Hasiera » Zehaztu gabe » Eskola-kirolean euskaraz aritzeko formazioa jaso dute Tolosaldeko hezitzaileek, UEMAren eskutik

Eskola-kirolean euskaraz aritzeko formazioa jaso dute Tolosaldeko hezitzaileek, UEMAren eskutik

Eskola-kiroleko hezitzaile ikastaroa jasotzen ari dira egun hauetan Tolosaldeko eskola-kiroleko 40 bat hezitzaile. Ikastaro horren edukien artean, eskola-kirolean ere euskaraz aritzeko irizpideak aletu dizkiei UEMAk gazteei, gaur goizean Tolosan eskainitako saioan. Entrenatzaile izatetik hezitzaile izateko bidean, euskarak zer garrantzi duen eta aisialdi ez-formalean ere euskarari eusteak haur eta gazteen hizkuntza-ohituretan duen eragina erakutsi nahi izan die UEMAk laster hezitzaile berriak izango direnei.

Aisialditik eskola-kirolera

UEMAk eta Oinherrik aisialdiko hezitzaileentzako tailer bateratua sortu zuten iaz, lehen aldiz, eta herriz herri eskaini zuten udaren atarian, bateko eta besteko udalekuak hasi aurretik. Guztira, udalerri euskaldunetan 40 saio eman zituzten UEMAko teknikariek eta Oinherriko kideek, eta horietan guztietan 644 hezitzailek, begiralek eta aisialdiko taldeen koordinatzailek hartu zuten parte. Besteak beste, udalekuetan eta aisialdiko ekimenetan haur eta gazteekin euskaraz aritzeko hizkuntza irizpideak landu zituzten.

Badira zenbait urte UEMAk, hezkuntza ez-formalean hizkuntza ekologiaren eta euskararen arnasguneen garrantzia nabarmendu nahian udalerri euskaldunetako gazteentzako Salto! udalekuak antolatzen dituela. Iaz ere ere 100 lagunek hartu zuten parte. Topaketen oinarria gazteen artean hizkuntza ohituren inguruko hausnarketa sustatzea eta gazteak kontzientziatzea denez, aisialdiko begiraleei ere soziolinguistika edukien eta beste zenbait gai zehatzen inguruko formazioa eskaintzea ezinbestekoa iruditu zitzaion UEMAri, eta azken urteotan gai horiek landu ditu Salto! topaketetan begirale izan direnekin. Iaz, Oin Herrirekin batera, baita beste ehunka hezitzailerekin ere.

Formazio-saio horiek izandako arrakasta ikusita, eta hizkuntza-ohituretan eragiteko gazteak kontzientziatzea ezinbestekoa dela ohartuta, formazio-saioak beste alor batzuetara zabaltzeko eskaintza egin zien UEMAk udalei, eta horrela heldu da gaur Tolosan emandako saioa.

Eskola-kirolean hezitzaile izango diren Tolosaldeko 40 bat gaztek hiru eguneko formazioa jaso dute, eta horren edukien artean jaso dute euskarari buruzko UEMAren saioa ere. Batez ere Tolosako, Ibarrako, Berastegiko eta Anoetako begirale gazteak dira guztiak.

Eredu, udaletara zein beste arlo batzuetara zabaltzeko

UEMAko hezkuntza teknikarien hitzetan, gaurko saioa eredugarria da, bai udaletara eta baita eskola-kirola ez den beste alor batzuetara zabaltzeko ere. “Udaren atarian ehunka hezitzaile euskararen inguruan formatzea giltzarria izan zen bezala, UEMArentzat oso garrantzitsua da eskola-kirolean eta beste arlo batzuetan jardungo duten begirale, entrenatzaile eta hezitzaileak ere hizkuntza-estrategien inguruan formatzea. Azken batean, begirale bezala haur eta gazteen aurrean rol garrantzitsua jokatzen dutela eta harreman horretan euskaraz aritzeak duen garrantzia ikusarazteko azalpenak eman dizkiegu, udalerri euskaldunetan bizi direnez euskararen egoeraren kontzientzia har dezaten”.

Gai honi buruzko informazio osagarria:
· Aisialdiko ehunka hezitzailek jaso dute UEMAren eta Oinherriren tailer bateratua, herriz herri hasi diren udalekuen atarian (uema.eus, 2022-07-07).
· Eskola-kirolean euskaraz aritzeko formazioa jaso dute Tolosaldeko begirale-hezitzaileek, Uemaren eskutik (ataria.eus, 2023-01-09).

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.