Hasiera » Zehaztu gabe » “Epai hau ez da euskararen aurkakoa soilik. Askoz harago doa”

“Epai hau ez da euskararen aurkakoa soilik. Askoz harago doa”

[Epaiaren arabera, Barakaldoko kultur zerbitzuez arduratzeko enpresa bat kontratatzeko lehiaketan euskara ezin da langileentzako betekizun gisa ezarri].

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Barakaldoko Udalaren aurka argitaratutako ebazpenari larria iritzi dio UEMAk. Zehazki, azpikontratatutako zerbitzuetan gutxieneko euskara maila eskatzearen aurka agertu dira epaileak. Erabaki dute euskara ezin dela langileentzako betekizun gisa ezarri udalerri horretako kultur zerbitzuez arduratzeko enpresa bat kontratatzeko lehiaketan. Egunotan ezagutarazitako ebazpenaren arabera, ezin zaizkie eskakizun berak “inposatu” langile publikoei eta enpresa pribatu bati.

UEMAko lehendakari Iraitz Lazkanok adierazi duenez, “beste behin ere, udalek hizkuntza politikan hartutako erabakien aurkako eraso argia da epaia. Urte berria heldu den arren, urte asko atzera itzularazi nahi gaituena”. Lazkanoren hitzetan, gainera, “epai hau ez da euskararen aurkakoa soilik. Askoz harago doa. EAEko toki erakundeei dagokien 2016ko Udal Legea urratzen du. Lege hark udalei hizkuntza politikan erabakiak hartzeko eskumenak ematen zizkien, eta legea garatzeko 2019ko dekretuak oso argi uzten zituen euskara lehenesteko bideak, arrazoi askorengatik. Badirudi, ordea, lege berrien gainetik pasatu nahi dutela epaileek, edota lege zaharretan geratu, denbora pasatu ez balitz bezala. Askotan aipatzen dugu lege babesa behar duela euskarak, euskararen lurralde osoan. Bada, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, Udal Legeak argi zehaztu zituen udalen eskumenak hizkuntza politikan, eta 2019ko dekretuak ere euskara lehenesteko beharra zehaztu zien udalei, hizkuntzaren normalizazioan urratsik ez egiteko atzerantz”.

UEMAko lehendakariaren hitzetan, zoritxarrez, egoera hau ez da berria. “Oraingoan Barakaldoko Udalaren aurkakoa da epaia, baina UEMAk eta UEMAko kide diren udalek ere ederki ezagutzen dute askotan epaitegietatik ezarri nahi izan den hizkuntza politika, legeak eskubideen gainetik bihurrituz eta erakunde publikoen jarduna mugatuz. Horren aurrean, zalantzarik gabe, udalen eta euskaraz bizitzeko dugun eskubidearen alde lanean jarraituko dugu, ohi bezala”.

Gai honi buruzko informazio osagarria:
· Epaileek ebatzi dute Barakaldoko Udalak ezin diola euskara maila eskatu azpikontrata bati (berria.eus, 2023-01-02).

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.