoak ere. Hurrengo asteotan, gainera, beste zenbait udalek ere UEMAko kide izateko eskaera egingo dute, eta 100 udalerri izatera helduko da UEMA martxoaren 25ean. Guztien artean, zehazki, 315.000 biztanleko lurgunea osatzen dute UEMAn dauden udalerri euskaldunek, eta lurgune honek euskararentzat duen funtzio estrategikoa ikusarazten ere lagundu du UEMAk, euskararen arnasguneak babestuz eta sendotuz.
Arnasguneen garrantzia ikusaraztea eta aitortzea, zehazki, UEMAren oinarrietako bat da. Urte askoan egindako lanak eman du uzta, eta gaur egun euskalgintzak ez ezik erakunde publikoek ere bat egiten dute UEMArekin, arnasguneak euskararen biziberritzean giltzarriak direla nabarmenduz. Martxoaren 25ean ekitaldian izango den ordezkaritza zabala da horren guztiaren isla.
Gaur egungo ildoak eta etorkizuna
UEMAk gaur egun hainbat ildo eta zerbitzu ditu, euskaraz bizi nahi duten udalerrien beharrei erantzuteko. Udalen euskalduntzeaz gain, udalerri euskaldunen zaintza eta garapena, eta bertako herritarren sentsibilizazioa eta ahalduntzea dira nabarmenenak, horietan eragitea euskararen arnasguneei eusteko ezinbestekoa dela iritzita.
Hori guztia herriz herri bideratzeko 15 laguneko lan-talde teknikoa du UEMAk, udal ordezkariek osatutako zuzendaritza batzordeak zehazten dituen ildoei erantzuteko.
———————————————————————————————————-
Gai honi buruzko informazio osagarria:
· ‘Ehun udal eta hamaika gehiago’ ekitaldia egingo du Uemak hilaren 25ean Soreasun (uztarria.eus, 2023-03-01).
· ‘Ehun udal eta hamaika gehiago’ ekitaldia eginen du UEMAk martxoaren 25ean Azpeitian (erran.eus, 2023-03-02).